Hiru ezezaguneko ekuazioa?

Hiru ezezaguneko ekuazioa? –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Testuinguru nahasi edo ilun honetan, non telebista kate edo irrati batzuk bilakatu diren eskuin muturraren bozgorailuak, gardentasun osoz jokatzen dugu Enbatan. Aitor daiteke editoak argitaratu baino zenbait egun lehen idatziak direla; ez zen beraz aldi honetan errex bi hauteskunde itzulien artean publikatuko zen testu bat idaztea. Azpimarratu da Ipar Euskal Herrian kanpaina alaia bizi izan dugula hauteskundeak aitzin, elkar ezagutzen ez zuten jendeak (edo biziki edo ongiegi elkar ezagutzen zutenak ere noski…) elkarlanean arizan direla Fronte herritarraren aldarrikapenak eta proiektuak plazaratzeko. Batzuetan ere ikusten zen, irrien artean, seriostasuna edo larritasuna agertzen zela joan den igandeko emaitzak goaitatzean. Kasu hauetan, Euskal Herrian bereziki, kulturari lotzen gira, arnasari bezala.

Hiru ezezaguneko ekuazioa?

Bururat jin zaizkit Amets Arzallus-ek duela zenbait urte EH Bilduko mitin batean deklamatu zituen hitz liluragarriak. Bere sarreran, hitz hauek botatu zituen: «enea ez da ahots politikoa baina politikak bermatzen ez badu liberazio kulturala, behar bada kulturak bermatu beharko du liberazio politikoa».

Heldu den igandean legebiltzar berri bat martxan jarriko da eta politika egiteko zailtasunak edo tentsioak agertuko dira berdin gure eguneroko bizian. Gure amets gaixtoetan agertzen diren proiekzioak gauzatzen badira, Frantziako Estatua eta Ipar Euskal Herria tunel batean sartuko dira. Kasu horietan, argia igurikatzen da tunelaren bukaeran. Kulturak bermatzen badu beti politika, geste bertsolari bat deitzen dut edito honetara. Jon Maiak argitaratu dituen azken lanetan -Kantu (berri) bat gara- aipatzen ditu bi Euskal Herri: A eta B.

Laburbilduz, A Euskal Herria dugu euskal nortasunari atxikia den eta/edo abertzaletasunari lotua den Euskal Herria. Batzuentzat, egiazko Euskal Herria dugu hau, euskara eta euskal identitatea, baita nazio proiektu bat ere garatzen edo aldarrikatzen dituena.

Euskal Herriko B multzoan, Jon Maia segituz beti, «euskal labela» ez duten gauzak edo jendeak atzematen dira; bertsolariak idazten duen bezala, «Euskal herri hau errepide eta industria orube arteko auzo handietan eta herri populatuetan dago». Iparraldean, gainturismoak edo espekulazioak kostaldeko bizitegi auzoetan metatu dituzten jendeak; biztanle berriak -usu dirudunak- «unibertsalak», euskara eta euskal identitatea arkaismo huts gisa ikusten dituztenak, ez denek beharrik. Agertu dea orain C Ipar Euskal Herririk? Kanpotik etorriak diren jende batzuk baita hemen sortu direnak ere batzen dituena, pentsamendu orokor baten inguruan. Munduak bizitzen dituen erronken aitzinean, hetsi behar dela eta ideia sinple edo sinplistak sinetsi behar direla. Ez pentsa adineko jendeak direnik, atzematen dira ere gazte batzuk, «patria ttipiari» atxikiak eta «patria handia» miresten dutenak.

Euskal Herriko A, B eta C multzoak nahasten dira. Ipar Euskal Herria bilakatu dea hiru ezezaguneko ekuazioa? Ez gara matematika ariketa batean sartuko (gure 4+3=1 problematikak aski buruhauste pausatu ditu jadanik) baina erran dezakegu holako ekuazioak ebazteko, aterabidea munduaren konplexutasunean kokatzen dela. Erantzunak ez dira sinpleak, manikeoak, baina bai aniztasunean atzematen dira. Heldu den igandetik goiti, buruan atxiki eta praktikan gauzatu beharko duguna hori da, irtenbide sinpleenek errexagoak iduri badute ere, konplexutasunean da gakoa.

Hiru ezezaguneko ekuazioa?

Hiru ezezaguneko ekuazioa?  Hiru ezezaguneko ekuazioa?

Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude