2006an baino %73 hipoteka gutxiago sinatzen dira egun
Hego Euskal Herrian, 2015eko lehen hiruhilekoko datuen arabera, etxebizitzek 2.105 euroko prezioa zuten metro karratuko batez beste. Ipar Euskal Herrirako ez dago datu orokorrik, baina batez ere Lapurdiko kostaldearen bueltan, udalerri askotan 3.000 eurotik gorako prezioak daude metro karratuko. Etxebizitza izateko eskubidearen auzia pil-pilean dago azkenaldian Euskal Herrian, eta zifra horiek oso kontuan izatekoak dira eskubide horrek zer oztopo dituen baloratzeko.
Zehazki, Miarritzek ditu Euskal Herriko etxebizitza garestienak, 2015eko lehen hiru hilekoan 4.324 eurotan baitzegoen metro karratua bertan. BAB zonaldea osorik hartuta ere, gure lurraldeko garestiena da. Hego Euskal Herrian Donostia nabarmentzen da, metro karratua ia 3.000 eurotan edukita, eta Getxoko prezioak Bilbokoak baino handiagoak dira (metro karratua 2.663 eurotan dago). Horri lotuta, deigarria da Ezkerraldeko etxebizitzen prezio handia, hango gainbehera ekonomikoa kontuan hartuta: Santurtzin 2.256 eurotan saltzen da metro karratua, eta Portugaleten, 2.036 eurotan.
Barnealdeko hiriburuetan, aldiz, etxebizitzak askoz merkeago daude salgai, hasi Gasteiztik (1.909 euro metro karratuko) eta Maule-Lextarrera (1.471 euro metro karratuko).
Gainera, horiek ez dira inondik inora etxebizitzak gurean izan dituen preziorik garestienak. Batez ere Hego Euskal Herrian, beherakada handia izan da krisia hasi zenetik hona. Herrialdeka, Nafarroa Garaian izan da gainbehera handiena: prezioak laurden bat jaitsi dira, batez beste, 2008ko lehen hiruhilekotik gaur egun arte. Beherakada txikiena izan duen Gipuzkoan ere, ia %13ko jaitsiera izan da. Etxebizitza garestienak dituzten tokietan are gehiago jaitsi da prezioa, hiriburu eta udalerri handietan, batez ere: Tutera (%52,3ko beherakada), Basauri (%46,4), Barakaldo (%42,2), Iruñea (%41,2), Irun (%39,6)…
Hego Euskal Herrian erregistratutako hipoteka kopurua, bestalde, %56 jaitsi zen 2006ko martxotik 2009ko martxora. Kontuan hartuta etxebizitzaren prezioa 2007aren bukaeran hasi zela jaisten, bi fenomenoen datek bat egiten dute. Gainera, etxebizitzaren prezioa gehien igotzen ari zen garaian, hipoteka kopurua baino askoz ere azkarrago igo zen hipoteken guztizko balioa. Gaur egun joera hori nola aldatu den ikusteko, honako datuari erreparatu besterik ez dago: 2006ko martxoan, batez beste 149.000 euroko hipotekak sinatzen ziren; aurtengo martxoan, 114.000 eurokoak. Bestalde, azpimarratzekoa da gaur egun 2006an baino %73 hipoteka gutxiago sinatzen direla.
Informazio gehiago: www.gaindegia.eus