Hilabete baino gutxiago falta da EuskarAbentura 2023 hasteko
Hilabete baino gutxiago falta da EuskarAbentura 2023 hasteko –
Uztailaren 1ean hasiko da EuskarAbenturaren laugarren espedizioa. Euskal Herriko eta diasporako 16 eta 17 urte arteko 125 gaztek Euskararen Lurraldea zeharkatuko dute oinez, uztailaren 31ra arte. Kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna bezalako baloreak indartuko dituzte, euskaratik eta euskaraz, 400 km-tan zehar.
Berrikuntzak
Aurten, diasporako bi gazte izango ditugu gurekin: Valentziakoa (Espainia) bata eta Buenos Airesekoa (Argentina) bestea. 2019an izan genituen azkenekoz diasporako gazteak espedizioan eta gogo itzelak ditugu biekin hilea pasatzeko.
EHU eta Iker-eko ikerlari bana ere ari da gurekin lanean aurten. Gazteen ahoskeraren eboluzioa aztertuko dute Azler Garciak eta Iñigo Urrestarazuk, espedizioan, aurretik eta ostean jasotako datuekin. Horiekin batera, Irati Fernandez euskara teknikariak izango du Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ikerketaren ardura urte honetan; EuskarAbenturak gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina aztertu nahi du lan horrek.
.
Zenbait datu
Nortzuk: Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira gazte parte hartzaileak. Gehiengoa bizkaitarra da, 45 gazte (% 36), gipuzkoarrak 30 dira (% 24), Nafarroatik 26 etorriko dira (% 20,8), Arabatik 12 (% 9,6), Lapurditik 5 (% 4), Behe-Nafarroatik 3 (% 2,4) eta Zuberoatik eta diasporatik bina (% 1,6). Taldearen % 57,6 emakumezkoa da (72 neska), % 41,6 gizonezkoa (52 mutil) eta generoa ez zehaztea nahiago izan duen gazte bat ere badator (% 0,8).
Nondik nora: Oraingoan, 32 herri zeharkatuko ditugu, (400 km oinez!), eta horietatik seik (beltzez markatuta) lehen aldiz ikusiko dute marea laranja! Maule, Pagola, Larzabale, Donibane- Garazi, Xabier, Irunberri, Urrotz, Iruña, Gares, Añana-Gesaltza, Argantzun, Gasteiz, Araia, Zerain, Ataun, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Amaiur, Baiona, Urruña, Donostia, Getaria, Deba, Ekainberri, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Sukarrieta, Bermeo, Bilbo eta Getxo.
Lantaldea: Gazteekin batera, 30 lagunek osatutako lantaldea joango da: 2 koordinatzaile, 10 xerpa (begirale), 4 xerpa laguntzaile, 2 xerpa buru, 3 mediku, 2 erizain, 2 gidari, euskara teknikari 1, 2 argazkilari, kameralari 1 eta komunikazio arduradun 1.
Hilabete baino gutxiago falta da EuskarAbentura 2023 hasteko