Hezkuntzako akordioak izan behar du eskolan inklusioa eta desegregazioa bermatuko dituen oinarria
Hezkuntzako akordioak izan behar du eskolan inklusioa eta desegregazioa bermatuko dituen oinarria –
Euskadiko Hezkuntza Legea: Hezkuntzako akordioak izan behar du eskolan inklusioa eta desegregazioa bermatuko dituen oinarria.
Save the Childrenek balioespen positiboa egin du lege-proiektuan lehen zirriborroarekiko egin diren aurrerapenei dagokienez, eta bere egiten ditu lege-proiektuan ekitateari eta inklusioari lotuta ageri diren helburuak.
Gaur egungo testuak ere ez ditu nahikoa neurri zehazten, hainbat arlotan 2022ko apirileko Hezkuntza Akordioa betetzen dela bermatzeko, hala nola kontzertuen erregimenean, baliabideen esleipenean edo segregaziorik gabeko onarpenean.
2023ko apirilaren 25ean Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege Proiektua onartu ondoren, Save the Childrenek balioespen positiboa egin du lehen zirriborroarekiko egin diren aurrerapenei dagokienez, eta bere egiten ditu lege-proiektuan ekitateari eta inklusioari lotuta ageri diren helburuak. Dena den, uste dugu gaur egungo testuak oraindik ere ez dituela nahikoa neurri zehazten, 2022ko apirilean onartu zen “Euskadiko hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien akordioa” betetzen dela bermatu ahal izateko; eta, Save the Childrenen ustez, akordio hori izan behar du oinarrian legeak.
“Oso positibotzat jotzen dugu, Euskadiko eskola-segregazioaren eta ekitaterik ezaren arazoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak egin duen jauzia, arazoa ukatzetik politikoki onartzera pasatu baita; eta horixe ikusten da testu arauemaile honetan ere. Lehen zirriborro hartatik, hainbat gai txertatu dira, ikusten dugu hori; esate betarako, plaza-erreserba, zaurgarritasun-indizea, tokiko eskolatze-bulegoak sortzeko aukera, gaineskaintzarik gabeko plangintza, kuoten publizitatea edo doakotasuna kontrolatzeko administrazio-unitatea”, adierazi du Charo Arranzek, Euskadiko Save the Childreneko zuzendariak. Horrez gain, lege-proiektua zenbait gaitan oso zehatza bada ere (esate baterako, programa-kontratuek izan behar dituzten atalak zehazterakoan, edo ikastetxeetarako kalitate-zigilu bat sortzeari begira), akordioan funtsezkoak diren beste arlo batzuetan anbiguoa dela dio.
“Gaur egungo lege-proiektuaren printzipio eta asmo horiekin batera, ez da ezarri neurri zehatzik horiek modu eraginkorrean gauzatu daitezen eta legea itunaren mailara irits dadin hainbat arlotan, hala nola kontzertuen erregimenean, baliabideen esleipenean edo segregaziorik gabeko onarpenean. Tresnen eta administrazioari zuzendutako aginduen esparru argi, koherente eta sendo bat finkatuko duen testu bat behar dugu”, ondorioztatu du Álvaro Ferrer, Save the Childreneko hezkuntza-ekitateko espezialista. Save the Childrenen ustez, lege honek 2022ko apirileko Hezkuntza Itun historikoa izan behar du oinarri; Eusko Legebiltzarraren % 91ren babesa izan zuen, hain zuzen, itunak, eta funtsezko ardatzetako bat eskola-segregazioaren aurkako borroka du.
.
Hobetzeko aukerak
Save de Childrenek hobetzekoak diren hamar puntu proposatu ditu, Legebiltzarreko alderdi guztiek kontuan hartu behar lituzketenak, legea, bideratzen denean, Hezkuntza Akordioaren mailara irits dadin:
- Itunpeko ikastetxeak gizarte-interesekotzat hartzeko eta Euskadiko Hezkuntza Zerbitzu Publikoan sartzeko baldintza zehatz eta egiaztagarriak definitzea, eta trantsiziorako epe bat ezartzea, une honetan itunpekoak diren ikastetxeak sistema horretan sartzeko; bide horrek ez du automatikoa izan behar, betebeharrak pixkana betetzeak baldintzatuta egitekoa baizik.
- Hezkuntza-konplexutasunaren indizea (HKI) ikastetxeei baliabideak bereizita esleitzeko bideekin lotzea, behar sozialen arabera, Lege Organikoak eta Legebiltzarraren Akordioak zehazten dutenaren ildotik; eta, aldi berean, konplexutasun handiko ikastetxeen egoera hobetzeko eta zuzentzeko proiektu integraletarako programa-kontratuekin lotzea.
- Ados gaude Euskadiko Hezkuntza Zerbitzu Publikokoak diren itunpeko ikastetxeek programa-kontratua eskuratzearekin, baina ez da argi azaldu oraindik programa-kontratuan datzan tresna hori desorekak konpentsatzeko eta hezkuntza hobetzeko aparteko baliabideak esleitzera bideratu behar dela, Katalunian, Asturiasen edo Galizian egiten den bezala.
- Zaurgarritasun sozioekonomikoko egoeran dauden ikasleen definizio eguneratu eta gardena txertatzea, eskolatze-prozesuei eta baliabideen esleipenari begira horiek errazago identifikatu ahal izateko.
- Irakas-Sistemaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Erakunderen (ISEI-IVEI) zereginen artean, lurralde bakoitzeko egoerari buruzko datuak biltzea, emaitzei, ekitateari, segregazioari, kontzentrazioari eta baliabideei dagokienez, eta ekitate eta inklusiorako behatokia osatzea.
- Nahitaezko agindu bat ezartzea, sailak eskolatze-bulegoak sortu ditzan, udalaren inplikazioa borondatezkoa izan arren. Ez dugu uste udalen inplikazioak espazioak lagatzera mugatu behar duenik, harago joan daitezke.
- Funts publikoekin sostengatutako ikastetxeen benetako doakotasuna eta irabazirik eza kontrolatzeak harago joan behar du, barnean hartuta zerbitzu eta kuoten onarpenak aurretiazkoa izan behar duela, gehienezko prezioak finkatzea eta benetako kostura egokitzea.
- Itunean aurreikusten den bezala, egoera ahulean dauden ikasleek jarduera eta zerbitzu osagarriak eskueran dituztela ziurtatzeko laguntzak berriro txertatzea, kendu egin baitira, eta horien ordez, “ikasleak bete-betean txertatzeko neurri” anbiguo batzuk aipatzen baititu.
- Eskaintzaren plangintza deszentralizatzea, ikastetxe eta eragile guztien erantzunkidetasuna sustatzeko, eskualde edo barrutietan Plangintza Batzordeak sortuz horretarako.
- Gizarte-erakundeak eta gizarte eta hezkuntzakoak, komunitateko eragileak eta hirugarren sektorekoak sarraraztea bai Euskadiko Eskola Kontseiluan eta bai udalerriko eskola-kontseiluetan, hezkuntza-erantzunkidetasunaren, inguruko hezkuntza-proiektu komunitario eta integralen eta hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko harreman estuago baten aldeko apustuarekin bat eginez.
Hezkuntzako akordioak izan behar du eskolan inklusioa eta desegregazioa bermatuko dituen oinarria