Hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetu
Hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetu –
Hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetu.
Hemen eta orain erabakita.
Gaur, hemen gauden sindikatuok bat egin dugu hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzak hobetzeko, babestu behar dugun Hezkuntza Publikoaren aldeko apustua egiteko eta, hainbatetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diogun bezala, Eskola Publikoa erdigunean jarri dezan.
Duela hilabete gutxi batzuetatik hona EAEn Hezkuntza Sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean: Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza Sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hori horrela, mobilizazioak eta grebak deitzea da utzi diguten aukera bakarra.
Gaur aurkezten dugun mobilizazio diseinuak barne hartzen ditu hezkuntza publikoko irakasle, Haurreskola Partzuergoko langile eta Hezkuntza saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboak. Kolektibo horietan guztietan iraungita dauden lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatzeko garaia da.
Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskolak Partzuergokoena berriz 2009tik. Hamabost urte dira. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzerakoan.
Hezkuntza Publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea.
Sektore bakoitzerako baditugu aldarrikapen zehatzak eta propioak baina badira guztientzat amankomunak diren zazpi aldarrikapen nagusi: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatu eta lanpostuak egonkortzea.
Horietaz gain, eskatzen dugu Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.
Horregatik guztiagatik, dokumentua sinatzen dugun sindikatuok honako egunetan langileak deitzen ditugu grebara:
- Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak: urtarrilak 22-23 eta otsailak 26-27.
- Haurreskola Partzuergoko langileak: urtarrilak 28-29 eta otsailak 12-13.
- Sukaldariak eta garbitzaileak: urtarrilak 30-31 eta otsailak 19-20.
Esan moduan, azaldutako aldarrikapenak lortzeko negoziazio erreala gauzatzea dugu helburu. Eta argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzea lortuko dugula, bete ditzagun kaleak gure aldarrikapenekin.
Zergatik ez dituzue langile publikoen lan baldintzak BENETAN hobetuko dituzten eta aldi berean Hezkuntzaren kalitatea askoz gehiago hobetuko luketen neurriak eskatzen?
– Zuzendaritza profesionala, horretarako nahi duten funtzionarioekin, zuzentzeko-agintzeko ahalmenak izango dituena, eta, noski, soldatan merezi duten igoerarekin.
– Hezkuntzari bere benetako funtzioa berreskuratzeko erreforma. Institutuak ez lukete haurtzaindegiak izan behar, ikasteko lekuak baizik. Ikasi nahi ez duen ikaslea ospa, ez egungo aprobatu orokorraren xantaia. Suspentsoak berreskuratzeko aukerak kobratu. Institutura ikastea etorri behar da.
– Irakaslearekiko errespetua eta beste ikaslekiko errespetua berreskuratu. Izorratzera etortzen dena kanpora, etxera; euren gurasoek zuzen diezaiotela jarrera. Ondoren ratioak igo irakasle onekin. Duela 40 urte geletan 35-40 ikasle izaten zen eta klase ematerik zegoen. Gaur egun 20rekin ezin da.
– Sindikatuei diru publikotik sosik ez. Euren militantziaren kuotaz bizi daitezela.
– Irakasle onenak saritu, baita dirutan ere. Txarrek abisua jaso, eta zuzendu ezean, kanpora.
– Gurasoen (gutxi batzurena, jakina) mehatxu eta xantaiak ezin dira onartu. Moztu.
– Kurrikuluma hezkuntza eragile guztiekin adostu eta egonkortu. Ezin dira urtero aldatu, horren hezkuntzaren kalitatean kalte egiten du.
– “kurri digi” eta honelako lan estra luze bezain alferrikakoak aukeran eman edo bestela ordu estrak bezala ordaindu.