Hezkuntza publikoa lehenetsi, pribatizazioari ez
Hezkuntza publikoa lehenetsi, pribatizazioari ez –
Azken egunetan zenbait ikerketa lanek adierazi dutenaren arabera, Euskadiko hezkuntza sistema da estatuan ikasleak, beraien jatorriagatik, gehien segregatzen dituena. Madrilekoarekin batera, EAEko hezkuntza sistema da itundutako eskola pribatu -erlijiosoak ala ez- tasa altuena duena. Aldagai horrek eragin zuzena du segregazio tasan. Estatuko tasa altuenetarikoa izateaz gain, Europako itundutako zentro pribatuen tasarik altuenetakoa du EAEk.
Bada, hori horrela da Eusko Jaurlaritzan izan diren gobernu guztiek, EAJ edo PSE buru izan, eskola pribatuaren aldeko apustua eta politikak bultzatu dituztelako izan da. Gurasoen eskola hautatze sasi-askatasunean oinarrituta, eskola pribatuari alfonbra gorria ipini diote gobernu guztiek.
Eta, horretarako, hainbat tresna, trikimailu edota mekanismo erabili dituzte gobernu horiek. Ikastetxeen planifikazioa eta ikasleen matrikulazio prozesua, adibidez. Hain zuzen ere, gain-matrikulazioa. Ohikoa bihurtu da ikastetxe pribatuek administrazioak etapa batean baimendutako gela kopurua baino gehiago planifikatzea eta Lakuako ikastetxeen zuzendaritzatik ituntzen bukatzea lege-esparrutik kanpo. Baimendutakoak baino ikasle gehiagoren matrikulazioa onartzea dakar horrek. Hori guztia hezkuntza administrazioaren oniritziarekin. Hori horrela gertatzen ari dela baieztatzen duten dozenaka kasu daude EAEn, eta STEILASek auzitara eraman du horietako bat.
Matrikulazio prozesua baldintzatzen duen beste aldagaietako bat ikastetxe pribatuetan edo haiei atxikitutako haur eskola pribatuetan Haur Hezkuntzako 1.go zikloan matrikulatutako haurrei ikastetxean bertan eskola ibilbidea egitea bermatzen zaiela da, haurreskola publikoetan matrikulatutako haurrek Hezkuntza Sailak berak ezarritako onarpen-prozesuan parte hartu behar duten bitartean. Horrela “familiek duten ikastetxea aukeratzeko eskubideaz” baliatuta sare pribatuan eskainitako ziklo guztiz pribatu batek, zeinetan publikoak dituen baldintzak zertan bete behar ez diren, sarbide zuzena ematen die geroago itunduta eskainiko zaien hezkuntza zerbitzura sarbide iruzurti baten bidez. EAEko auzo eta udalerri guztietan gertatzen da hori, berdintasunean eman beharko litzatekeen prozesua izan beharrean.
Hortaz, Haur hezkuntzako lehen zikloan hasten da pribatizazio prozesua. Kasu askotan, auzoko, herriko… haurreskola publikoan plaza hutsak dauden bitartean diru-laguntza publikoak ematen zaizkio alboan dagoen eskola pribatuari, zerbitzua bikoiztuz, garestituz eta alferrikako soberakina eraginez. Gainera zenbait herritan, udalak zerbitzu horren kudeaketa lehiaketa publikoen bitartez esleitzen du eta zerbitzua esku pribatuetan geratzen da. Horrela, hezkuntza merkantilizatu besterik ez da egiten, diru publikoa enpresa pribatuetara bideratuz.
Haur Hezkuntzako lehen zikloan hasten den hezkuntzaren pribatizazio prozesua unibertsitatean amaitu eta, bertan, gailurra jotzen du. Ondo hornitutako UPV-EHU indartsua izan beharrean, nahitaezkoak beharko luketen baliabideez hornitu beharrean, EAJko agintariek -PSEren oniritziarekin- “Euskal Ekosistema Unibertsitarioa” asmatu dute unibertsitate publiko eta pribatuen arteko trataera berdintzeko. Hori gutxi balitz, Gasteizen beste behin diru publikoz babestuta egongo den beste hezkuntza negozio pribatu ganoragabe bat bultzatuko dute gure agintariek, EUNEIZ unibertsitatea alajaina. Horrek UPV-EHU ahuldu egingo du, agintarien babes osoarekin.
STEILASek urteak daramatza EAEko hezkuntza sisteman logika merkantilistei erantzuten dioten ikastetxe eta unibertsitateen artean dagoen lehia eta pribatizazioa salatzen, argi baitauka hezkuntza sistema dual horrek eskola-bereizketa areagotu eta gizarte-kohesioan arrakala eragiten duela. Garbi dugu ez dugula horrelako jendarte bat behar, nahi ezta merezi ere.
Osasun egoerak argi utzi du osasun publikoa, hezkuntza publikoa eta zaintza publikoak ezinbestekoak direla pertsonen ongizatea eta bizitzak babesteko.
Hori izan beharko litzateke jarraituko beharreko bidea okerrera ez baldin badugu joan nahi.
Hezkuntza publikoa lehenetsi, pribatizazioari ez
Bai, salatzen dituzuen hainbatetan ez zaizue arrazoirik falta. Baina bitxia da nola berdintzen dituzten itundutako ikastetxe guztiak, berdin dizue ikastola den ala erlijiosoa. Eta ez duzue aipatu ere egiten hezkuntza sistema Espainiaren menpekoa dela EAEn eta Nafarroan (hau ere aipatu ere ez), eta doktrinatze nazionalista espainiarra pairatzen dugula, areago eskola “publikoan” ikastoletan baino.
Nik nire seme-alabak euskal eredu batean hezituak izan daitezen nahi dut. Zuek eskaintzen didazuen eredu hori espaniar estatuaren menpe dago. Behingoz, bakean utzi gaitzazue zuen betiko kopla honekin. Betidanik ikastolaren etsaiak izan zarete eta horretan jarraitzen duzue.
Kontuz, tximino! “Segregatzailetzat” seinalatuko zaituzte eta kabiar-ezkerreko “berdinzale” (espainiazale) hauek…
“Osasun egoerak argi utzi du osasun publikoa, hezkuntza publikoa eta zaintza publikoak ezinbestekoak direla pertsonen ongizatea eta bizitzak babesteko”.
Errealitatea eta nahiak nahasten, beste behin ere:
1. Jende askok osasun pribatua kontratatu/erabili du azken urte honetan, zerbitzu publikoaren lehen arretak eta espezialitateek (kirurgiak barne) kolapsatu egin dutelako. Osasun pribatuaren erabiltzaileak sistema publikoan egon balira, ze nolako maila jasoko genuen sistema publikoan jarraitzen dugunok??
2. Hezkuntza pribatua eredugarria izan da langileen txertaketa prozesuan, familia askorentzat ezinbestekoak diren eskolaz kanpoko zerbitzuak (zaintza eta jantokia) segurtasunez eskaintzen, eta gurasoen parte hartzea eta lehen mailako komunikazioa zaintzen. Hezkuntza publikoan gauza bera esan daiteke??
3. Pandemiaren lehen uholdean, nagusien egoitzetan heriotz tasa altuena egoitza publikoetan eman zen. Egoitza publikoak gutxiengoa dira EAE, eta hala ere heriotz tasa handiena bertan eman zen….
14 urtez izan naiz Ikastola bateko kooperatibista. Izan gaitezen zintzoak:
– Ikasleak nahieran onartzen genituen (bai, segregatzaileak ginen) eta langileak nahieran kontratatzen eta kaleratzen ziren.
– Espainiako curriculuma betetzen genuen (beste ikastola guztiek bezala) eta tituluak erregeak sinatzen zituen.
– Ikasleak onartzeko garaian herriko eskola baino aukera gehiago genituen. Nahi beste ikasle onartu genitzakeen -eta nahi beste kalean utzi- . Administrazioak bazekien araua urratzen genuela.
– Irakasle guztien soldata administrazioak ordaintzen zuen eta jasotzen zen gainontzeko diru publikoa ere nahieran erabiltzen genuen, inongo justifikaziorik gabe.
– STEILASek askotan salatu du gure hezkuntza sistema espainiaren menpekoa dela, publikoa zein itundua eta burujabetzaren aldeko ekimen eta mobilizaio guztietan buru-belarri aritu da.
– Ez dut STEILAS Ikastolen etsaien artean kokatzen. Bai, aldiz, pribilegiodun eta segregatzaile diren guztien etsai.
Eta txertaketaren inguruan irakurritako lelokeriaren harira: Ikastetxe pribatuetako langileak administarzio publikoak txertau zituen. Eredugarria izan omen zen. Langile publikoak osasungintza pribatuak, hasiera batean. onodren kolapsatu egin zen. Kaotikoa. Eta zuk, Galipotak, egoera hori erabiltzen duzu, pribatua eta haren beharra defendatzeko.
Nineu: ados nago zuk esandako guztiarekin, eta ez dut uste nik esandakoarekin bateraezina denik.
Nire argudioa gauza publikoaren ustezko eredigarritasunaren inguruan zen, askotan publikoa goraipatzen da eta pribatua mespresatzen da. Nire puntua: publikoak ez du hain ondo funtzionatzen, beharrezkoa bada ere, eta pribatuak ez du hain gaizki egiten, eta beharrezkoa dela ere noizbait aitortu beharko da. Hori bai: eremu publikoan zein pribatuan gabezia eta irregulartasun handiak daude, konpondu beharrezkoak, eta konponketa askotan ez datza diru ala debeku gehiago sartzean.