Hezkuntza Legearen proiektuak ez du emendakinik behar
Hezkuntza Legearen proiektuak ez du emendakinik behar –
Udazken honetan Legebiltzarrean eztabaidagai izango den hezkuntza Legearen Proiektuak ez du emendakinen beharrik, erretiratua behar du izan. Proiektua pribatizatzailea da eta ez du konpondu nahi sistemaren arazo nagusiena (duala izatearen ondorioz, segregazio sortzaile etengabekoa izatea). Hau, horrela da, lege-proiektuaren ildo ideologikoak bi ekuazio faltsu dituelako oinarri.
Lehenengo ekuazio faltsua: zerbitzu publikoa eskaintzen duen oro publikotzat hartu behar da, eta finantzaziorako eskubidea du baldintza batzuk betez gero
Hezkuntza-Legearen Proiektu honek Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko berri bat bultzatu nahi du, “ikastetxe publikoen eta pribatu itunpekoen bidez gauzatzen dena, lege honetan eta beronen erregelamendu bidezko garapenean ezarritako betekizunen bitartez”. Eta gaineratzen du: “Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxeak oso-osorik finantzatuko dira”. Eta zeintzuk dira betekizun horiek zerbitzu horren parte izan eta %100ean finantzatuak izateko? Proiektuan ez da bat ere zehazten. Baldintzarik ez dago, EHZPren parte izateko printzipioak hain dira lausoak, praktikan ituntze unibertsala betikotuko dela, euskaldundu ez eta adoktrinatzen duten ikastetxeak barne.
Sare kontzertatuak ez ditu inoiz Hezkuntza Itunei buruzko araudiak zerrendatzen dituen baldintzak bete, ez kuotei, ez ikasleen sarbideari, ez laikotasunari dagokienez. 1987tik, doakotasunaren eta laikotasunaren printzipioak bete gabe. Beteko al dute orain?
Hezkuntza legearen proiektua bi sareak osagarriak direla dioen tesian oinarritzen da, biek zerbitzu publiko bat eskaintzen dutelako. Horrela, publikoa dena pribatuarekin berdintzen du (“Hay que dar un salto más allá de lo que pueda ser lo público y lo privado”. Jokin Bildarratz, 2022ko otsaila, Onda Cero). Sare pribatuaren errebindikazio historikoa jasotzen du lege proiektu honek, lege pribatizatzailea bihurtuz. Etsigarria da ezkerreko alderdiek “zerbitzu publiko” horren tesia bere egiten dutela ikustea.
Guk argi dugu, %100eko finantzazioa nahi duen ikastetxeak publifikatu egin behar duela.
Bigarren ekuazio faltsua: ikastetxe kontzertatuak doakoak izanda, eskola-segregazioarekin bukatuko da
Bigarren ekuazioak dio itunpeko ikastetxeen doakotasunaren bidez, automatikoki inklusioa etorriko litzatekeela, ikasle guztiek edozein ikastetxe publiko edo pribatutan matrikulatzeko aukera izango luketelako eta, horrela, gure hezkuntza-sistema dualak sortzen duen eskola-segregazioaren indizea murriztuko litzatekeelako. Hartara, lege-proiektu hau defendatzen duten alderdiek itunpeko irakaskuntzaren eskaera historikoa erosten dute, hau da, sare pribatua ezin dela doakoa izan finantzaketa nahikorik ez duelako, eta uste dute segregazioa gertatzen dela familia behartsuenak ez direlako zentro horietara joaten beren kuotei aurre egin ezin dietelako. Behin doakoak izanda, joango lirateke, eta akabo arazoa. Erraza, ezta?
Baina itunpeko ikastetxeak ez dira inoiz doakoak izango, hori beren nortasunaren eta sare publikoarekiko bereizteko beharraren aurka doalako. Merkatuak agintzen du eta horren menpe daude. Irakaskuntza pribatuko patronalen adierazpenak argiak izan dira: “Euskadiko itunpeko ikastetxeek 1.500 euro gehiago eskatzen dizkiote ikasle bakoitzeko Hezkuntzari kuotak kentzeko” “ikastolek, finantzazioa ziurtatzeko, beharrezko kuotak mantendu beharko dituzte”. Eta, hala adierazi zuen Bildarratz sailburuak: “los centros concertados no podrán cobrar ninguna cuota que nosotros financiemos, pero sí podrán cobrar cuestiones en las que no entramos, pero sí regularemos” Hau da, hezkuntzako beste “zerbitzu” batzuengatik kobratzen jarraituko da. Adierazpen hauek agerian uzten dute itunpeko ikastetxeek doakoak ez izaten jarraituko dutela orain arte bezala eta ezkutuan kobratuko dutela autofinantzatzen jarraitzeko, eta ordaindu ezin duten familiak kanpoan uzteko. Kontrakoa pentsatzea inozokeria edo konplizitatea da Lege-proiektua defendatzen dutenen aldetik.
Ez, inoiz ikusiko ez dugun doakotasun hori balego ere, ez litzateke eskola-segregazioaren arazoa konponduko, familia asko zentro horietara joateko oztopatzen duten beste faktore batzuk daudelako (gizarte arlokoak, jarduerengatiko ordainketa etengabeak, ikastetxearen konfesionaltasuna…). Segregazioarekin amaitzeko, itunpeko ikastetxeen doakotasuna planteatzea neurri gisa sinplista bezain faltsua da, ez du Katalunian funtzionatu, (hortik inportatu da ideia), eta ez du funtzionatuko EAEn, sintomari heltzen zaiolako, eta ez segregazioaren kausari, sare pribatuaren proportzio izugarriari, hain zuzen.
Bi ekuazio faltsu hauen gainean eraiki nahi da datozen 30 urteetarako indarrean izango den hezkuntza legea. Beste 30 urteetarako iruzurra sartu eskoletan. Orain arte bezala, desorekan oinarritutako sistema dualari eusteko legea ezarri nahi digute, sare publikoa bazterrean utzi eta sare pribatua diru publikoz bete. Horregatik esaten dugu proiektu honek ez duela emendakinik behar eta erretiratua behar duela izan.
Hezkuntza Legearen proiektuak ez du emendakinik behar