Hezkuntza Legea: errotondan biraka
EAJk, EH-Bilduk eta PSE-EEk hizkuntzen trataera hitzartu dute, orain bi hilabete adostutako terminoetan, PSE-EEk ez baititu aldatu nahi izan hizkuntzei buruzko artikuluak, hitzaurrea aldatu da bakarrik. Adostutakoaren arabera, eskola bakoitzak bere hizkuntza plana egin beharko du ikasle guztiek B2 maila izan dezaten, euskaraz zein gazteleraz.
Indarrean den araudiak jadanik badio ikasle guztiek euskararen ezagutza nahikoa izan behar dutela ikasketak amaitzean. Zein neurri hartu ditu Eusko Jaurlaritzak agindu hori betearazteko? Lege berriak helburuak betetzen ez direnerako aurreikusten dituen neurri berberak: bat ere ez. Ondorioz, eskola bakoitzak hizkuntzen trataera nahi bezala egiten jarraituko du, eta ikasle asko euskararen ezagutzarik gabe utziko ditu. Hori baita PSE-EEk defendatzen duena eta beste alderdiek onartutakoa. Are okerrago, ikastetxe askotan gaztelaniazko eta ingelerazko irakasorduak handitzeko aukera zabalduko da, euskararekin batera hirurak izango baitira irakas hizkuntzak, egungo D ereduaren kaltetan. Gaztelaniak ez du irakastordu gehiagorik behar bere ezagutza bermatzeko, ikasle guztiek eredu guztietan jadanik bermatuta baitute. Euskarak behar ditu irakastordu gehiago, eta ordu horiek ez emateaz gain, kentzeko aukera ere badago.
Hitzaurrean hizkuntza ereduei eutsiko dietela adierazteak, aurretik bagenekiena berretsi besterik ez du egiten. Eskoletako hizkuntza planak aitzakia dira egungo hizkuntzen ereduari eusteko; eskolen autonomiaren atzean ezkutatuko da Eusko Jaurlaritza aurrerantzean. Iraganean bezala, etorkizunean ere, euskararen normalizazioarekin konpromisoa duten eskoletan plangintzak egingo dira bi hizkuntzen ezagutza bermatzeko, eta horretarako borondaterik ez dagoen tokietan ez. Horregatik, alderdi politiko guztiek uko egin zioten hasieratik bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzen duen euskarazko murgiltze ereduari, ez dagoelako ezagutza hori bermatzeko benetako borondaterik.
EAEko hezkuntza sistema ezaugarritzen duten bestelako elementu nagusiak ere aldatu gabe geratuko dira, legea horretarako onartuko dutelako, funtsezkoa alda ez dadin.
Legearen eztabaida egin aurretik, ELAn hausnarketa errealista egin genuen. Jakin badakigu ezinezkoa dela epe laburrean erabateko aldaketa lortzea, baina epe laburrean aldaketa bidean jarri daiteke hezkuntza sistema, horretarako borondatea badago.
Aldaketak zein norabidetan? Gaztelaniaren ezagutza bermatzen duen sistema batetik euskararen ezagutza ere bermatze bidean ipini behar dugu; hiru saretan banatutako sistema batetik erabat publikoa izango den sistema bakarrera jo; Espainiak inposatutako eta enpresen zerbitzura dagoen kurrikuluma alboratu, eta euskal gizartean eraikia, Euskal Herria ardatz duena eta euskal langileriaren aldeko kurrikuluma behar dugu; hezkuntza komunitatearen autoantolakuntzarako espazio zabalak nahi ditugu, beti ere gizarte kohesiorako oinarrizko elementuak bermatzeko kontrol eraginkorrak ezarrita; gizarteko ezberdintasun sozialak orekatuko dituen hezkuntza izan behar dugu helburu; ikasle tipologia guztien banaketa orekatua lortuko duena; eta langile nahikorekin, lan baldintza egoki eta egonkorrekin.
Hezkuntza legeak ez du norabide horretan urratsik egingo. Eusko Jaurlaritzaren helburua baita gizartean segregazioaren eta euskalduntzearen kontura zegoen kezka soziala isilaraztea, egungo hezkuntza sistema finkatuko duen legea onartzeko. Errotondan buelta bat ematera gonbidatu gaituzte, irten puntura iristeko. Horregatik diogu hitzaurrearen aldaketak ez duela ezer aldatu, aurretik hainbatek esadakoa argitu besterik ez du egin.
Legeak artikulu asko ditu, baina Eneko Anduezaren hitzekin labur daiteke: “Hezkuntza Legeak jaso behar du hizkuntza ereduak mantenduko direla. Hortik ez gara mugituko” . Hizkuntza ereduak ez ezik, hezkunza eredua bere osotasunean mantentzea erabaki dute, hortik ez dira mugituko.
Mugitzen ez dena mugiarazi beharra dago, ordea. Horregatik, ELAk mobilizazioak deitzen jarraituko du, hezkuntzako langileen lan baldintzak etahezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, eta amesten dugun hezkuntza sistema aldarrikatzeko. Errotondek badute arazo bat, irteera bakarra eskumaldera dutela; guk ezkerrera begira jarriko dugu.