Hezkuntza komunitatearen aurkako lardaskeria juridiko gehiagorik ez
Hezkuntza komunitatearen aurkako lardaskeria juridiko gehiagorik ez –
HEZKUNTZA KOMUNITATEAREN AURKAKO LARDASKERIA JURIDIKO GEHIAGORIK EZ
Iaz, Nafarroako hezkuntza publikoko beste sindikatuekin batera behin baino gehiagotan salatu genuen jardunaldiak arautzen zituen foru agindua mahai sektorialean egiazko negoziaziorik gabe inposatu zitzaigula. Gainera, artikulu batzuk indarrean dauden hezkuntza lege eta araudiekin bat egiten ez zutela ikusita, iazko abenduan artikulu batzuei helegitea jartzea erabaki genuen.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren (hemendik aurrera NJAN) epaia irailean iritsi da, 2024-25 ikasturtea hasi ondoren eta ikastetxeetako prozesuak eta bide administratiboa amaituta. NJANk aintzat hartu du STEILASen helegitea eta baliogabetu egin ditu 106/2023 Foru Aginduaren 12.7, 13 eta 14.1 artikuluak eta hirugarren xedapen gehigarria, ez datozelako bat indarrean dauden hezkuntza legeekin, eta aukera eman dio Hezkuntza Departamentuari hilabeteko epean errekurtsoa jartzeko edo Foru Agindu hau berridazteko.
Goian aipatutako puntuek garrantzi berezia duten hiru gairi eragiten die funtsean:
- Hirugarren xedapen gehigarriak, eztabaidagai zen lanaldi motarekin lotura zuzenik izan gabe eta ia oharkabean, egunean zuzeneko irakaskuntza ordu bat gehiago ahalbidetzen zuen, baliabide ekonomiko ez pertsonalik gehitu gabe. Argi dugu irakasleen aurkako murrizketa bat geldiarazi dugula.
- Errekurritutako beste artikulu batek irakasleen klaustroari egindako kontsulta “ez loteslea” zela adierazten zuen. Epaiaren arabera, organo horrek erabakitzeko eskumena izan behar du ikastetxe eta ordutegiari buruzko gai garrantzitsuetan.
- Azkenik, foru aginduak jasotzen zuen jardunaldi zatitua ez zen beste jardunaldi baten aldeko bozka erroldaren 3/5etara heltzen ez zen kasuetan, prozesua bukatutzat ematen zela. Horrela, hainbat Eskola Kontseiluri hezkuntza komunitatearentzat garrantzi handikoak diren gaietan erabakitzeko ahalmena ebatsi zitzaion. Beraz, Hezkuntza Departamentuak Lege Organiko bat urratu zuen, ikastetxe horietan bozketa prozesuak geldiarazi baitzituen.
STEILASen Nafarroako irakasleon lorpentzat jotzen dugu NJANren epai honen ebazpena. Alde batetik, eskola jardunaldiari buruzko araudietan ezkutuko murrizketak geldiaraztea lortu dugulako; bestetik, Klaustroari berea zen hitza eta erabakitze ahalmena aitortu dizkiogulako; eta azkenik onartzen duelako ikastetxeetako Eskola Kontseilua dela, azken batean, hezkuntza komunitatearen organo gorena, garrantzi bereziko prozesuak bertan jorratu behar direlako.
Epaia, lehen esan bezala, oraindik ez da irmoa, eta Departamentuak aurreratu du helegitea aurkeztuko duela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, Departamentuak akats larria egin du maila altuagoko oinarrizko legeen aurka arautzean, horiek irakasleen kalterako direlako eta hezkuntza komunitatearen erabakitze ahalmena gutxiesten baitute. Hori dela eta, tamalgarritzat jotzen dugu gobernu ustez aurrerakoi honek jarrera harroputz horri eustea eta nafar guztiok ordaindutako kostei aurre egin behar izatea.
Gure ustez, bada garaia Departamentua berriro ere eser dadin Nafarroako irakasleon ordezkariekin negoziatzera, eta iaz hezkuntza komunitate osoari egindako azken kontsultaren emaitzak ikusita (familia bozkadunen % 85,13k aldaketaren alde egin zuten), familienganako gutxieneko enpatia izan eta lehenbailehen lardaskeria juridiko hau konpon dezan.
Bada garaia akatsa onartu eta benetako negoziazio bati ekiteko.