Hezkuntza huts
Hezkuntza huts
Ez gara ez prentsaurrekoetara joan zaleak, aspaldi galdu genuen ohitura. Baliabideetan aberats ez garelako, batetik, eta gero eta zentzu gutxiago dutelako, bestetik. Gurean, gainera, prentsa oharrak gorroto dituenik ere bada, egia osoa esaterik badago.
Baina asteon deialdi batean izan naiz, Guraso Elkarteak helarazi didan eskari bati erantzunda; eta kazetari baino guraso naizen aldetik, eskolak deitutako agerraldira gerturatu naiz.
Bertan, Donostialdeko eskola publikoetako zuzendariek beraien kezka plazaratu dute, urtero pairatzen dituzten murrizketak direla-eta, modu egokian lan egiteko baliabide nahikorik ez dutelakoan. Guraso talde bat batu gara deialdira, geure babesa agertzera.
.
Beste aldean
Koldo Mitxelenara heldu eta, prentsaurrekoa atondu bitartean, tripodea zabaldu eta piztu dut badaezpada aldean neraman bideokamera. Argazki Press-eko fotografoa da deialdiari erantzun dion bakarra, eta adarra jo die agerraldia deitu dutenei, Athletic-eko emakumeen prentsaurrekoa gogora ekarrita. Orduko hartan, honezkero jakingo duzuenez, ez zen kazetari bat bera ere agertu deialdira.
Joan da argazkilaria, eta norbaitek nigan erreparatu du orduan: —Eta zu, zein komunikabidetik zatoz? itaundu dit. —Ez, ez, gurasoa naiz neu ere, saiatu naiz izkin egiten. Baina gure eskolako zuzendariak, antza, badaki zertan nabilen; —ZUZEUn argitaratuko duzu, bai? esanda zarratu dit ihesbidea. Oholtza gainera bildutako hogei lagun inguruk babestuta, agiria irakurri dute gero. Aretoko aulki ilara luzea dute aurrean, huts-hutsik. Ertz batean nago ni.
Gure seinen hezkuntzaz dabiltza berbetan. Eta nori inporta? Eskolak ez bada, heziko dizkigu Tito Yayok!
Eskoletako zuzendarien (eta gurasoen) agerpena:
“Kezka sortu digu datorren urterako Hezkuntza Sailetik bidali diguten Lanpostu zerrendak.
Eskola publikoak dituen erronkak handiak dira eta gu horiek erdiesten saiatzen gara gure egunerokotasunean. Hala ere, ezinezkoa zaigu erronka hauei modu egokian aurre egitea ikastetxeetara heldutako baliabideak ez dutelako bat egiten bizi dugun errealitatearekin.
Irizpide argiak jarraituz lan egingo duen talde egonkorra behar dugu ikastetxeetan. Gaur egun, gero eta murritzagoa da talde hau eta behin-behinekotasun handiarekin egiten dugu lan. Baldintza hobeak behar ditugu ikastetxeetan ikasleak modu egokian artatzeko.
Azken finean, erakunde publikoek irakaskuntza publikoa benetan zaintzea da eskatzen duguna”.
AGIRI OSOA