Hezkuntza Departamentuak gure seme-alabei dagokien bikoizketa gela ukatu die
Hezkuntza Departamentuak gure seme-alabei dagokien bikoizketa gela ukatu die –
Gutun honen bitartez, Andra Mari Ikastolako LH 2. mailako gurasook gure seme-alaben egoera ezagutzera eman nahi dizuegu. Hezkuntza Departamentuak ez du bere eginkizuna bete, gure haurren gelaren bikoizketa ukatu du, eta sentitzen dugun babes falta, kezka eta ezinegona zuekin partekatu nahi ditugu.
LH 1. maila 25 ikaslerekin amaitu zuten, ratio ofizialaren mugan. LH 2. mailara igarotzean 26 ikasle ziren, ratioa gainditzen. Eta gainera, 2. mailarako aurrematrikulazio epean 2 eskari berri izan ziren, Hezkuntza departamentuak ukatu zituenak, eta bi familia ikastolan ikasteko aukerarik gabe gelditu ziren. Hau guztia dela eta, Andra Mari Ikastolak gela bikoizteko eskaria egin zuen iazko urtarrilean, indarrean dagoen legedian eta Ikastolak Hezkuntza Departamentuarekin duen hitzarmenean oinarrituz, horixe dagokigulako. Bertan, Ikastolak LHn 11 gela izatea adostuta dago, egun 9 ditu; beraz, 2. mailan gela bikoizteko aukera legoke, bi familia horiek kanpoan utzi gabe. Argudio hauekin, Ikastolak Arartekoarengana jo zuen eta honen ebazpena ere bikoizketaren aldekoa izan zen.
Bestetik, gure seme-alabak ikas-prozesuaren une azpimarragarri batean daude, irakurketa-idazketa prozesua finkatzeko unean alegia, zeina hezkuntza prozesu egoki baterako giltzarri den. Argi dago 26 ikasleren beharrak eta hezkuntza-premiak askotarikoak izango direla, are gehiago autonomia erabat garatua ez duten eta arreta mantentzea ere kosta egiten zaien adinean. Hortaz, aniztasunari erantzun egokia ematerako orduan kopuruak zerikusi zuzena dauka, eta egun, ikastaldeak berez oso anitzak badira ere, gurean berariazko hezkuntza-laguntza premiak dituzten 6 ikasle ere baditugu. Hezkuntza Departamentuak bolo-bolo erabiltzen ditu kalitatea, inklusioa, aniztasuna, arreta… bezalako hitzak, baina errealitean horiei muzin egin eta ez ditu ez hezkuntza-kalitatea ez ikasleen-beharrak erdigunean jartzen. Uler dezakezue gure ardura eta ezinegona. Gure seme-alabak dagozkien bi gelatan banatuta egongo balira, ikasleen premien erantzuna, bai eta irakasle-taldearen lan baldintzak nabarmen hobetuko lirateke.
Ikastolak maiatzean eta urrian ipinitako gorako errekurtsoei Departamentuak ez zien garaiz ihardetsi, nahiz eta Arartekoak Hezkuntzak epe barruan erantzuteko duen betebeharra azpimarratu. Soluzio ezaren aurrean gurasook bilera bat eskatu genuen eta ez genuen erantzun zehatzik jaso. Ebazpen ofiziala, berriki jaso dugu (urtarrilean!), epez kanpo berriro ere eta, gure ustez, lege-oinarri eskasa duen ezezkoa izan da. Gaia auzitara eta Parlamentura eramatea beste biderik ez digu utzi.
Departamentuaren jarrerarekin minduta gaude, jokabide honek islatzen duen seriotasun faltagatik, euren ardura-arauak-legeak bete ez eta gainera, erantzun kontrajarriak jaso ditugulako. Babesgabe sentitzen gara, gure seme-alabez ari gara, dagokiena eskatzen ari gara, besterik ez.
Amaitzeko, eskerrik zintzoenak helarazi nahi dizkiogu Andra Mari Ikastolari, eta bereziki, irakasle taldeari, egoera bidegabe honen aurrean gure haurren ikas-prozesuan izaten ari diren inplikazio eta egiten ari diren ahaleginagatik, gure haurrak erdigunean ipinita euren beharrei profesionaltasun osoz erantzunez. Gora zuek!