Herriko jai laikoak
Herriko jai laikoak –
Jaien jatorria denboraren hasieran gordetzen den misterioa bada ere, historian zehar, lehenengo lagun-taldeak sortu zirenetik nolabait jaiak ospatu izan direla esan dezakegu. Hasieran, ehiza edo uzta ona, jaiotzak, ingurune egokiak aurkitzea, ortziko fenomenoak… zirela eta, pertsonek zer edo zer ospatzeko gogoa eta beharra izan zituzten, haien pentsaeretan eta sinesmenetan oinarrituz.
Hala ere, denboraren poderioz, zenbait jaik kutsu politiko, ekonomiko edota erlijiosoa hartu izan dute, gero eta indar handiagoz gainera. Hori zela eta, jaiak ospatzeko askatasuna ere nolabait mugatu egin zen, hainbat errituren arabera ospatu behar baitziren. Etsaien aurkako garaipenek, beste herrien lurren konkistek, jainkoak gurtzeak, aberastasunak lortzeak, eta abarrek lurralde bateko herritarren poza pizten zuten, beste pertsonen kaltetan izaten bazen ere.
Garai ilunak ere bizi izan dituzte herriko jaiek. Esaterako, Erdi Aroan Europan kristautasuna nagusitu zenean, jaiak garaiko pentsamolde erlijioso zorrotz eta murritz horren arabera antolatu izan ziren. Are gehiago, denboran urrutitik zetozen ospakizunak ezabatzeko asmoz, erritu kristauez ordezkatu zituzten, askotan herriarekin zerikusirik ez zuen norbaiten edo zerbaiten izenean. Ondorioz, lehengo jaiek zentzu ludikoa galdu zuten, ia erabat. Gu bizi garen Herrian horrela izan zen eta batzuetan hala izaten jarraitzen du.
Egun, aldiz, herriko jaiek pertsonei lanaren estresetik ihes egiteko aukera ematen diete eta askatasuna sentitzeko beharrei erantzuten diete. Alderdi ludikoa berreskuratu dute, sinesmenen zorroztasunetik ihes eginez. Urtean behin, hainbat egunetan ospatzen dira herriko jaiak eta jende asko haien irrikatan egoten da, merezi eta behar diren atsedenaz eta pozaz lagunekin eta senideekin batera gozatzeko. Jaiek, beraz, olgatzeko, jolasteko, dantzatzeko eta ondo pasatzeko aukera paregabeak eskaintzen dituzte.
Gizarte laikoaren eta anitzaren alde lan egiten dugunok herriko jaien goiburua pertsona guztion askatasunean eta errespetuan oinarrituta egon behar dela aldarrikatzen dugu. Horregatik uste osoa dugu herriko jaiak antolatzen dituen udalari dagokiola herritar guztiok merezi dugun errespetu hori bermatzea, inoren sinesmenak besteen gainetik ezarri gabe. Azken batean, ez da bat ere logikoa herritarrak ordezkatzen dituzten erakundeetako agintariek, duten karguaren izenean, urte osoan zehar eta herriko jaietan bereziki, batzuen sinesmenak bultzatzea edo haien ekitaldietan parte hartzea.
Herriko jai laikoak