Herriko Batasuna (5) (1969ko Beñat Laxaguen proiektua)

Herriko Batasuna –

Helburua

Helburua da Bidasoaren iparraldeko gure hiru probintzien garapen ekonomikoa industriaren bidez nagusiki segurtatzea. Euskal Herria gaur bizi gabetzen duten fenomeno ekonomiko eta sozialak baratu behar ditugu. Herriko Batasunen bidezko garapen politika berri bat ezinbestekoa da.

 

Zergatik komunitate bat

Behar dira estrukturak, jendeak eta fedea.

Ematen du komunitateak duela bakarrik erantzuten ahal gaurko bizi baldintza zailek inposatzen dizkiguten eskaera zorrotzei.

Edozein izan dadin, eraikuntza azkarra izanen da bakarrik ekipa baten gainean asentatzen bada, baltsako helburu jakin batzuetarako batua, izpiritu berak soldatua, eta kide batek beste guziek sustengatua sentitzen denean.

Pentsatu behar dugu abiatzearen zailtasunei; zenbat eta errazkiago jasanak izanen dira baldin eta sorbaldak aski ugari badira. Gainera, boluntario berrien etorrera eta integrazioa errazagoa da jende deliberatuz osaturiko talde batean.

Indibiduoa naturalki gainditzen duen instituzio baten kontua da, baina oinarritua da kontzientzia askearen eta boluntariotzaren gainean. Berehalako eraginkortasunaren estakurupeko behartze-moduak seguraz ere bilatu denaren kontrako efektua izango luke ondoriotzat.

Herriko Batasunak baliatuko ditu bere dinamismoa eragiten dituzten taldeko interakzio desberdinak. Gure garaiaren aurkikuntza handia, kasik denentzat baliagarria, ekipako lana da. Kontua da ekipako lanaren metodoa sistematikoki aplikatzea.

Batzuetan gertatuko dira arazo hain inportanteak non iduriko baitu barkoa uzkailiko dela; baina nahikoa da giza ekipa bat egoitea soluzioak aurkitu eta aplikatzeko.

Herriko Batasuna

Lan-komunitate bat da nagusiki. Kanpoko munduari buruz, Herriko Batasuna enpresa pribatu bat bezala portatzen da, bere hornitzaileei erosten diena eta bere bezeroei saltzen diena. Barnean, bizimodua itxura berezia dauka. Lan-komunitate hori aztertuko dut, kasu batzuetan detaileraino sartzen entseiatuz, zeren gizakiarentzat detaileak anitz balio baitu. “Saindutasuna detailetik ezagutzen da” errana izan da.

Komunitateak pertsonak biltzen ditu, ezkongabeak edo ezkonduak, gizonak, emaztekiak, eta haurrak. Izanen dira ekoizpeneko langileak, zerbitzuetako langileak baita komunitatearen emanetik biziko direnak ere, haurrak eta zaharrak bezalakoak. Bakoitzak izanen du bere estatutu pertsonala zeina, gainera tai gabe eraldatuko baita.

 

Batimenduen deskribapena

Lantegia

Batimendu inportanteena lantegia izanen da; izan daitezen ola industrialak, laborantzakoak edo besteak Herriko Batasuneko kideek bideratu eta hazaraziko dituzte behar ekonomiko desberdinak kontuan hartuz. Lantegi haietan, aurkituko dira lantegi guzietan aurkitzen diren zerbitzuak: zuzendaritza orokorra, kontabilitate zerbitzua, zerbitzu teknikoa, eta abar; baina hemen langile taldeak ditu zerbitzu-zuzendari guziak bozkatuko urte baterako; berriro bozkatzen ahalko dira. Gure garaian, enpresak oso laster jasaten ahal ditu gora beherak, eta lankideei orobat jakinduria eta dedikazioa eskatuko zaizkie; lanerako prest eta eraginkor izan daitezen, komunitatea ahalegindu behar da langileen arazo eta zailtasun partikularrak konpontzen.

Une normalean komunitatea biziarazteko beharrezkoa den dirua, produktuen saltzeari esker egindako etekin gordinetik etorriko da. Bistakoa da, enpresak untsa ala gaizki funtzionatuko duen heinean, komunitatearen bizitzarentzako ondorioak desberdinak izanen direla.

Lankideen bizitegiak

Kideak bizi daitezke biztanle baten etxean, izan etxe partikularrean, izan hanbat apartamentuko etxe batean. Hemen apartamentuak apartamentu klasikoak baino tipiagoak izanen dira; sukalderik ez dute edukiko kideek baltsako jangelan janen dutenez geroz; ezta haurrentzako ganbararik ere hauek haurren etxean lo eginen dutenez geroz. Ganbara, egongela eta garbiketa gelak osatuko dute kidearen apartamentuaren gehiena; eta kolektibitateak dio batasundarrari apartamentua eskuragarri jarriko.

Baltsako jantokia

Batasundarrek apairu guziak hartuko dituzte jantokian zeinak self-service moduan funtzionatuko baitu: askaria, hamaiketakoa; bazkaria, arrats askaria eta afaria. Sukaldaria batasundarra izanen da. Zerbitzuak eta garbiketak batasundarrek berek txandaka eginen dituzte. Lan mota hori denetan desatsegina kontsideratua da eta diskriminazioak ekiditeko, lanaren organizatzaileak aldizkatze bat ezarriko du.

Jantokia bizitza komunitarioaren bihotzean dago. Izan ere, elkarretaratzeak apairuetan dira nagusiki eginen. Bestetik, zerbait hoberik igurikan, jantoki horrek balioko du zinematoki, antzerki toki eta batzar nagusietarako biltoki gisa.

Baltsako jantokiaren erabiltzeagatik, batasundarren etxeak ez dira bertatik biziki urrun izan behar; jantokia herriaren erdigunean izanen da.

Janaria dohainik eskainia da komunitateko kide guziei. Batasundarrek gonbidatuak errezibitzen badituzte, hauek ere apairua jantokian hartuko dute beste guziekin batera.

Herriko Batasuna
Arrasateko kooperatiba bat; baina gure landa eremuetako paisaia batek ez ote luke eginen honek bezain gibeleko ehun ederra… ?
Herriko Batasuna Herriko Batasuna Herriko Batasuna

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude