Herri Urrats, “Haizea alde baita!”
Giro onarekin ospatu da, “Haizea alde baita” lemapean aurtengo Herri Urrats. Urtero legez Senpereko larreak euskaltzalez bete dira; musika onaz gozatzeko, lagun berriak egiteko, ondo jateko, eta noski -helburu nagusia- ikastolei beharrezko bultzada bat emateko Iparraldean.
Seaska, Iparraldeko ikastolen elkarteak, ez du diru laguntza bat bera ere jasotzen Frantziako gobernuaren partetik eta beharrezkoa du euskaltzaleon bultzada euskara noizbait bizi-berrituko bada behintzat.
Kerobia, Willis Drumond, Samain, Sagarroi, Damba eta Mikel Hats musika taldeek jo dute beste askoren artean.
Seaska 40 urtez
1964an ireki zen 5 umerekin lehen ikastola Arrangoitzen, eta ordutik emeki lanean jardunaz, zalantzak zituzten gurasoei proiektu berri honen sinisgarritasuna erakutsiaz, Ikastola gizarte eragile saihestezina bilakatu da. Honela lanaren-lanez gaurdaino ikastola berriak sortu dituzte herri eta eskualde desberdinetan. Aurten 40 urte bete dira proiektuak argia ikusi zuenetik.