“Herri txikia” eta “hiri handia” elkarri begira
Herri txikia eta hiri handia –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
«Herri txiki, infernu handi» dio EITBko emankizunak herri txikietara joanez bertako bizi eta berezitasunak islatuz. Esaera zaharra ba omen den esalditxo hori hartu eta birmoldatuz gero, «lurralde edo herri txiki, baliabide txiki, infernu handi» eta «lurralde edo hiri handi, baliabide handi, baina, oraindik ere infernu handi» jarraitzen duela izaten ageri zaigu han-hemenka entzuten ahal ditugun esanetan. Kasu honetan Ipar Euskal Herriari jarriko genioke herri txiki izendapena, eta hiri handi Hego Euskal Herriari edo zehazkiago Euskal Erkidegoari. Nork ez du esperimentatu ustekabeko galdera edo iruzkin bat non gure «herri txiki, infernu handia» den horretan eramaten diren borrokak eta praktikak goraipatuak diren eta batzuetan ere «inbidia» zerbaitekin ikusiak diren. Nolabait guretzat eredugarria den «hiri handi» horretan Ipar Euskal Herrian eramaten diren praktikak bideratzea ezinezkoa balitz bezala.

« Nork ez du esperimentatu ustekabeko galdera edo iruzkin bat
non gure ‘herri txiki, infernu handia‘ den horretan
eramaten diren borrokak eta praktikak goraipatuak diren
eta batzuetan ere ‘inbidia’ zerbaitekin ikusiak diren. »
Erran horiek plazer handiarekin eta gure «herri txikitik» ikusita harrokeria zerbaitekin ere hartzen ahal dira bistan dena. Baina, kezka zerbait ere sortu dezake geroari begira, hau da, gure lurralde txiki honetan, gure hizkuntza, ezagupen instituzionala, laborantza praktika herrikoiak, etxebizitzaren gaia, eramaten diren borroka eremu guztiak irabazteko baliabideak lortzen badira ezinezkoa bilakatuko al da herritarren borroka edo gizarte mugimendua pizturik mantentzea ez bada egitura sindikal edo politiko indartsu batzuen bidez?
Oso urrun gaude «herri txiki» honetan aipatu aldarrikapen guzti horiek lortzetik, hori badakigu. Baina, askotan entzuten da egoera txarrak esperimentatzearekin sortzen dela herri kontzientzia. Hori bereziki entzuten da ezker muturreko zenbait frantses militanteren artean. Eta, «inbidia» delako horren gibelean ematen du ere zailtasunetik sortu behar dela bai ala bai herritarren borrokarako griña. Gure haurrei euskara baliatzeko nahia bultzatzeko eremu ez euskaldunetan murgildu behar ditugula edo ezkerreko sentimenduak pizteko eskuin muturra zer den dastatu behar dugula erraten digute hitz horiek. «Hiri handitik» alta eredugarria zaigun gizarte mugimendu bat dugu parez pare bereziki borroka sindikalak ikusten ditugularik. Guzti horretan lurralde batek bere historian izan duen ibilbideak asko egiten du bere bilakaeran, baina, «herri txikitik» ikusita, argi da fatalismorik ez dela, eta herriak mugimenduan jarraitu dezakeela bere egunerokoa hobetzearen eskubidea aldarrikatzeko ingurunea edozein izanik ere. Eta adibide ezin hobea dugu etxebizitza eskubidearen inguruko borroka gure bi «herri txiki» eta «hiri handian» egoera berdintsuak baititugu.
Editorial korapilatsu honek mereziko luke azalpen eta gogoeta gehiago, baina, ondorio bat atera behar balitz, erran genezake ez dagoela ez «herri txikian» ez «hiri handian» zinezko infernu handirik. Aldiz bai badela bakoitzaren esperientzietatik abiaturik elkar elikatzeko eta aberasteko bide ezin interesgarriagoa.