Herri idorragoan bizi
Herri idorragoan bizi –
Gure bazter heze eta berdeetan irudikatzeko zaila izan arren, heldu diren hamarkadak idorragoak izanen dira. Idortze horri aurre egiteko moduak badaude, baldin eta jabetza pribatutik ikuspegi ekosistemikora jauzi egiten badugu.
Ur baliabide urriagoa eta aurreikusezinagoa
Azken aste horietan, neguan ohikoa denez, isurialde Atlantikoko baratze eta soroetan lokatza ez da eskas izan. 2022ko udako idortea laster ahanzteko moduko anomalia baizik ez zaigu iduritzen. Halere, gurean eta 2024ko hasiera honetan idortearen gaia tokiko eztabaidetatik desagertu den arren, horren mehatxua ez da desagertu. Hainbat ikerketaren arabera, ur baliabidea urrituko da eta haren urtarokotasuna klima aldaketarekin batera aldatuko da, maila globalean baita tokikoan ere. Ipar hemisferioa nabarmen idortuko da heldu diren hamarkadetan, batez ere udan eta gurea bezalako latitude ertainetan, eta horrek eragin gogorrak izanen ditu hainbat erabileraren gain: laborantza, oihanak, hirien hornidura, industria… Idortze global hori ez da halere eskualde guzietan berdin sumatuko, eta Europako hego-mendebaldea izaten ahalko da eskualde idortuenetarikoa. Ur baliabidearen gutitzearen arrazoietan ez dugu bakarrik klima aldaketa, erabilera txarrek ere egoera larriagotzen dute: lurpeko uraren ustiaketa mundu osoan emendatu da azken hamarkadetan, horren ondorioz akuiferoen maila gero eta zaluago jaitsiz. Halere, tokian tokiko kontrako adibideak badaude: kudeaketa politika hobeak martxan ezarriz gero (uraren erabileran, laborantzan, oihangintzan) lurpeko ur edukia emenda daiteke. Gure isurialde Atlantikoan egoera ezberdina da, mendi oineko bertze eskualde batzuek bezala hemen akuifero sakonik ez baitugu, ura lurzoruetan eta erreketan baizik ez dugu, beraz gure ur hornidura oso zuzenean euriari lotua zaio, idorteen aurrean hauskorragoak izanik.
Hori da beharbada irudikatzeko zailena (neretzat bederen): gure eskualde hori “betidanik”, edo bederen hainbat mendez, euritsua izan da, hezea, berdea, eta neurri handi batean horrek baldintzatu ditu bertako historia, populakuntza eta haren jarduerak. Jakes Casaubon maisuak irakatsi zigun garai hartan Euskal Herriko mendigune kaskoetan bizi zirela gure aitzinekoak, bertan abeltzaintza garatuz, ibar zola hezeak horretarako ez baitziren egokiak. Garai hori bukatua da, eta heldu diren hamarkadetako Pirinioak beroagoak eta idorragoak izanen dira, erreketan ur gutiago isuriz.
Xahutzea murriztu, kudeaketa eredu berriak garatu
Urtegiak Nafarroan, uraska erraldoiak Akitaniako arroan, luxuzko erabilera baimentzeko derogazioak han hemenka: ur erabilerak gure aroa islatzen du. Salgai bat da, horrekin espekulatu daiteke, baliabidea metatzeko inbestitze handiak egin, inguruan urrituko denerako baliabide horrek ahalbidetzen duena garestiago saldu ahal izateko. Jada aski argi dira eredu hark sorturiko kalteak, baina ez dira aski ezagunak eredu hortarik kanpoko konponbide iraunkorrak. Bi ardatz nagusitan laburbildu daitezke: euriek ekarritako ura tokian bertan ahalik eta gehien atxiki, eta uraz dugun ulermen erredukzionista aldatu eta ekosistemikoa bilakatu. Iazko udan Panpi Olaizolak oroitarazten zigun bezala, duela 50 edo 60 urte oraino ubide ttiki batzuk ikusten ziren maldetan zeharka, erreka ttiki batetik hasiz, sistema horien bidez ureztatzea bermatzen zelarik, etxe bakoitzekoa etxean bertan ekoizten baitzen, ekoizpena menturaren menpe bakarrik ez uzteko. Eskuz eginiko ubide ttikiak baliteke etorkizun hurbilean berriz garatu behar izatea, euri gutiago izanen dugunerako euria maldan behera segituan joaten ez uzteko, mendiko lurrean sar dadin eta bertan luzazago egon dadin. Hori “mendia ereitea” deitzen zuten Andaluziako Alpujarra mendikatean sistema horiek garatu zituztenek, sasi meheak zeuden maldetan arbolak eta baratzeak garatuz.
Erreka bazterreko hezeguneen garrantzia gero eta argiagoa izanen da. Hainbat hamarkadaz gune horiek drainatuak izan ziren laborantza edota eraikuntzarako, baina gelditzen direnekin ezin dugu akats bera egiten segitu. Laborantza ere bide itsu batean geldituko litzateke arto ureztatuaren bidean segitzen badu: zerutik erortzen ez den ura ez dute urtegiek eta uraskek sortuko, eta ez da ur gehiago ageriko horiek handitzeagatik. Ura elikatzen gaituzten (eko)sistemetatik aparte metatuz, plastiko edo zimenduzko edukiontzitan, inguruko sasi, oihan eta lurzoruak ximurtzen utziz, elikatzen gaituen (eko) sistema osoa hauskortuko da. Hain zuzen, ekosistemen sendotasuna indartzeak, inguru aski hezeak atxikitzeak, idorte garaietan gure erresilientzia bermatuko du. Laborantzatik harago, ikusmolde horrekin gure jarduera guziak beharko ditugu birpentsatu, urrituko den baliabide bat pribatizatu eta xahutu baino, neurritsuki eta finki erabiltzeko eta banatzeko. Horren araberakoak izanen baitira gatazkak edo elkarbizitza duina.