Herri Denda: “Herri-mugimenduak baliabide propioak sortu behar ditu biziraupenerako”
Herri Denda: “Herri-mugimenduak baliabide propioak sortu behar ditu biziraupenerako” –
Urtero legez, 2024ko bukaera honetan ere Herri Denda zabaldu dute Bilboko Erronda kaleko 12. zenbakian kokatutako Zirika! Herri gunean.
Urtarrilaren 4ra bitartean, izaera kritiko, errebelde eta jarrera politiko askotariko 42 eragile ezagutu eta euren materiala erosteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Besteak beste, kamisetak, txapak, pegatinak, fanzineak, banderak, katiluak, liburuak, txanoak eta kolektiboei ekonomikoki aurrera ateratzen laguntzen dieten gainerako produktuak erosteko aukera egongo da.
Zelan eta ze helburuakaz sortu zen Herri Denda?
Herri-dendak aspaldi hasi ziren Bilbon, eta saiakera ezberdinen ostean: ekoetxean, Errondabiden… Duela 12 urte Zirika! Herri gunearen sorrerarekin batera, bertan hartu genuen gaur egun dirauen denda antolatzeko ardura.
Zenbat eta ze kolektibok parte hartzen ari dira aurtengo Herri Dendan?
Aurten 42 kolektibo gaude bertan, Bilbo zein Bizkaikoak. Eta hainbat borroka-esparrutatik gatoz: mugimendu antierrepresiboa, internazionalista, feminista, ekologista, eta beste abar luze bat.
Ze aurkituko dute bertara gerturatzen direnek?
Herri Dendara hurbiltzen denak eragile horien guztien materiala topatuko du, bakoitzaren lanaren ingurukoak ezagutzeko aukera izateaz gain. Musika, kamisetak, katiluak, informazioa, liburuak, lorontziak, galtzerdiak, txapak… denetarik.
Zelako harrera egin ohi dio jendeak?
Jendea Herri Denda noiz zabaldu zain egoten da abenduan zehar, eta nabaria da irekitzeko eguna iristeko daukan gogoa. Hortaz, harrera paregabea dela esan dezakegu.
Zer zelako garrantzia izaten dute Herri Denda bezalako ekimenek kolektibo horien denen berri emateko?
Aukera oso polita da mugimendu ezberdinek elkar topatzeko, eta gehienbat jendeak gure inguruko nondik norakoei buruz gehiago jakiteko, lana ezagutu eta parte hartzera animatzeko. Uste dugu espazio honetan hainbeste eragile hain anitz biltzeak guztiok indartzen gaituela, are gehiago Zirika! urtez urte bisitatu beharreko lekua bihurtu den honetan.
Azpimarratzekoa iruditzen zaigu Herri Dendaren aniztasuna eta borroka ezberdinen topaleku-izaera. Zentzu horretan, oso pozik gaude urtero lortzen dugun elkarlanarekin eta jendearen erantzunarekin.
Gaur egun, bizi dugun testuinguruan, are beharrezkoak dira horrelako ekimenak?
Bai, argi eta garbi. Lehen esan bezala, herri-mugimenduak baliabide propioak sortu behar ditu biziraupenerako, eta Herri Denda horren adibidetzat daukagu. Jakin badakigu elkarrekin indartsuagoak garela, eta argi daukagu hau dela gure bidea.
Zirika! Herri gunea osatzen dugunon nahia da eremu hau urte osoan izatea borroka ezberdinen topalekua eta erakusleihoa; eta asmo horren adierazle nagusia da Herri Denda.
“Herri-mugimenduak baliabide propioak sortu behar ditu biziraupenerako”