Herri baten eredu
Herri baten eredu –
Telesforo Monzon Ortiz de Urruela
- EAJko EBBko kide 1933 arte.
- EAJko diputatu Madrilen 1933an.
- Jaurlaritzako lehen gobernuko Gobernazio sailburu 1937an.
- Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide 1978an.
- Herri Batasuneko diputatu Madrilen 1979an .
- Herri Batasuneko parlamentari Gasteizko Legebiltzarrean 1980an.
Euskal Herriaren izanaz eta etorkizunaz hitz egin behar badugu, ezinbesteko dugu Telesforo Monzonen ibilbidea berreskuratzea, batez ere gazteen ezagutzarako, urruti geratzen baitzaie 50 urteko militantzia Euskal Herriaren alde abertzaletasunetik emandako pertsona. Eta, denok bagara herria egiten dugunok, bizitzaren itsaso zabalean doan itsasontziari lema zuzen eta tinko eusten dioten gazteak izaten dira gidari, beti. Horregatik uste dut beren iragan hurbilaren jabe ere behar dutela izan, eta, gainera, guk, bizi izandakook, eskaini behar diegula.
Euskaldunok oro har, eta Ezker Abertzalekook bereziki, merkatari edo salerosle eskasak gara; ez dakigu ematen egin dugunari eta egiten ari garenari merezi duen tokia, eta behar bezala adierazten ere ez. Alde horretatik badugu zer ikasia katalan abertzaleengandik…
Gaur Telesfororen izana geureganatzeak eta merezi duen tokia emateak onura baino ez liguke ekarriko bizitzen ari garen egoera asaldagarri honetan; argi gehiago jasotze aldera, hain zuzen. Ez dut zalantzarik gure Herriak Telesforo bezalako pertsonak behar dituela Askatasun bidea egiteko.
Duela berrogei urte hil zen, 76 urte zituelarik. Eta, bere alboan bizi izan genituen lau urte betetzeke haietan, ikasgai ederrak utzi zizkigun bizi osorako! Telesforok berak zioenez, bere bizitzako urterik zoriontsuenak izaten ari ziren haiek. Eta egia zen. Izan ere, gazteagoekin lan egiteak gaztetu egiten du, eta Telesforo inoiz baino gazteago sentitzen zen. Itxaropenak iturburua aurkitu zuen, eta bere bizitzaren azken urteak ilusioz beterik bizi izan zituen; nahiz urte latzak jasan, irribarre gozo eta lasaia zuen aurpegi fin eta dotore hartan.
Telesforok garbi erakutsi zion entzun nahi zuenari, ez dagoela gudari zahar eta gudari gazte, ez dagoen bezala Aberri zahar eta Aberri gazte; denok baikara Euskal Herriaren parte: militante; borrokalari; 36ko lubakietan, 1980.eko, 90.eko edo 2000.ekoetan; Gerra Kontseiluetan, Burgos eta abarretan. Eta beti egunerokotasunari lotuz: Euskara hitzetik hortzera; euskal izaeraren ardatz. Euskaldun gara, ez frantsez ezta espainol ere; lurrean itsatsirik sustraiak zuhaitzek dituzten eran, beren eremuetan.
Burujabetza lortu behar dugu herri-eskubidearen bidez: autodeterminazioa, etorkizuna eraikitzeko. Eta zintzotasuna bidelagun dela, Herrien arteko elkartasunak emango digu babesa eta aberastasuna, zioen.
Telesforo errefuxiatu izatetik 1937an, 40 urtetan, euskal iheslari politikoen aitabitxi bihurtu zen 1959tik aurrera Ipar Euskal Herrian; eta, 1977an Aministiaren aldeko borrokan buru-belarri ekinez ikusiko dugu Hegoaldean. Durangon agertu zen Francok kartzelatik atzerrira bidalitako ETAko euskal preso politikoekin batera. Han elkartu ziren belaunaldi ezberdinetako gudariak, 36koak, 60koak, 70ekoak. Eta haietako batzuekin jarraituko du bere ibilbide politikoa Herri Batasunaren barnean bere sorreratik. Inor baino gazteago, indartsuago, bizitzak erakutsitako gordintasunak ematen duen jakinduria erabiliz. Etsaia saiatuko da behin eta berriz Telesforo birrintzen, baina aitaren etxeak, amaren orubean eraikiak, ez du inoiz etsiko.
Bakea landuko du maitasunez, mimoz, zen guztia emanez; askatasunean eta justizian oinarritutako bakea, eta ez hilerrietakoa. Gudari nekaezin; adeitsu; alai; dotoreziaren ikur, hitzetan eta ekintzetan. Utopikoa omen, baina ez zekiten hori ziotenek ameslari bikainak beti direla utopiko gazteak, adina kontuan hartu gabe; eta hauexek direla benetako jauziak ematen dituztenak askatasunaren alde!
Itziar, adeitasun osoz:
Telesforok burua altxatuko balu eta gaur egun Euskal Herriak, eta hein handi baten ezker abertzalearen kolaborazioaz, hartu duen norabidea ikusiko balu, ez luke sinestuko. Nola herri moduan irauteko milaka urteko borroka, urte eskas batzuetan zokora bidaltzen gabiltzan. Iparra galduta gabiltza eta konponbide zaila dakusat.