Hernani burujabe: erronka globalak eta tokiko erantzuna

Hernani burujabe –

Testua: Hiritik At
Argazkiak: Hernani Burujabe

 

Asko dira jendarte bezala ditugun erronkak: Trantsizio energetikoa, erregai fosilen akabera, krisi ekologikoa, pobrezia eta bazterketa soziala desagerraraztea, zaintza sistema duin bat eraikitzea, sistema publikoa indartzea, demokrazian sakontzea etab…

Hernani burujabe

Herri bezala Hernanik badu esperientzia, borondatea eta potentziala erronka haueu guztiei erantzuteko. Konplexuak diren erronka horietako askori maila lokaletik erantzunak eman eta eredu sozial berri, bizigarri eta jasangarri bat erdituko duten esperientzia publiko-herritarrak abiarazteko.

Horixe da hain zuzen Hernani Burujabe: Erronka globalei tokiko mailatik erantzun ahal izateko abiatzen den trantsizio prozesua. Herri gisa burujabetza kota handiagoak dituen egoera bateranzko trantsizioa; justizia sozial eta ekologikoa ardatz edukiko dituen trantsizioa alegia.

“Zer” bat baino gehiago “nola” bat da Hernani Burujabe: herri egitasmo ekonomiko zabalen, planifikazio demokratikoaren eta udal sustenguaren elkar-ekintzaren bidez eraiki nahi den prozesua, eraiki nahi den herria. Egiteko forma berri bat, denon artean eta inor atzean utzi gabe ibiltzen hasteko bide-orri bat.

Horrenbestez, eredu horrek herrien auto-eraketa sozial, ekonomiko, kultural, politiko eta territoriala hauspotzen du, eta, herri mailako eskalan burujabetza materialki gauzatzeko aukera irekitzen digu.

Hernani burujabe

Menpekotasunetik burujabetzara

Epe ertain-luzerako erronkak agendan zehaztera pasatzeko unea da. Tokiko potentziala aintzat hartu, udal politika eraginkorrak egin eta lurraldeko agenteen agenda, gaitasun eta proiektuak aktibatzeko ordua da.

Horrela, herri-estrategia bat deifinitzen eta gauzatzen hasiak gara. Gaur-gaurkoz 7 burujabetza sektore identifikatu ditugu eta horietan guztietan proiektuak martxan ditugu. Edonola ere prozesu ireki bat da eta helburua da ahalik eta sektore gehienak eredu honen baitan garatzea eta lurralde burujabetzan sakontzea.

Sektorez sektore, burujabeago

Urte beteko barne lanketaren ostean, 2021ko urriaren 1an Hernani Burujabe publikoki aurkeztu zen. Ordurako, sektore estrategikoetako hainbat proiektu martxan jartzen hasi ziren, udalak burujabetzarako apustua egina zuen eta herritarrak antolatzen hasiak ziren ere.

Sektorez sektore, plan estrategikoak garatu ziren, mahai publiko-ekonomiko-herritarrak sortu ziren eta proiektuak garatzen hasi ziren.

Arnas luzeko egitasmoa bada ere, hiru urteko ibilbidearen ostean, hainbat dira martxan jarritako egitasmoak eta lortutako emaitzak sektorez sektore:

Hernani burujabe

Hernani Burujabe-ren inpaktua datuetan

Proiektu horiek jada hasi dira jada inpaktu erreal bat suposatzen hernaniarren bizitzetan.

Jarraian, hori frogatzen duten zenbait datu ikusi ditzazkegu:

  • Hernani Burujabe-ren baitan sortutako ekimenetan 20 lan postu sortu dira. Horietatik 11 inserzio sozio-laboraleko lan postuak dira eta 3 pertsona “erregularizatu dira”.
  • 1,8 M euro baino gehiago mobilizatu dira burujabetzen sakontzean, diru iturri desberdinetatik.
  • 400 pertsona inguru inplikatu dira Hernani Burujabeko egitasmoen baitan, aktiboki parte hartuz edota eragile desberdinetako bazkideak eginez.
  • 2000 pertsona inguru artatu eta zerbitzuak jaso dituzte Hernani Burujaberen baitan sortutako energia bulegoa, auzo-zaintza edo Ekhi monetaren baitan.

Planifikazio publiko-herritarra

2024an erronka berri bati ekiten zaio. Orain arte, Hernani Burujabeko egitasmoetan baitan inplikatuak daudenak izan dira erabakiak hartu dituztenak. Koordinazio bat badago ere, sektore bakoitzak nahiko bide autonomoa egiten du. Heldu da garaia, ordea, Hernani Burujabe herritartu, lurraldetu eta zehar lerro bezala identifikatutako hainbat gairi (feminismoa, euskara, hezkuntza…) heltzeko. Horretarako, Burujabetzen Kontseilua sortzen da eta planifikazio prozesu publiko-herritarra abiatzen da.

Horrela bada, Hernani Burujabeko eragile eta erakunde guztien arteko kohesioa eta gidaritza bermatu beharko du. Udalaren, sektoreetako eragileen eta herritar taldearen ordezkariz osatuta egongo da, eta, Planifikazio prozesuaren gidaritza euren esku egongo da. Marku honen baitan abiatzen den planifikazio prozesua Hernaniko auzoetara, elkarteengana eta herritarrengana jeitsiko da, dituzten beharrak jaso eta Hernani Burujabek proposatzen dituen egitasmoak horietara egokitzeko asmoz: ekonomiaren planifikazioa herritik eta lurraldetik egiteko anbizioa dago.

Hernani Burujabek, bada, 20.000 hernaniarren eguneroko bizitzan eragiteko bokazioa du, elikadura, energia, zaintza edota etxebizitza beharrak modu justu, iraunkor eta berdinzale batean asetzeko.

Eta Euskal Herria Burujabe?

Baina Hernani Burujabek ez du herri mailan soilik eragiteko bokazioa; ez du soilik maila lokalean burujabetzan oinarritutako sistema propio bat eraikitzeko helburua. Hernani Burujabek nazio mailan eragiteko bokazioa du. Hernani Burujabek Euskal Herria Burujaberen eraikuntzan egiteko nahia ere badu.

Horregatik, ezinebestekoa da Euskal Herri Burujabe bat eraikitzeko bidean eskala ezberdinetan lan egitea: herri, eskualde, hiri, herrialde zein nazio eskalan, alegia. Horretarako, Burujabetzak artikulatzeko, estrategia multieskalarrak garatu beharko ditugu tokian toki, eskalaz eskala, sektorez sektore, errealitate ezberdinetara egokitzeko.

Euskal Herria Burujabe proiektatzen dugunean ez gara Burujabetza bakarraz ari, Burujabetzetaz baizik, hau da, bizitza burujabe bat aurrera eramateko beharrezko diren sektore estrategikoetan lortu beharreko subirautza mailetaz baizik: energia, elikadura, zaintza, hezkuntza, telekomunikazioak, … Guzti hauetan, herri gisa antolatu, planifikatu, kudeatu eta exekutatzeko beharrezko jakintza, bitarteko, gaitasun eta eskumenak lortzeko lan egitea proposatzen dugu.

Horrenbestez, eta aurretik Hernaniren kasurako azpimarratu dugun bezala “zer” bat baino gehiago “nola” bat da Euskal Herria Burujabe eraikitzeko prozesua: herritarrekin egindako planifikazio demokratikoaren, herri egitasmo ekonomiko zabalen eta instituzio publikoen sostenguaren elkar-ekintzaren bidez eraiki nahi den prozesua, eraiki nahi den herria. Egiteko forma berri bat, denon artean eta inor atzean utzi gabe ibiltzen hastera garamatzan bide-orri bat.

Zergatik ez diseinatu elikadura burujabetzaren bidean sektoreko plan estrategikoa, sustatu sektoreko proiektu estrategikoak eta sortu jarraipena egingo dien mahai sektorial nazionala? Baditugu Errigora eta Laborantza Ganbara bezalako eragile sozioekonomikoak eta baita Udalbiltza bezalako instituzio publikoa den mankomunitate nazionala.

Zergatik ez sustatu Telekomunikazio burujabetzaren bidean azpiegitura publiko-komunitarioak? Jada lanean dihardute EHkom operadore publiko-komunitarioak zein telekomunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen Izarkom kooperatibak. Honezkero, Hego euskal herriko hainbat herrietan barrena zuntz optiko publiko sareak eraikitzen zein landa eremuetako internet konexio duina bermatzeko proiektuak garatzen ari dira.

Energia burujabetzaren bidean pausuak ematen ari dira jada. Iparraldean I-enerrek lanean dihardu udalerri eskalan energia berriztagarria sortzen. Hegoaldean aldiz Goienerren laguntzarekin hainbat dira komunitate energetikoak sortu dituzten herriak. Herritarrak, kooperatiba zein eragile sozio-ekonomikoak eta instituzioak elkarlanean… Zergatik ez Euskal herriko energia burujabetza planifikatzeko mahai nazional bat?

Zaintza, etxebizitza, moneta, bioaniztasuna… Hainbat sektore eta nahi beste erronka. Euskal Herriko 3 milioi inguru herritarren bizi baldintzak bermatu eta gure herriko bitarteko materialak modu demokratikoan planifikatu eta banatu nahi baditugu badugu zer egina.

Utopiaren bidean prefiguratu dezagun gaurdanik Euskal Herria. Jarri dezagun martxan Euskal Herria Burujabe bai herriz herri, bai eskualdez eskualde eta bai sektorez sektore. Etorkizuna gaur ere badelako. Ekin lanari!

Hernani burujabe  Hernani burujabe  Hernani burujabe  Hernani burujabe  Hernani burujabe

Eraldaketa fabrika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude