Hendaiak ahal badu, Angeluk ere bai
Hizkuntza-politikaren bigarren neurketaren Ipar Euskal Herriko emaitzak aurkeztu ditu Kontseiluak Baionan
10 punturen gainean Hendaiak erdietsi du puntuaziorik egokiena 2,93ko notarekin eta Angeluk baxuena, 0,06koarekin. Hendaiako kasuak agerian uzten du egun Ipar Euskal Herrian euskara normalizatzeko hainbat neurri hartzea posible dela eta zentzu horretan, gainerako herrientzat erreferentzia dela.
Kontseiluak herriko etxeetako hizkuntza-politikaren neurketa egin du Euskal Herriko 116 herritan, populazioaren %80 hartzen dituen herriak aztertuz. Ipar Euskal Herriko datuen irakurketa Baionako Euskal Museoan plazaratu du. Euskarak egun bizi duen egoera diglosikoa gainditu eta normalizazioa bideratzeko beharrezkoa den hizkuntza-politika egokia 7ko notak definitzen du. Izan ere, minorizatua den hizkuntza normalizatuko bada lehentasunezko tratamendua behar du eta 7ko nota horrek hori adierazten du. Bide luzea eta aukera anitzak ditu, beraz, Hendaiako Herriko Etxeak eta gainerakoek ere herritarren hizkuntza-eskubideak bermatze aldera. Inongo herrik ez du 7ko nota eskuratu.
Hendaian neurketa lehen aldikoz egiten bada, Baionan, ordea, bigarren neurketa bideratu da. Izan ere, 2006an, 0,02ko nota lortu zuen eta 2010ean, 1,69 puntukoa. Arina bada ere eta oraindik hizkuntza-politika egokia bideratzen ez bada, nota emendatuz joan dela nabarmendu du Kontseiluak. Emendatzea, euskara zerbitzuaren sorrerari eta euskararen presentzia bermatzeko erabakiei doakio. Haatik, asko egiteko du oraindik, plangintzak, deliberoak eta onartu erabakien aplikapena bideratzea adibidez. Oro har, hobetze aldera egin badu ere, Baionako Herriko Etxeak daraman hizkuntza-politika ez da egokia, ez da eraginkorra eta euskara bigarren mailan gelditzen da, afitxetan txikiz agertzen da, webgunean euskarari dedikatu orria sortu bada ere, ez da webgunearen informazio osoa euskaraz eskaintzen, euskaldunen informaziorako eskubidea urratuz.
Hendaiako Herriko Etxeak, beraz, neurri eragingarriak eta eredugarriak hartu ditu. Bestalde, gogora ekarri behar dugu aspaldian onartu dituela euskararen aldeko neurriak. Lehenik eta behin, euskara zerbitzua eta euskara teknikari propioak ditu, zerbitzu hori berriki handitu da, bigarren langile baten kontratazioarekin. Bestalde, erabakiak hartu ditu, eta Kontseiluaren aburuz, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu nahi badira, funtsezkoa da, erabakien hartzea. Izan ere, komunikazioan baita prentsarekiko komunikazioan eta hizkuntza-paisaian euskararen erabilera bermatzeko erabakia hartu du Hendaiako Herriko Etxeak, 0-3 urteko euskarazko hezkuntza jaso dezakete herritarrek eta eskolaz kanpoko euskarazko jarduerak zabaltzea deliberatu du, batez ere, aisialdiko hezkuntza kontratuaren esparruan, haur eta gazteei zuzendu animazio orotan, (haurtzaindegi, aisialdi harrera lekuak, eskola ordutik kanpoko jarduerak, nerabeentzako jarduerak..) eta Herriko Etxearen zerbitzuetan eskoletako haurrei egin ohi zaizkien harrerak euskaraz ere eskaintzen dizkie (baratzeetan, mediatekan, Abadian…).
Langileei doakionez, beste herriko etxe gehienetan bezala, langileak euskalduntzeko erabakia hartu du eta harago joan da, hautetsiek euskara ikasi behar dutela ere zehazten du. Langileen kontratazioari doakionez, euskararen erabilera kontuan hartzea deliberatu du, beharren arabera eta lanpostu jakin batzuetarako (jendaurrekoak). Ez da ordea, horrelako erabakirik hartu kontratazio guzietarako.
Hendaian bezala, Ezpeletan hartu eta bete den neurri eragingarri bat agerian utzi nahi izan du Kontseiluak, hau da, hizkuntza paisaian, euskararen presentzia lehenestea. Izan ere, Ezpeletako karriken izenak euskara hutsean agertzen dira eta ttipiz frantsesez. Gisa bera, Sarako herriko etxea zoriondu daiteke, euskarazko zerbitzua bermatzen duelako, eta telefonoz erraten den lehen hitza euskaraz delako edota euskarari aurrekontu orokorraren %1,9a eskaintzen diolako, Kontseiluak %2 jo du kopuru egokitzat.
Neurri eredugarriak hartu badituzte ere, herriko etxe hauek, ibilbide luzea dute oraindik hizkuntza-politika egokia abian ezartzeko, euskararen normalizaziora iristeko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Kontseiluaren iritziz, Hizkuntza-politika sendo eta eragingarri batek hiru zutabe hartu behar ditu oinarritzat: corpus juridikoa, plangintzak eta baliabideak. Corpus juridikoak, hizkuntza-eskubideen bermea ukan behar du ardatz eta hau artikulatzeko plangintzak eta baliabideak behar dira. Edozein politiketan bezala, helburu eta epe zehatzak dituzten plangintzak behar dira. Plangintzarik ezean euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketak ez du bukaerarik ukanen denboran eta herriko etxeetako langileen borondatearen eta motibazioaren baitan geldituko da. Bestalde baliabidez ongi hornitua eta baliabide hauek egoki kudeatuak behar dira hizkuntza-politika eragingarria izango bada.
Corpus juridikoari doakionez, euskarak ez du estatus ofizialik ez eta lege gerizarik ere. Ondorioz, Euskal Herriko herrietan bideratzen diren hizkuntza-politikak hautetsien borondatearen gainean oinarritzen dira, euskararen benetako normalizazioa ez dute ahalbidetzen eta ez dituzte euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatzen. Araurik gabeko hizkuntza-politikak beraz, herritarrak hizkuntza-eskubideen urraketaren aurrean babes gabe uzten ditu. Euskara normalizatzeak, ordea, egoera iraultzea eskatzen du.
Kontseiluaren iritziz, delibero bitartez egin daiteke, hau da, gaur egungo marko juridikoak ez du debekurik ezartzen, gaur egun indarrean den lege koadroak hainbat neurri hartzeko aukera uzten die herriko etxeei, baina, azken horiek ez dituzte baliatzen.. Haatik,ezinbestekoa dugu lege geriza, euskara normalizatu nahi badugu eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatu nahi baditugu, ezin da bestela izan. Lege hura egokia izan behar da, ez da edozein lege, lege izate hutsarengatik egokia. Kontseiluak badu horren inguruko proposamena.
Herriz herriko datuak www.kontseilua.org web gunean daude ikusgai.