Hemendik begira
Hemendik begira –
Hemendik begira, Euskal Herritik, ezer ez da gertatu besteek kontatzen diguten eran. Tematzen diren arren, gu ez gara frantsesak ez espainiarrak. Euskaldunak gara konstituzio arrotz guztien gainetik eta oldarraldi guztien azpitik. Ez dugu, beraz, gure ikuspuntua aldatu eta besteena geure egin behar. Euskal Herritik bertatik aztertu behar ditugu gure eta besteen historia eta iragana, geure orainaldia neurtu eta etorkizuna prestatu.
Espainia hori, liberala edo frankista, ezkerrekoa edo eskuinekoa, Euskal Herriaren aurka diseinatu eta eraiki da, sustraitik, azken mendeetan. Monarkia espainiarreko elite liberalek XVIII. mendetik aurrera plangintza estrategiko betea diseinatu zuten, Espainia nazio-estatu bakarra inposatzera eta Euskal Herria zein penintsulako beste nazioak ezabatzera bideratua. 1776. urtetik hona, hizkuntzaren uniformizazioa, gaztelera espainiera bihurtuta, helburu deklaratua izan da. Gaztelera, legez eta hezkuntzaren bidez, inposatua eta unibertsalizatua izan da lurralde guztietan.
Hizkuntza bakarra eta merkatu bakarra dira garai hartatik estrategiaren ardatzak. 1778tik merkataritza libreko erregelamenduak modu zorrotzean eragin zuen euskal lurraldeetako sistema ekonomikoan eta foruen sistema propioan. Eragin hori sakondu eta Espainia nazio bakarraren proiektua errealitate bihurtzeko, lehen nazio-konstituzioa behar zuten, eta horretarako aldarrikatu zuten 1812ko Pepa hura, arau progresista eta aurrerakoia omen zena. Arau berria erakargarri aurkeztu nahian altxatu zituzten frantses okupatzaileen aurkako independentziaren bandera, batetik, eta erregimen zaharreko sektore erreakzionarioen aurkakoa, bestetik.
Espainia nazio bakarraren proiektu inposatu horrek zortzi konstituzio eta hiru gerra gastatu ditu euskaldunon aurka azken bi mendeotan
Behar zituzten seduzitu, erosi, berenganatu edo bestela neutralizatu estatu-nazio espainiar bakarra eratzeko traba ziren guztiak, eta horretarako piztu zuten bataila ideologikoa euskal foruen aurka, euskaldunon orduko konstituzio propioa arau zaharkitu eta erreakzionarioa zelakoan, Gaztelako erregeek garai zaharretan emandako pribilegioa (Juan Antonio Llorente dixit). Eta eztabaida ideologikoa baino haratago, oso baliotsua zuten indar militarraren argudioa. Hori baliatu zuten 1812. eta 1813. urteetan, Hego Euskal Herriko instituzioak “konbentzitzera” Castaños Aragorri kapitain jenerala bidali zutenean. Heroi espainiar hura, Baileneko bataila ezagunean Napoleon beraren armada garaitu zuena, jatorri euskaldunekoa zen, hain zuzen ere, aita Bizkaiko Portugaletekoa eta ama, berriz, Lapurdiko Ainhoan jaioa. Euskal zutabea lehertzeko, zur bereko ezpala. Zenbat aldiz gertatu zaigun hori bera!
XIX. mende hasierarako, beraz, presente da Espainia estatu-nazio bakarra proiektuaren eta Hego Euskal Herriko lurraldeen arteko gatazka, bere dimentsio ekonomiko, instituzional, politiko, akademiko eta linguistikoan. Espainia, estatu uniformizatu eta zentralizatua versus Euskal Herria nazio berezitua, forala, euskalduna.
Gatazka horren dimentsio armatua baino ez zen falta, eta berau ere lehertu zen Karlistaldiak deitu izan diren bi gerra gordinetan, 1833-1840 urteetan lehena, eta 1872-1876 urteetan bigarrena. Euskaldunontzat, behintzat, horiek ez ziren ez gatazka dinastikoak ez erlijio gerrak izan. Nazio proiektu kontrajarrien arteko gerrak izan ziren, bete-betean, estatu-nazio espainiar inposatua, batetik, eta euskal nazio forala, bestetik.
Espainia nazio bakarraren proiektu inposatu horrek zortzi konstituzio eta hiru gerra gastatu ditu euskaldunon aurka azken bi mendeotan, eta azken gerraren ondoko konstituzioak, 1978ko hark, hasierako 1812ko parametro bertsuetara jo du: demokrazia eta progresua argudio, euskaldunon naziotasun propioa ukatu eta bertoko herritarrak seduzitu edo neutralizatu nahi ditu. Ahaztu egin zaie, nonbait, historia, errepikatu nahi denean, fartsa bihurtzen dela.
Hemen ere,, 1789ko iraultzalariek ez zuten erdeinua baizik Lapurdiko foruen aldera, erreakzionarioak zirelakoan.
Baina erdeinu hori hasi zen sumatzen jadanik erregetzaren administrazioan, erregimen zaharrean. Pentsa! biltzarrak ez omen zituen parropietan hartuak ziren erabakiak enregistratzen baizik. Are larriagoa noblezia eta apaizeriak ez zuten erabakietan parte hartzen, heren estatuak baizik!
Baina normal izan behar ez litzatekeena da abertzale batzuk ere erdeinu horrek kutsatuak izan zirela.