Hekimen: beste norabide baten beharraz

Hekimen1

“Diru laguntzak jaisten ari dira portzentajeetan, eta, estrategikoa bada sektore hau, jarri behar da beste norabide batean”, Alberto Barandiaran, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendariak batzar nagusian atzo esandakoen artean.

Diru laguntza politika aldatzea beharrezkoa da sektorea garatzeko

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak ezohiko batzar nagusia egin du gaur Martin Ugalde Kultur Parkean, eta bertan onartu du hainbat lan talde martxan jartzea eta euskal hedabideen audientziak neurtzeko proposamena onartzea. Beraz, lau lan talde abiatuko dira datozen asteetan, euskal hedabideetako ordezkarien partaidetzarekin: publizitatea, sinergiak, Interneteko estrategia eta berrikuntza taldeak. Lau lan talde hauen helburua izango da euskal hedabideek aurrean dituzten erronkak identifikatu eta elkarlan aukera posibleak aztertu eta martxan jartzea.

Halaber, euskal hedabideen sareko audientziak neurtzeko proposamena eztabaidatu eta onartu du batzar nagusiak. Euskal hedabideek, horrela, sektorearen sareko kontsumoaren inguruko informazio eguneratua izango dute aurrerantzean, eboluzioa eta garapena neurtzeko aukera fidagarria eta malgua eskainiko diena.

Bileran, era berean, elkartea garatzen ari den hainbat proiekturen inguruko informazioa banatu da. Euskal Hedabideen Behategiaren barruan, euskal hedabideen kartografia kritikoa egiteko proiektua nahiko aurreratuta dago, eta hurrengo asteetan sektoreak daukan egiturari eta barne antolaketari buruzko datu ugari egongo dira ikusgai, modu interaktibo eta erakargarrian.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) diru laguntza politiken inguruan balorazioa egin du elkarteak. Urtero banatzen dituen diru laguntzen deialdian irizpideak aldatu ditu aurten Jaurlaritzak, eta aldaketak nahasmena eragin du elkartean, irizpide horiek ez direlako aldatu sektorearekin adostuta edo eztabaidatuta.

Irismena saritu nahi izan du Jaurlaritzak aurten, eta Hekimenen ustez helburua izan behar du irismena neurtzea, baina ez abiapuntu bakarra. Iristeko esfortzu horretan, kontuan hartu behar da gune ilunak betetzeko ahaleginean geroz eta gehiago garela modu desberdinean baina modu eraginkorrean helburu bera lortzeko lanean dihardugunak: alegia euskal komunitatea aberastu eta berau euskaraz elikatzea.

Beraz, irismenaren bitartez eraginkortasuna neurtzearekin ados gaude baina:

– euskal komunitatearen eta hedabideen errealitate desberdinak kontuan edukita, garbi dago irizpide hori findu eta osatu beharko litzatekeela.

– eta lehen aipaturiko helburua bermatze aldera, eraikitzen dihardugun gutxieneko euskal hedabideen sareak laguntza minimo bat behar duela uste dugu iritsi ahal izateko. Egun ez da bermatzen gutxieneko hori, eta handitu ezean irismena neurtzeko formula dena delakoa izanda ere, ez da nahikoa izango eta horrek sektorea ahuldu egiten du.

Elkarteak uste du hausnarketa estrategikoa egin beharra dagoela, adosteko zer nolako hedabide sarea behar duen sektoreak eta euskal gizarteak. Hekimenek abiatu du hausnarketa hori, bi oinarriren gainean: alde batetik, diru laguntza politika aldatu behar da eta azken urteotan hedabideentzako aurrekontuek izan duten beherakadari buelta eman, enpresek produktua duintasunez kaleratzen jarrai dezaten eta berrikuntzak egiteko aukerak izan ditzaten; bestetik, irizpideen inguruan gogoeta egin beharra dago, egungo produkzioa eta etor litekeena etorkizunari begira jartzeko. Horretarako, sektoreak gogoeta zabala abiatu du irizpide horiek identifikatzeko, irismena handitu, kalitatea sustatu, eraginkortasun soziala azpimarratu, autofinantzaketa landu eta eraginkortasuna, orokorrean, areagotzeko.

Gogoeta hori HPSrekin egin nahi du Hekimen elkarteak. HPSk dagoeneko mahai berean eseri eta eztabaidatzeko borondatea agertu du. Orain, urratsak egiteko unea da.

Hekimen Elkartea
2014ko azaroaren 14an

www.hekimen.eus

hekimen

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.