Hegazkinera igo eta erlaxatu: Euskal Oasira goaz

Hegazkinera igo eta erlaxatu: Euskal Oasira goaz –

Egunon, komandanteak hitz egiten dizue. Ongietorri hegazkinera. Nire izenean eta tripulazio osoaren izenean eskerrik asko zuen konfiantza Euzkadi gora eta gora airlines gure elkarte publiko-pribatuan jartzeagatik.

Hegazkinera igo eta erlaxatu: Euskal Oasira goazHegazkin hau Airbus Quecountry Next Generation bat da eta hegaldiaren helmuga den Euskal Oasirako bidean gaude jada. Altura irabazten ari gara momentu honetan. Izan ere, gure konpainia hegazkin modelu berriekin gero eta altuago egiten ari da hegal azken urte hauetan.

Momentu honetan Euskal Oasian tenperatura oso atsegina da eta, gure euskal xirimiria tarteka badago ere, eguzkiak jotzen du.

Bidaiaren aurreikusitako denborak ez du berebiziko garrantzirik. Zuek eroso sentitu eta utzi eramaten. Esku onenetan zaudete. Kudeaketa arduratsuzko hamarkadetako eskarmentua daukagu.

Zerua nahiko garbi dago eta airetik ikusi ahal izango dituzue Euskadiko paisaje zoragarriak. Une askotan aukera izango duzue euskal mendiez gozatzeko. Mendiak identifikatzea errazago egiteko bila ditzakezue haize errota zuriak. Hegaldian zehar Euskadiko garapenaren paradigma diren eraikin erraldoi eta esanguratsu batzuk identifikatu ahal izango dituzue ere. Tartean Iberdrola dorrea, Petronorreko instalazioak, Zubietako erraustegia, Lemoiz zentral nuklearraren aztarna arkeologikoak edo Gugenheim museoa. Espero dugu zuen hurrengo hegaldi batean bere anai txikia ere ikusi ahal izatea: Urdaibaiko Guggenheim-a, Euskadiko paisajeari edertasun gehiago emango diona, haize-parke berri batzuekin batera. Era berean, Euskadiko biztanleak gehiago gerturatuko dituen altxorra ikusteko aukera izango duzue ere, aurrerapenaren sinboloa: euskal I grekoa. Han eta hemenka ikusiko dituzue obra bikain horren zatiak, mendi eta basoetan zehar nabarmenki agertzen diren trenbide zabalak eta zubi erraldoiak. Zoriontsuak gara gaur hain ikuspen ona izateaz, hainbeste elementu miragarriez gozatu ahal izateko.

Eguraldiari dagokionez, Euskal Oasirako hegaldia ikaraldi handirik gabekoa izango da. Nahiko posiblea da Euskadin ohikoak diren kontrako elementuak hegaldian zehar topatzea eta hegazkinaren ezkerraldetik turbulentzia desatsegin batzuk eragitea. Momentu horietan “Euskadi auzolana” mezua entzungo da megafoniatik, zuen eserilekuetatik ez mugitzeko eta gerrikoa estuki lotzeko seinale. Horren ostean, entzungo diren “Ez gaitu inork geldituko” eta “Gernikako arbola” abestiekin erlaxatu. Zuen kolaborazioa behar dugu bidaia ahalik eta lasaiena izateko. Guztiok hegazkin berean gaude eta guztiok batera, gure gidaritzapean, gaindituko ditugu momentuko ekaitz horiek.

Bidaian zerbitzu eta kontsumizioez disfrutatu ahal izango duzue, gure ospe handiko euskal produktuen aukeraketa apartarekin. “Lege zarra” fideltasun-txartela daukazuenek deskontu eta abantaila paregabeak izango dituzue.

Gure konpainiatik beti gogoratzen dugunez, komenigarria da gutxienez lau urtero hegaldi hau hartzea eta animatzen zaituztegu hurrengo urteko maiatzaren bidaia hartzera, berezia izango dena. “Lege zarra” fideltasun-txartela oraindik ez baduzu, gure hegazkineko laguntzaileek eskaera-fitxa emango dizute, hegaldian bertan datuak emateko. Baina, benetan, eskaintzen ditugun zerbitzu guztien onuradun izan nahi baduzu gomendatzen dizugu biziki “Zu zara nagusia” klubaren kide egitea. Bazkide izateak VIP zonaldean bidaiatzea ahalbidetuko dizu, baita ofertarik onenak jasotzea eta hegaldi bakoitzean euskal produktu tipikoen bilduma batekin gozatzea. Baina zutaz gain, zure senitartekoak ere bazkide ditzakezu Gure familia handia” modalitatean. Modu honetan, aipaturiko abantailez gaingainontzekoek izaten dituzten hegazkineratzeko ilarak ez dituzue pairatu behar izango eta hegazkinaren lehentasunezko eserilekuak lortuko dituzue.

Euzkadi gora eta gora airlines konpainiatik bidaia ona opa dizuegu eta espero dugu laster berriz ikustea.

Hegazkinera igo eta erlaxatu: Euskal Oasira goaz

Internazionalista. EHUko irakaslea