Hegaldiak

Hegaldiak –

Itziar Rekaldek Arabako Alea agerkarian.

Garai berri honetan hunkitu egiten naiz, aspaldi egon barik eta orain ustekabean kalean topatzen dudan neure jende kutuna berriro ikusten dudanean. Urruti sekulako abenturak bizi ostean datozela edo natorrela ematen du.

HegaldiakAstelehenean, enkarguak egiten nenbilela, J-rekin egin nuen topo. Musukoak medio, musurik ez, besarkadarik ez, tentel modura geratu ginen biok espaloi erdian zer egin jakin gabe. Zerbait hartzera gonbidatu ninduen, eta nik, oraingo errealitatean denborari ematen diodan dimentsio berriari kasu eginez, egiteko nituen gauza oso garrantzitsuak pikutara bidali nituen eta berarekin joan nintzen aldameneko tabernara. Protokoloa zintzo bete genuen, eta eskatu ostean, parez pare geratu ginenean, gure begien izpiek, laserrekoak balira, besarkadarik beroena balitz, bi metrotako aldea zeharkatu zuten. Eskutik helduta geratu ginen une batez. Gero, norberakdesinfetagarria atera eta eskuak igurtzi genituen. Egia esateko, aspalditik pelikula batean nagoela pentsatzen dut. Batzuetan beldurrezkoan eta besteetan komedia erromantiko lelo batean.

J-ak aspaldian, oroitzapenen inguruko solasaldi baten ostean, istorio bat kontatu zidan. Bere aitak aitonak hegan egiten zuela esaten zuen askotan. Behin J-ak galdetu zion ea nola lortzen zuen aitonak hegaldia, eta bi sorginek besapetik hartuta airean eramaten zutela erantzun zion aitak lasai asko. Eta J-ak sinistu ere garai hartan. Handik askora, Europatik zehar zebilela, Bruselako komentu batean mantentze lanetan aritzen zela, dantza ikastaro bat gertatu zen bertan.J-ak ahal zuen guztietan ikaskideen ariketak txoko ezkutu batetik jarraitzen zituen, berak dantza asko maite duelako, baina batez ere irakasle andrea aingeru bat iruditzen zitzaiolako. Azkeneko egunean, jendaurreko erakustaldian, J-ak arkupeetatik jarraitzen zuen espektakulua, eta bukatzear zegoenean irakasleak bere bakarkako dantza egin behar zuenean, J-rengana hurbildu zen, eskutik eraman zuen taularen erdiraino eta berarekin egin zuen J-ak inoiz ahaztu ezingo duen dantza. Dantzaldi hartan, bere oinek ez zuten lurra ukitu, eta, aitonak bezala, berak ere hegan egin zuela esan zidan.

Astelehenean, mahai hartan, eskutik helduta, geu ere hegaz ibili ginela uste dut.

Hegaldiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.