Hedabideekin euskaraz
Hedabideekin euskaraz
Iñaki Errazkin Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakaria, Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria eta Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea agertu ziren hedabideen aurrean. Euskaraz aritzeak, zenbait kazetariren haserrea eragin omen zuen, eta ondorioz, eztabaida ere zabaldu da.
UEMAk eredugarritzat jo du atzoko agerraldian parte hartu zuten ordezkari instituzionalek erabilitako hizkuntza irizpidea. Izan ere, euskararen normalizaziorako bidean eremu berrietan naturaltasunez geure hizkuntza erabiltzera jo behar dugu, ezinbestean. Atzokoa, norabide egokian egindako urratsa da.
UEMAk erabili eta bultzatzen dituen hizkuntza irizpideekin bat egiten du atzoko prentsaurrekoan erabilitako hizkuntza irizpideak. UEMAk osotasunean betetzen du aipatu irizpidea. UEMAk biltzen dituen udalei dagokienean ordea, aitortu behar dugu badugula zer hobetu. Horren jakitun, Mankomunitateak 2014an landu nahi dituen gaien artean jarri du kanpo harremanen gaia, eta lehentasunean artean hedabideekiko harremanena. Jakin badakigu, aitzindari eta bide urratzaile izateak badakarrela zama bat berekin. Baina, gaur normala eta naturala behar lukeena, gutxienik, biharko egunean izan dadin, ezinbestekoa da euskarari bideak irekitzea.
UEMAk udalerri euskaldunak biltzen ditu bere baitan, 70 zehazki. Udalerri horietan biztanleen %70 baino gehiagok daki euskaraz, eta nagusiki euskaraz bizi dira. Horixe da, atzoko agerraldia egin zuten udalerrian duten errealitate soziolinguistikoa ere. Zarautz da, 23.000 biztanlerekin, baldintza horiek betetzen dituen Euskal Herriko udalerririk handiena, eta UEMAko kide da. Halaber, udalerritik harago, Urola Kosta osoan bizi dira nagusiki euskaraz bertako herritarrak.
Udalerri euskaldunek osatzen dute euskarak duen arnasgunerik zabalena. Udalerriok, naturaltasunez euskaraz bizi direnez, eredu dira, eta funtzio garrantzitsua betetzen dute euskararen normalizazioan. Horregatik, naturala eta osasungarria da diren/garen bezala agertzea hedabideen aurrean, munduaren aurrean.
Sarrera honetako irudia aprobetxatuz (“euskaraz gara”), esan nahi nuke prentsaurrekoaren biharamunean Garak espainolez eman zuela albistea portadan: “El vertedero de Urteta se cerrará en 2014”.