Hauteskundeon inguruko burutazio zenbait
Urduritasuna nagusi da Espainiako “bi alderdi handien” bulegoetan. Hasi da kanpaina, eta inkestei begiratze hutsak dardara sortzen die belaunetan. Ulertzekoa da ikara, Podemosen (hurbileko tokian tokiko plataformen bitartez) eta Ciudadanosen agerpenak, Hego Euskal Herrian esaterako, lehendik zuten ordezkaritza txikia are gehiago txikitu baitezake, testimoniala bihurtzeraino.
Gurean, salbuespenak salbuespen, EAJren eta EHBilduren artean dago lehia bizia.
Hona hemen bururatu zaizkidan hainbat kontu.
1-PSN eta oroimen politikoaz
Nafarroako eskenatokia ekarri zidan gogora Daniel Eskibelen idazki honek. Agostazoa. PSNk kanpainako ardatz bihurtu aldaketari nola egin izan dion uko Ferrazen aginduz, eta nola nafarrek, zigorrak zigor, hala ere bozkatzen segi dioten. Eskibelek galdera interesgarria botatzen du: “bozkatzaileak zer oroitzen du, ekintza ala une hartaz duen oroitzapena?”. Ikusteko dago PSNren bozkatzaileek agostazoa oroitzen dutenentz. Eta oroitzapena dena delakoa izanik ere, ea nafar jendarteak azken puntilla ematen dionentz alderdi sozialistari.
2-EAJ eta erdigunea
Jeltzaleei alde bietatik etortzen zaizkie makilkadak eta horrek kokatzen du euren alderdia erdian. Eta zenbat eta makilkada gehiago eman, orduan eta muturrerago kokatzen dira EHBildu eta espainiar bipartidismoa. Aurreko hauteskundeetan Bizkaiko Ezkerraldean izandako gorantzako joera mantenduko ote du Ortuzarrek zuzentzen duen alderdiak? Gipuzkoan izango ote dira gai aginte makila berreskuratzeko? Eta Araban duten berdinketa hirukoitza hausteko gai izango ote dira? Erdigunean egote hutsak laguntzen die.
3-Barcinaren testigua nork hartuko ote du?
Inoiz baino hautagai posible gehiago dago, itxuraz, aukera duena Nafarroako presidente izateko. Laura Pérez Ruano Podemosen hautagaiak inkestak alde ditu, EHBilduk eta UPNk atentzioa polarizatu dute Javier Esparzaren eta Adolfo Araizen arteko debatea medio, eta lehen puntuan aipatu bezala, inkognita da PSNk eutsiko ote dion enbiteari. Dena den, ez dirudi oposizioko alderdiek aldaketari prezio altua jarriko diotenik. Geroa Bai koalizioak kontsentsuko hautagaia izan litekeena du bere alde, Uxue Barkos. Madril aldean oso ondo ikusia eta esperientziaduna. Ikusi beharko, aritmetikek ematen badute, zer forma hartzen duen hurrengo Nafarroako Gobernuak.
4-Podemosen ataka
Podemos giltza izan liteke leku askotan EHBildu gobernuan mantentzeko. Gipuzkoan esaterako, Iglesiasen alderdiaren emaitzak onak balira (PSE-EEren kaltetan) litekeena da Xabier Olano ahaldun nagusi irtetzea. Baina Madrilen ez dute oso begi onez ikusten EHBildu babestea. Podemosen helburua Espainiako Hauteskunde Orokorretara indarrez iristea da eta Ebrotik beherako landetan ez da begi onez ikusten abertzaleen makulu izatearena. Beste galdera ikur bat.
5-EHBilduren azterketa
Erakundeetan egoteak higadura ekarri ohi du. Ez da legegintzaldi gozoa izan EHBildurentzako, hedabideek eta oposizioak sistematikoki egurtu baitituzte gobernatu duten leku orotan. Gipuzkoa adibide. Hauteskunde hauek azterketa baten antzerakoak izanen dira, ikusteko dago gaindituko duten. Jendeak esango du.