Hauteskundeen atzealdea
Hauteskundeen atzealdea –
Hauteskunde garaia bada normalean jorratzen ez ditugun harreman horiek lantzeko garaia baita. Bai kartelak jartzean, bai hitzaldi bat antolatzean, buzoneoak, edo, orain jada nire kasuan ez behintzat, baita kartazalak denok batera auzolanean betetzean; solasaldi ederrak sortzeko momentua da, modernoek esaten duten modura, gure konfort ingurutik kanpo egon ohi den jende multzo horrekin harremantzako.
Normala denez harreman gutxiko jendearen artean, elkarrizketak egun horietan dena jaten duten hauteskundeen inguruan izaten dira, baina gaia agortuta beti sortzen da besteren bat. Eta hara non aurrekoan interneten erosteko onuren kontura ez ote zitzaidan hasi kide batek.
Merkeago zela, erosoagoa zela, eta ez zidan esan baina pentsatzen dut ikusten zion beste abantaila bat inorekin berbatu behar ez izatea zela, edota, onartu ez baina jakin bai, gure konplizitateaz esplotatua izaten ari den aurpegi hori ez ikusi beharra. Euren pertsonatasuna sumatu behar ez izatea.
Ez nion galdetu, eta damutu egiten zait orain, non erosten ote zuen elikadura. Amazon Prime, Eroski Online eta horrelakoak entzunda igarri nion ordea ez zela ez kontsumo taldean ez merkatu plazan.
Kontuan izan ostera be testuingurua, hori esaten zuena “gutako” esan ohi diogun horrelako pertsona dela, “rollo”koa; azalean, baina ezer gutxi hazka eginda bera eta biok, edota futbol zelaian hamabostero elkartzen diren berrogeita hamar mila pertsonak, puntu berdina eta bakarra dugula komunean. Eta puntu eskas horretan ere, gutako bat erratuta dabil.
Orain urte batzuk PNVk baliatu zuen Gandhiren esaldi famatu hori, “mundua aldatu nahi baduzu, aldatu ezazu zure burua lehenbizi”. Ez nau harritzen PNVk erabili izatea, planteatzen duena berdin balio dezake akuilurako zein geldotzeko. Agintarien ardura samurtzeaz gain, zeina beti dator ondo norbera agintean dagoenean.
Arduratzen nauena da “gutako” eta “rollo”ko jende hori, benetan, futbol zelaiko berrogeita hamar mila ikusle horien moduan, ez nahi izatea mundua aldatu, partida irabaztearekin konformatzen dira.