Hauteskunde usain on baten hasiera…

Hauteskunde usain on baten hasiera –

Ofizialki nehork ez du onartuko, baina buru gehienetan gaiak bere bidea egiten hasia du. Datozen herriko bozak 2026ko martxoan iraganen dira, data finkatua da eta ofizialki konfirmatua, erran nahi baita guti gorabehera urte baten buruan, istripurik ezean. Seinale ttipi batzuek erakusten digute maniobra batzuk ari direla plantan ezartzen.

Hauteskunde usain on baten hasiera

Berriki Baiona hiri nagusian, gehiengoaren zerrendako bi kidek beren kargua utzi dute Etchegaray auzapezaren ibilmoldea salatuz. Zergatik orain, agintaldia bukatzear dagoelarik? Beti Baionari lotua, sare sozialetan irakur ditzakegu zenbait pertsonalitateren iritziak geroari buruz, deplauki ez bada, aski argiki jakinarazten dutenak beren burua zerrendaburu ikus lezaketela ondoko hauteskundeetan… Zer helbururekin? Miarritzen berdin.

Azken hilabete hauetan, beti sare sozialetan, kasik bortizkiago hala ere, «blog» batzuek, batek partikulazki, salatzen eta «desegiten» dituzte Maider Arosteguy andere auzapezaren obrak. Erabakiak, diru xahutzeak, erranak, den-denak miatuak dira, egiaztatuak, kritikatuak… Herri agiantzetan, auzapez batzuek nahi izan dituzte gauzak argitu, eta beste batzuek misterioa atxiki, baina aldi oroz gaia aipatuz edo gogoraraziz. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herriko herri gehienetan gaiak lagunen arteko tragoak animatzen ditu…

Mundu abertzalean, luzaz herriko bozek dute gure ideien lekua neurtu Iparraldeko gizartean. Duela zenbait urte, pozten ginen zenbait hautetsiren ikusteaz herri zerrendetan. Berrikitan auzapez abertzaleak dira agertu eta ez bakarrik barnekaldean. Hendaiako kantonamenduak departamenduko bi kontseilari berri eskaini dizkigu. Eta nehork pentsatzen ez zuena gertatu da ere, Peio Dufau bilakatu da EHBaiko lehen diputatua. Aitzinatze eta emaitza horiek erakusten digute nolako gorakada egin duen gure mugimenduak.

«Mundu abertzalean, luzaz herriko bozek dute gure ideien lekua neurtu iparraldeko gizartean»

Dinamika hori zaindu eta indartu behar dugu dudarik gabe. 2026ko herriko bozak helburu nagusi bihurtu behar dira. Etxebizitza, laborantza, hizkuntza, ingurumena, nortasuna, lurraldea, parekotasuna, politika soziala, ekonomia, eta beste hainbat gai, zeinetan sartu behar ditugun gure ikusmoldea, gure eginmoldea, gure berezitasuna…

Ahetzeko herriko boz aitzinatuek indar berri bat ekartzen digute. Bat gehiago. Herrietan sartuz, herriak gureganatuz, Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoa indartzen ahalko dugu.

Ez gara ametsetan ari, gure proiektua sinesgarri bilakatua da, eta proiektu hori eraikitzen ari gara denen artean…

Hauteskunde usain on baten hasiera

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude