Hauteskunde madarikatua
Hauteskunde madarikatua –
Hauteskunde orokorrak
Por nuestra Tierra!
Por nuestro Idioma!
Por nuestro Pueblo!
(Otegi, Bartzelonan Esquerra-rekin batean emandako mitin batean)
Hauteskunde orokorrak. Zergatik dira “orokorrak”? Euskal Herri guzian egiten direlako? Ez, ez, Espainia santu eta banaezineko hauteskundeak izan dira. Espainiako Erresumako hauteskundeak. Dena dela, inportantzia handiko hauteskundeak direla aitortu behar, gure eguneroko bizitzan eragin handia dutelako.
Ni, beste anitz bezala, kezkatu xamarra nintzen edo oso kezkatua, Sozialistek eta Podemosek elkar harturik sortu gobernuaren bukaera zetorrela eta Alderdi Popularraren agintaldi saihetsezina: egunero kanpainako berri entzuten, telebistako eztabaidak sufritzen eta gizon-emakume burutsuen artikuluak irentsiz. Itxaropen zantzuren baten bila.
Eta halako batean argia irazeki zitzaidan. Euskara atzera bidean eta hil urren. Euskaldunok zangopean, eta? Zer zetorkigun gainera? A, a, a! Argia egin zitzaidan:
Zer nolako egonezinean bizi izan gara Nafarroan azken zortzi urte honetan? Lehenik Geroa Bairen agintaldian eta ondoren Sozialista kolonialisten agindupean? Nolako zortzi urte pasatu ditugu euskaldunok bizia ere ukatu izan zaigun denbora honetan?
Lehen lau urteak aurrera ia pausurik eman gabe, gobernu barneko oztopoak zirela, oposizioaren oldar etengabearen azpian ginela, UGTren etsaitasun unibertsalean hertsaturik, zer ez genuen sufritu? Eta “gureak” koldar, herabe, soraioturik erabat.
Ba, azkeneko lau urteak, Chivite anderearen atzapar zurien artean gatibu izan gara. Euskaldunon kontrako bazterkeria, erdeinua eta mespretxua besterik ez dugu izan. Lau urte atertu gabe. Gehiago oraindik, erruki ñimiñorik ere ez: pertsekuzio azken gabea, zinez. Mortala izan da Chivite anderearen agintaldia.
Ba, Nafarroako egoera hilgarria aski ez eta Eusko Jaurlaritzak hor atera digu Hezkuntza Lege Proiektua, euskararen kontrako ordenamendua. Zer adjektibo kalifikatzaile eman Lege Proiektu honi? Ez naiz ausartzen jartzea, egia esan. Nafarroako egoera latza nahiago dut sufritu lege madarikatu hori baino.
Gauzak horrela, Espainiako hauteskundeen ondoren okerragora egin al zezakeen euskaldunon patuak? Ez eta ez, esan nuen nire baitan. Beharbada hobera ere egin zezakeela pentsatu nuen, beharbada etsaitasun oraindik gordinagoak, ageriagoak, gure begiak ireki zitzakeela. Eta horrela lasaitu nintzen eta hauteskunde aurreko astea lasai ederrean pasatu nuen, zena zela, bi aukerekin ere irabazle atera gintezkeela zertxobaitean: PPk irabaziz, esan dudana, oldarraldiaren aitzinean, agian, erreboltaren hasiera. Eta Sozial kolonialistak irabaziz, PPren erridikulua, gure gozamenerako, egun pare batez bederen.
Eta pentsamendu hauen ondoren, gezurra baderitzue ere, botoa ematera xuxen-xuxen joan nintzen.
Hurrengoan, gauzak aldatzen ez badira, etxean geldituko naiz.
Gure Lurraldearen alde
Gure hizkuntzaren alde
Gure Herriaren alde
Mitin batean hori esatera ez dago Bartzelonara joan beharrik. Hemen dugu horren premia, Otegi jauna!
Juan Aleman