Hautesajea: PSOE

5670474148_d593d33a5a_bPSOE da, dudarik gabe, hauteskunde hauetako galtzaile nagusia. Aurreko Espainiarako hauteskundetan lehen indarra zen horrek orain 4. postu batekin konformatu behar du, 4 familia politiko nagusi dituen herrialde batean. Orain dela 4 urte 549.082 boto jaso zituen Zapaterok eta, orain, 326.999 Rubalcabak. Faktore asko egon daitezke hori azaltzeko, noski, baina interesgarriena ondorioak dira, beti bezala.

Eamitza oso kaxkarrak jaso ditu PSOEk hauteskunde hauetan. Orokorrean bazekiten Rubalcabak PSOEk inoiz izan dituen emaitza txarrenak lortuko zituela eta, alde batetik, logikoa da bera erretzea eta ez “gazteago” bat. Inmolazioa belaunaldi oso baten sinboloak egin du, PSOE berritzeko garaian hipotekarik ez emateko oinordekoei. Baina Hego Euskal Herrian, non PSEk eta PSNk bi gobernu transbertsal eratzen duten, emaitzak ere oso txarrak izan dira, ziurrenik gertatu denaren inguruan pentsatzeko modukoak.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Patxi Lopezek “normaltasuna” du bandera. Bere ustez jendeak ikusten duenean zer egiten ari diren babesa emango dio. Errealitateak, ordea, kontrakoa erakusten du: geroz eta babes txikiagoa duen alderdi bat, alde batera zein bestera egiteko ezintasunekin eta bere bazkideek bahitua. Ondo legoke irakurtzea orain dela hilabete batzuk Eguigurenek esandakoak, beti bezain polemiko. Berak ere aurreikusten zuen, PSEk mugimenduak egiten zituen, “erretzen” hasten zen, edo oso gaizki bukatuko zuten. Aste honetan bertan berriro sakondu du mezu horretan. Ez dakit zein parte den egia eta zein euren arteko antzeztea, baina argi dago Eguiguren ez dagoela oso pozik Basagoitiren taldearekin duten harremanaz.

Emaitza hauekin arazoak sortzen zaizkio Patxi Lopezi. Alde batetik bere alderdia eta bere sostengu dena 3. eta 4. indarrak dira EAEn. Bestetik Parlamentuan talde politiko oso zabal bat falta dela argi dago. Eta geroz eta gehiago dira hauteskundeak aurreratzea eskatzen dioten ahotsak.

Aukera ederra izango luke Madrilera joan, PSOEren gidaritza hartu eta hauteskundeak aurreratuko balitu. Nire ustez ez du egingo: PSOE oso ahul bat 3 urtez aurrera eramateak asko erretzen du eta laster ahaztuko litzateke zein den bere figura hurrengo hauteskunde espainiar batzuk iristen direnerako. Gainera Gasteizen berriro aurkeztuko dela esan berri du, nahiz eta berak argi duen emaitzak txarrak izango direla.

Hemendik aurrera, ordea, beste arazo bat irekiko zaie: Madrilen PPk egingo dituen lege eta aldaketak gogor kritikatuko ditu oposizio (ia) osoak. Ziur naiz PSOEk bere makinaria martxan jarriko duela UGT zein CCOOk PPren edozein neurriren aurka egiteko. Mediatikoki ere berotuko dituzte, arlo ekonomikoan bada ere. Kontuan izan behar dugu PSOEk ez duela asko galtzeko “ezkerrera” egiten badu, baina bai, konprobatu denez, eskumako politikak garatzen baditu.

Testuinguru honetan ezingo dute Madrilen A esan eta Gasteizen B garatu horren erraz. Hemen PPrekin kontatu behar dute euren politikak aurrera eramateko. Gainera PPk geroz eta erraztasun handiagoa du PSEren gainetik pasa eta EAJrekin politika ekonomikoak hitzartzeko (begira aste honetan Bizkaiko Diputazioan gertatutakoa). PPk badaki Patxi Lopezen itzalean ez duela hasteko aukerarik, baina nolabaiteko gidaritza ekonomikoa hartzen badu hurrengo hauteskundetan PSE gainditu ahal duela, konstituzionalismoaren ikur gisa agertuz.

PSEren aukera bakarra, beraz, PPrekin duen zilbor-hestea eten eta EAJrekin “zentralitate” akordio bati heltzea da. Baina horretarako EAJk gogoa izan behar du. Ez dakit zein punturaino duen interesa Patxi Lopez salbatzeko, euren diskurtsoa gero arindu beharko dutelako. Itotzen ari den gizona da eta hobe eskurik ere ez eman, bestela ukitzen duen guztia hondoratuko du.

Eta Bildurekin saiatuko balitz? Hor badu eremu interesgarri bat, “normalizazio” hori “baketze” politiketara eraman ahal du. Baina horrek PPrekin guztiz haustea ekarriko luke, nahiz eta EAJ bidelagun izan ahal duen gauza batzuk aurrera eramateko garaian. Panorama zaila, beraz, eta ziur beheko iruzkinetan eztabaida izango duena.

Nafarroa
Nafarroan ere antzeko egoeran dago, baina hemen oposizioan. Alde batetik UPNrekin du akordioa, baina UPNk PPrekin du berea eta, beraz, Madrilen egongo dira gobernatzen. PSNk ezin du arinki PPren edozein politikaren aurrean agertu eta, aldi berean, politika horiek Nafarroan garatu. “Estatu arrazoia” ahultzen da kontraesan hain handian erori ahal direnean.

Canal 4 Navarran egon zen eztabaida jarraitu zuenak ikusiko zuen nola momentu batean gai hau atera zen. Guztiek adierazten zuten PSNk arazo bat zuela, baina UPNk ohar bat utzi zuen: “Arazoa handiagoa litzateke Bildurekin abentura batean sartuko balitz”. Noski, handiagoa da, baina pedagogia handiegia behar duelako.

Hurrengo 4 urtetan, egoera politikoa lasaiagoa izanda, NaBai osatzen duten alderdiek eta Bilduk osatzen dutenek aukera paregabea dute ezkerreko politikak egin, UPN-PSN gobernuari aurre egin eta “gai nazionalarekin” dudak izan ditzaketen ezkertiar asko konbentzitzeko. Aurreko artikuluan esan bezala, Geroa Baik du hortik indarra ateratzeko aukera gehien.

PSNk, beraz, hordagoa bota beharko du, baina dituen kartak oso xixtrinak dira. Euren esku dago kartak begiratu gabe jokoan jartzea, besteen aurrean indartsuago ateratzeko, hurrengo hamarrekoen banaketan.

Estatuan
Estatuan argi dago zer gertatuko den PSOEn: otsailan kongresua, elkarri harrika jarri, eta gauzak baretzen direnean primarien edo antzeko prozesuren baten bitartez aurpegi berriak aurkeztu. PPren aurrean galdu zutenean guztiok gogoratuko dugu zer gertatu zen: Almunia edo Borrell bezalako pertsona grisak agertu ziren aurrealdean, ahalik eta nonbaitetik guztien irribarrea atera zuen Zapatero aurkitu arte.

Orain ere antzeko prozesua jarraituko dutelakoan nago: lehenengo euren kargu “zaharrak” erre, ondoren bere errautsetatik jaiotzen den PSOE berri bat irudikatzeko. Azkar egiten badute, eta berriztapen hori ona bada, hurrengo hauteskundeetan berriro boterea hartzeko bidea ere izan dezakete.

PSOEk badaki (PPk dakien moduan) hau ez dela legealdi erraza izango. Alde batetik krisiari heldu beharko zaio, dagoeneko Greziako gobernu sozialdemokrata eta Italiako neoliberala aurretik eraman dituena. Arazoa ez da gobernuaren kolorea, baizik eta merkatuen diktadura. PPk gaiari behar duen sakontasunarekin heltzen badio aurrean nazkatuta dagoen jendearen mobilizazioak aurkitu ahal ditu; ez badio heltzen guztia gobernatzen dutenen eskuak gertu ikusi ahal dituzte. Beste modu batez esanda: krisiak ez du gobernu bakarra aurretik eramango eta litekeena da PPk ere orain jende askorengan piztu duen “lan-itxaropena” azkar amaitzea.

PPk, gainera, “euskal aferari” heldu beharko dio. Horrek ere desgastea suposatuko dio eta, PSOE abila bada, eurek ere indartu dezakete bide hori, PPk agian nahi ez dituen gauzak egitera bultzatuz eta euren eskumako sektoreak errez.

Gogoan izan behar dugu hauteskunde hauetan PPk ez duela igoera nabarmenik eduki, ez behintzat portzentaiei dagokionez. PSOE izan da, bera bakarrik, hauteskundeak galdu dituena, milioika boto beste norabaitera, baita abstentzioara ere, bidaliz. PSOEren ataka, beraz, ez da erraza. Euren esku dago korapiloak nola edo hala konpontzea edo urte askotarako euren buruak erretzea. Lehenengo bidea da zailena, noski, baina alderdi bezala indartsu atera nahi badute, hori da bide bakarra.

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

Zer duzu buruan “Hautesajea: PSOE”-ri buruz

  • Interesgarria, ikerketa. Kontua ez da zer espero dezakegun PSE-EEk eta PSNk egitea, horretan aldakuntzak gertatzeko PSOEk norabidea aldatu beharko lukeelako otsailean eginen duen Kongresuan. Kontua da haiek ez aldatu artean, gaurko oposiziotik estutzea, bai EAEn bai Nafarroan. Baina betiere PSE-EE eta PSNren boto-poltsetako minduenak erakartzen saiatzen, eta horrek bai mezuak bai mugimenduak birfintzea eskatzen du. Krisi ekonomikoak txarrera joko du, eta zaila dute Estatuko bi alderdi nagusiek hortik indartsu ateratzea, elkarren alternatiba ez diren artean. Nazio hiztorikoetan, badugu aukera gehiago alternatibak sortzeko, lan egiten jakinez gero.