Haurreskolak Partzuergoko matrikulazioan gorabeherak

Haurreskolak Partzuergoko matrikulazioan gorabeherak –

Haurreskolak Partzuergoak argitaratu ditu 2024-2025 ikasturteko irailerako matrikulazioaren behin-behineko datuak. Zerbitzuaren doakotasunaren ondorioz, nabarmena izan da izen-emate kopuruaren igoera. Izan ere, horrek aukerak zabaldu ditu hainbat guraso eta familietan.

Haurreskolak Partzuergoko matrikulazioan gorabeherak
Arg: Engin_Akyurt

Hala ere, matrikulen datuei begiratuz gero, adin tarte nabarmenena urtebeteko haurrena da, horien kopurua askoz handiagoa baita urtebete baino gutxiago duten haurrekin alderatuta. Azken horien izen-ematearen jaitsiera oso esanguratsua da, haurreskola askotan ez da adin tarte horretako izen-emate eskaerarik egon.

Arrazoi nagusienetako bat gurasotasun baimenen luzapena izan da. Baina baimen luzeagoak har badaitezke ere, familia askok lehenago eraman behar dute haurra haurreskolara, arrazoi, behar, baldintza eta egoera desberdinengatik. Horien artean daude lan prekarioagoak dituzten familiak edota baimenak hain erraz hartzeko benetako aukerarik ez dutenak; guraso bakarreko familiak, adibidez.

Administrazioak joan den ikasturtean abian jarritako araudian txertatu zuen gurasoak jaiotza baimenean edota haurraren zaintzagatiko eszedentzia egoeran badaude eta arrazoi horrengatik laguntza ekonomikoa jasotzen badute, haien haurra ez dela zerbitzuan onartua izango.

Horrez gain, onartze araudi berriaren bidez, herri txikietako edota gela bakarreko haurreskolatan ordutegi murriztuak ezarri nahi dituzte; sei orduko zerbitzua eskainiko dutenak, 14:00ak arte. Baldintza hauek ez datoz bat familia askoren beharrekin. Ondorioz, kaltetuak beste aukera batzuk bilatu beharrean egongo dira, haien herritik kanpo edo, are kezkagarriagoa dena, haurtzaindegi pribatuetan. Noski, honek herri txikietako haurreskolen itxiera ekar dezake. Aldi berean, haur hezkuntzako enpresa pribatuen hazkundea eta Partzuergokoak diren haurreskola handien itxaron zerrendaren handitzea ere badakar.

Azpimarratu nahi dugu ere, administrazioak ratioak handitzeko asmoa duela: gela berriak zabaltzeko gutxieneko haur kopuru bat ezarri nahi du (3 haur) eta ireki bitartean gainontzeko geletan 2 haur gehiago sartu. Horrela gauzatzekotan administrazioak lanpostuen murrizketa bat aplikatuko luke.

Bestalde, hasieratik STEILASetik gogor kritikatu dugun eta bertan behera uztea eskatu dugun arratsaldeko zerbitzua kolokan dago. Jendarteak hitz egin du eta zerbitzu horretan ez da gutxieneko izen ematerik egon.

Laburbilduz, Zuzendaritza Batzordeak haurreskolen antolaketa alde sozialarekin adostu gabe egin nahi du, azken urteetan bezala. Onartze araudi horrek haur askori mugatu die haurreskolarako sarbidea. STEILASek argi du: Haurreskolak Partzuergoak beste planteamendu sendo bat behar du. Haurreskola guztiek eskaini behar diete zerbitzu bera familiei ordutegiei dagokienez, eta ikaspostuak gehitu behar dira itxaron zerrenda handiak dauden zonaldeetan (hirigune eta herri handietan).

Haurreskolan izena eman eta zerbitzua jaso ahal izatea guztiontzat eskubide unibertsala, publikoa eta doakoa izan behar du, lan-merkatua gurasotasunarekin uztartzeko eta gurasotasuna eta zaintza bera bizigarriagoak izan daitezen.

Haurreskolak Partzuergoko matrikulazioan gorabeherak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude