Haurreskolak Partzuergoak ez du gizartearen eskaerei erantzuteko nahikoa ikaspostu
Haurreskolak Partzuergoak ez du gizartearen eskaerei erantzuteko nahikoa ikaspostu –
Legebiltzarrean, EAJak Haurreskolak Partzuergoko doakotasuna eta matrikulazioaren igoera bolo-bolo zabaldu du, etekin politikoa ateratzeko asmoz. Jakinarazpenik gabe hartu dituen beste hainbat erabaki, aldiz, kontrako norantzan doaz.
Doakotasunarekin batera 2023-24 ikasturterako ikasleak onartuak izateko baldintzak gogortu ditu, eta zerbitzuko ordutegiak murriztu. Neurri hauekin Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean langile kopurua ez handitzea du helburu, zerbitzua murriztearekin batera.
Horrez gain, Europatik jaso ahalko liratekeen 11 miloi euroei uko egin ziela azaldu zuen Urkulluk Legebiltzarrean, EAEn 0-1 urteko haurrentzat ikaspostu publiko nahikoa zeudela argudiatuz. STEILAS sindikatuak martxoan erabaki honekiko bere desadostasuna publikoa egin zuen. Orain, ikasle onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu direnean, gure susmoak berretsi dira. EAEko hiriguneetako Haurreskoletan ez dago behar beste ikaspostu eta itxaron zerrendak luzeak dira, 300 familia inguru gelditu dira ikaspostu gabe. Non eta haur eskola pribatuak dauden lekuetan.
Gauzak horrela, STEILAS sindikatuak berresten ditu orain arte egindako eskaerak; EAEn hiriguneetan eta herri handietan Haurreskolak Partzuergoko eskaintza handitzea eta ehunka ikasle kalean utzi dituzten 2023-24rako ikasleak onartzeko baldintza guztiak bertan behera uztea. Haurreskolak Partzuergoko zerbitzua kalitatezkoa izan dadin behar beste hezitzaile eta kudeaketa langile kontratatzea ezinbestekoa da.
Haurreskolak Partzuergoak ez du gizartearen eskaerei erantzuteko nahikoa ikaspostu