Haurrentzako udalekurik ez, helduentzako aisia bai
Haurrentzako udalekurik ez, helduentzako aisia bai –
Mikel Garcia Idiakezek Argia aldizkariko Jendartean blogean.
Berriz ere haurrak zigortu eta bide batez etxe askotako kontziliazioa hankaz gora jarri du Eusko Jaurlaritzak. Koronabirus kasuen hazkundea medio, segurtasun neurri zorrotzekin ari diren haurren udaleku publikoak ixteko agindu du, baina foku ugariren epizentro izan diren taberna eta terrazek zabalik jarraituko dute.
Pandemiaren kudeaketan haurrak jasaten ari diren diskriminazioa zaila da ulertzen: etxean konfinaturik egun eta ordu gehien eman zituztenak dira; haur parkeak zerrendan azkenetakoak izan ziren zabaltzen; eta orain udalekuak itxi zaizkie EAEn, administrazioaren aginduz. Kutsatuak han eta hemen ezagutu ditugu, dela lantokian, ospitaleetan, kanpinean, taberna giroan… baina horiek guztiak ez dituzte gelditu, lanak eta kontsumoak aurrera darrai. Parranda giroaren arriskuaz behin eta berriz ohartarazten zaigun arren, barra librea da nagusi helduen aisialdian, eta leku batetik bestera garamatzan barne-turismoa sustatzen kementsu ari da Jaurlaritza.
Amona-aitonekin hobeto?
Umeak, ordea, ez dira lehentasun. Ez lehen eta ez orain. Eta erabaki honekin gainera erori egin da etxe askotako kontziliazioa. Ziurrenik, amona-aitonekin utziko ditu guraso ugarik umeak, alegia arrisku taldean diren adineko pertsonekin.
Dirua baldin baduzu, lasai
Seme-alabak udaleku pribatuetara bidali dituztenek, horiek ez dute arazorik. Izan ere, udalek kudeatzen dituzten udalekuei eragin die administrazioaren erabakiak. Pandemiak haur eta ikasleen artean areagotu duen arrakalan sakontzen segitzeko balio duen erabaki harrigarria dirudi.
Bitxia da baita ere Jaurlaritzak udalekuetan ikustea deskontrolerako arrisku handienetakoa–eguneko zentroak ere itxi dituzte–. Segurtasun protokoloa zorrotza izaten ari da aurtengo udalekuetan: beste taldeekin kontakturik ez duten talde txikitan banatuta ari ziren haurrak, denak maskararekin –3 urteko umeak maskararekin ikusteak sortzen duen sentsazio arraroarekin–, bakoitzari tenperatura sartu-irtenean hartuz, herritik kanpoko txangoak debekatuta… Bada, hala ere, alternatiba onena umeak etxean –haur-parkean? Hondartzan? Aitona-amonekin?– izatea dela uste du Osasun sailburuak.