Haurren oporretan, kontziliazioa buruhauste
Haurren oporretan, kontziliazioa buruhauste –
Hiru seme-alabak udaleku irekietara eramatea garestiegi ateratzen zaio Alaitzi, eta lanean eszedentzia eskatu du udan. Zaintzailea, udaleku publiko eta pribatuak, amona-aitonak, lanaldi murriztuak… ere aukera dira batzuentzat, baina askok ezin du horietara jo, zaintza eta kontziliazioa erdigunean jartzen ez dituen sistema honetan.
Udak izan behar luke ikasturteko estresa alboratu eta deskantsurako garaia, aisialdiaz, gure buruaz eta ingurukoez gozatzeko sasoia, harremanak sendotzeko eta indartzeko parada. Baina horren ordez, maiz estresa, ardurak eta ezinak areagotu egiten dira, lana eta lanetik kanpoko bizitza bateragarri egiteko ahaleginetan: oporretan diren seme-alaben zaintza eta lana uztartzea zaila da sarritan, turbokapitalismoak ez baitu oporrik hartzen eta bai ardura profesionalei, bai ardura familiarrei gizartearen erritmora erantzun nahian, erotu egiten dira gurasoak.
Lan egutegia ezin al da haurren oporraldira gerturatu? Ezin al dira ordutegiak malgutu eta produktibitatea egokitu? Lanaldi murriztura jo behar izaten duten gurasoei –gehienbat emakumeak– ezin al zaizkie zaintza orduak ekonomikoki konpentsatu? Eragile ugarik lan eta gizarte politika ausartagoak eskatu izan dituzte, zaintza-lanek erakunde publikoen benetako laguntza izan dezatela, ez daitezen izan etxe bakoitzaren ardura indibiduala. Are, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzen du mugimendu feministak, bestela egoera prekarioenean daudenek izango dutelako beti zaintzarako eta kontziliatzeko zailtasun gehien.
Udalekuak horren adibide dira. Opor garaiotan, familia askok udaleku irekietan sartzen dituzte seme-alabak, baina udaleku publikoen eskaintza mugatua da eta haur guztiek ez dute horietan parte hartzeko aukera. Zergatik ez handitu eskaintza publikoa, haur guztiak hartu ahal izateko, edo zergatik ez markatu irizpide batzuk eskaintza publiko nahiz pribatuari, –etxeko egoera ekonomikoa dena delakoa– kanpoan inor ez uzteko? Zergatik ez antolatu aisialdi eskaintza publiko zabal, duin eta doakoa –edo etxe bakoitzaren ekonomiaren arabera ordainduko dena– herriz herri, auzoz auzo, bermatuz inor ez dela kanpoan geratuko –edo familiak aukerarik ez duelako etxean, pantaila aurrean–? Izan ere, jende bat sare hauetatik kanpo uztea diskriminatzailea da. Eskolaz kanpoko jarduerekin gertatzen den moduan, garapen pertsonalerako, autoestimurako, emozioak gestionatzeko, hezkidetzarako, harremanetarako, elkar zaintzarako, alde ludikoan sakontzeko, euskara espazio informaletan indartzeko… aukera paregabea izan daiteke aisialdi antolatua, baita gizarte kohesiorako aukera bikaina ere.
Baina udan ere, turbokapitalismoak agintzen duen sistema honetan, kontziliazioa buruhauste itzel bilakatzen da sarri, eta gizarte arrakala handitu baino ez da egiten, baliabide ekonomiko urrienak dituzten familiak direlako kaltetuenak; lan baldintza prekarioak oztopo dira zaintza eta kontziliazio egokia bermatzerako, eta premia ekonomikoa traba da udalekuak edo aisialdi duina ordaindu ahal izateko.
Haurren oporretan, kontziliazioa buruhauste