Haur eskola publikoetarako euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu ditugu
Haur eskola publikoetarako euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu ditugu –
Tamalez, berriz kalera atera behar izan gara iruindarron eta nafarron euskara eskubidea defendatzeko. Gaurkoan haur eskola publikoetan ezinbestekoa den kalitatezko eta euskarazko murgiltze eredua aldarrikatu nahi dugu.
Iruñean dauden 16 haur eskoletatik bakarrak eskaintzen du euskarazko murgiltze eredua. Eta gaztelera eta euskara aukerak eskaintzen duten beste hiruak hiriaren iparraldean daude bilduta, familien kontziliazioa oztopatuz.
Oraingo Udal Gobernua, epaitegien sententziaren aitzakia baliatuz, eta nafar Gobernuaren utzikeriak lagunduta, Iruñeko familia euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen ari da. Oraingoan gizarteko txikienen eta haien familien bizitzetan trabak jarriz. Badakite zertan ari diren. Ez da hausnartu gabeko zerbait. Argi daukagu eta, noski, haiek ere konsziente dira hizkuntzak 0-3 zikloan duen garrantziaz.
Bizikidetza da beti erabiltzen duten aitzakia. Eta zertan baldintzatzen du euskarak ba bizikidetza? Ezin al gara elkarrekin euskaraz bizi? Argi esan nahi diegu gure seme-alaben eskubideekin ez diegula trafikatzen utziko. Eta jarrera aldatzen ez duten bitartean, parean topatuko gaituztela hezkuntza publiko eta euskaldunaren alde lanean. Gure seme-alabak Nafarroako hizkuntza den euskaran hezi nahi ditugu. Eta egingo dugu.
Sententziaren ondorioz errealitate fiktizio batera bizitzera eraman gaituzte Iruñeko hainbat eskoletan. Egoera arraroak ematen dira, antinaturalak, non familia gehienak euskaldunak dira baita hezitzaileak ere baina gelan gazteleraz hitz egin behar dugu.
Nahiko mingarria da ikustea ezen, urteen joanean, Iruñeko eskuin erreakzionarioak euskaraz bizitzeko eskubideari traba eta trabak jartzen jarraitzen duela.
Euskaraz bizi, euskaraz ikasi eta lan egin nahi dugu. Hori da gure nahia baita gure eskubidea ere.
Nafarroa aniztasunaren herria dela esaten digute, baina benetako elkarbizitza eta justizia ez dira lortuko guztion eskubideak zaindu eta babestu gabe.
Aniztasunarekin eta elkarbizitzarekin ahoa betetzen zaien horiek gure hizkuntza defendatzea eta babestea izan beharko lukete lehentasuna, hamarkadak modu sistematikoan erasotzen eta gutxiesten daramatzana.
Urte luzez izan dute familia askok Iruñea goitik behera gurutzatu beharra, haurrak euskaraz eskolaratu ahal izateko. Aurreko legegintzaldian gainditze bidean jarri zena, buru-hauste bilakatu da berriz familia askorentzat, kontziliatzen eta eskola euskaldun baten artean hautatzera behartuta sentitu baitira, alkate baten burugogorkeriagatik eta herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu nahi ez dituen gobernu-bazkide batzuengatik.
Tamalgarria da bertako hizkuntzak ikasteko aberastasuna onartzeko gai ez izatea eta itsututa egotea aitzakia merkeak bilatzen “ingelesezko jarduerak” dituzten eskoletako eredu narratsak martxan jartzeko, Iruñeko umeen euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea helburu bakarrarekin. Salagarria da ere sinesgarritasun eskasa duten inkestak erabiltzea haur eta familia euskaldun eta euskaltzaleei jaramonik ez egiteko.
Ez gara nekatuko, gure eskubidea baita, eta hori gauzatzea dagokigu.
Borrokatzen jarraituko dugu kalitatezko eta euskarazko eskola publikoen alde.