Hau ezin eta hori BEZ

Ia konturatu gabe, Marijaiaren kuleroetatik irten berritan harrapatu gaitu BEZaren igoerak. Bitxia da askotan hizkuntzak ze modu berezian harpa jotzen digun, baina BEZ hitzak ere ez esan nahi du bizkaieraz. Eta aurrerantzean, bai supermerkatuko orgatxoa edo autoaren depositua betetzean, zein seme alabei eskolatarako materiala erosterako orduan (besteak beste), badirudi aukera bakarra izango dugula, bi modu ezberdinetan adierazi ahal izango duguna: hau ezin, eta hori bez.  Ez naiz ekonomian aditua, eta duda egiten dut halakorik existitzen ahal den, ikusitakoak ikusita, baina itolarrian dagoenari aguadillak egiten aritzeak ez dirudi irtenbide onena denik. Sorosleak nortzuk diren jakinda, gainera, argi dakusat itota bukatuko dugula, ezinbestean: Argindarra, gasa, jantziak, oinetakoak, eskolarako materiala etab luxuzko produktu bilakatzekotan dira, eta gauzek horrela jarraituz gero laster ikusiko ditugu aberatsen bizitza kontatzen diguten saio horietako batean aberaskumeak euren plastidecor margoen bilduma harro erakusten, lehen Porsche-ekin egiten zutenaren antzera.

Kaka ari duela jakin badakigu, %21an gainera, eta hala ere, gorantz begiratu beharrean, askok alboetara, eta txarrago dena, beherantz begira jarraitzen dute: euren etsaien zerrenda  ez da denon diruarekin black jackean aritu den bankari batekin edo jendearen gosearekin jolasten ibili den espekulatzailearekin hasten, lana lapurtzen dion etorkinarekin edo berari ukatzen zaion laguntza soziala oparitu dioten ijitoarekin baizik. Krisi garaian, xenofobia eta arrazakeria salbuespena bait dira, eta BEZa igo beharrean, kendu egiten diete, errazagoa suerta dagigun beherantz begiratzea, gora so egitea baino. Askok amarrua irensten dute, tamalez.

 

 

MARTITZENA 13