Hator hator mutil/neska etxera

Gizakiaren muinean dago sinboloak sortzea eta ezingo ginateke hauek gabe bizi. Harremanei indarra eta balioa ematen diete eta gure identitatean sustraitzen dira. Gabonak sinboloez kargatuta etortzen zaizkigu beti, eta sinbolo guztien artean, maite ditugunekin elkartzearena da indartsuena.

Gure gizartean Gabonetako eduki erlijiosoa arindu den arren, zaila egiten zaigu jai hauek dakarten emozioa ez sentitzea. Gure garaikoek ikusi dugu nola joan den aldatzen eta beste balioez janzten Eguberriaren esanahia. Baina aldatu ez dena, ume garaian bizitzen genuen bezala mantendu den sinboloa, maite ditugunekin elkartzearena da. Eta mina iturri bilakatzen zaigu hori, nahi baino geheagotan.

Samin hori sentitzen dut orain eta saiatzen naiz urruti daudenen gabeak ekartzen didan atsekabea saihesten. Eta neure buruari sinboloak aldatu eta egokitu ditzakegula esaten diot. Eta Gabonetako egunak beste edozein egun bezalakoak direla arrazoitzen dut, distantzia jartzeko. Eta urruti egon arren merezi duena elkar maitatzea dela esanaz, kontsolatzen naiz. Baina, abuztuan sentituko ez nukeen haien mira baztertu ezin jarraitzen dut.

Horregatik, zintzo jokatuko eta -ezer gertatuko ez balitz bezala egin beharrean- bidea libre utziko diot negar-malko bati, gaur soilik. Eta topa egingo dut, zuekin, ez daudenengatik, urruti daudenengatik eta, haien falta dugunengatik.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz