Hasi da Literatur Aretoen bira

Hasi da Literatur Aretoen bira –

Hasi da Literatur Aretoen bira

Lau Literatur Areto eramango ditu Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako beste hainbeste herritara Aldundiari esker eta Gipuzkoako Haur Literatur Aretoen Zirkuituaren barruan. Aurtengoan aretoak Andoaingo, Donostiako, Arrasateko eta Zizurkilgo herrietan izango dira.

Galtzagorriko aretoak literatur jolasak dira non haurren nahiz gaztetxoen parte-hartze aktiboa beharrezkoa den. Arte diziplina ezberdinak biltzen dituzte aretoek, hala nola musika, pintura, diseinua, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota animazioa. Euskarazko haur eta gazte literatura baliatuta, areto bakoitzak gai zehatz bat lantzen du. Helburuak euskarazko literatura suspertzea eta gaztetxoengan irakurtzeko zaletasunaren harra ereitea dira.

Zortzigarren urtea da Jolas eginez irakurzaletu goiburupean Galtzagorrik aretoen zirkuitua Gipuzkoan barrena daramala. Hona aurtengo lau aretoak, non eta noiz:

– Adur, Adur, ez naiz zure beldur aretoa. Juan Kruz Igerabidek idatzitako eta Aizkorri argitaletxeak argitaratutako Jonas eta hozkailu beldurtia liburua aitzakiatzat hartuz, haur literaturan beldurraren trataera ezagutzeko aukera ematen du areto honek. Gai nagusia beldurra badu ere, ez du umore punturik falta. Irailaren 23an Andoaingo Bastero Kulturgunean muntatuko dugu eta irailaren 24tik 27ra saio gidatuak egingo ditugu.

Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda aretoa. Areto honek hitzik gabeko liburuak jorratzen ditu eta horretarako IBBYk Lampedusa irlan egindako Silent Books egitasmoa hartzen du abiapuntutzat. Donostiako Haur Liburutegi Nagusian izango da urriaren 1etik 14ra bitarte.

Hizki hazka aretoa, alfabetoari eskainitako aretoa, urriaren 7tik 11ra, Arrasateko Udal Bibliotekan.

Itsaspeko bihotzak aretoa. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Zizurkilgo Liburutegian jarrita egongo da azaroaren 25etik 29ra eta 8-11 urte birateko haurrekin saio gidatuak egingo ditugu.

Hasi da Literatur Aretoen bira

Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude