Uztailak 3, 4 eta 5: Harley Davidson motoen erakustoki bilakatuko da Durango
Udalaren laguntzarekin, Durango eta Iurretako Dendak merkatari elkarteak bultzatutako jaiaren baitan, besteak beste, kontzertuak (Reverendo Parker, The West, Brokers Brothers Brass…), biker-jokoak, moto-irteerak, afaria, bandera desfilea eta suziriena —hildako motozaleak omenduz— antolatu dira. Horrez gainera, txosnak, Harley produktuen salmenta guneak eta tatuaia egileek jarritakoak egongo dira; 15 bat erakustoki guztira.
Inaugurazio ekitaldia gaur 20:30ean egingo dute. Izena eman dute 200 bat motozalek, baina antolatzaileek 300 bat batzea itxaroten dute, “askok eta askok azken unera arte itxaroten dute-eta”. Galizia, Katalunia, Leon eta Madrildik bertaratuko dira, besteak beste, Euskal Herriko hainbat lekutatik ez eze. HDC Euskal Herriak-en babesa izan dute.
Lehenengo edizioa da hau, baina ekitaldi iraunkorra izatea gura dute antolatzaileek. Frai Juan Zumarraga institutuko frontoian lo-lekua egokitu dute, baina Irteera txikiak produktu turistikoaren eskutik ostatu ere hartu daiteke, arrazoizko prezioan.