Haritz Mujikaren alde (edo, bederen, ez kontra)
Haritz Mujikaren alde –
Gauzak hasmentatik argi uzte aldera: bai, nik ere uste dut Haritz Mujikak ez zuela asmatu urriaren 2an Gasteizen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketan, Kaixo, entzule, hi Green kapital hasten den bertsoa kantatu zuelarik. Baina, orobat, uste dut afera hor akitzen dela, edo hor akitu behar zukeela. Bertsolari gazte batek une jakin batean ez du munduko bertso egokiena bota. Kito. Baina benetan uste badut kontuak ez zuela polemikarik piztea merezi, bistan da ez dakidala non nagoen ia. Mujikaren bertsoaren kontura, memento solemneetarako altxatzen diren solas potoloak aditu behar izan ditugu: mingarria, iraingarria ia, absurdoa eta erridikulua. Baina aintzat hartuta bai sare sozialetan bai prentsan jarriak garela Gasteizkoa baino aise astakeria handiagoak aditzera, inork inolako erantzunik eman gabe, Mujikak jaso duen zaparrada aski harrigarria izan da. Errate baterako, Zuriñe Rodriguezek, duela ez hainbertze ez bertsolari txapelketa batean inprobisaturiko bertso batean baizik eta aldez aitzinetik ongi pentsaturiko eta gure egunkari nazionalean argitaraturiko artikulu batean euskara bastarta bezalako kontzeptu xelebrea bulkatu zuen berberak, arrazismoa ekarri du solasera Mujikaren bertsoaren harira. Bai, jaun-andreak, arrazismoa.
Rodriguezen burutazioak eta hura bezalako bertze okurrentzia batzuek publiko eta kritikaren aldetik izan duten arrakasta ikusita, erranen nuke hiperbentilazio puntu bat izan dela bertsolariak jaso duen arrapostuetan. Eta, batez ere –berriz diot, baten batek pentsatuko du ez dakidala non nagoen ia– erranen nuke Euskal Herrian txaloak jasotzeko edo putzura joateko bi gauza direla inportante: lagunak izatea eta unean uneko joerekin bat egitea.
Lehendabizikoari dagokionez, argi dago jarraitzaile kopuru zehaztu gabe batetik aitzinera, zernahi erranda ere –editatu behar dituzun liburuen gaineko iruzkinak, ikasleen inguruko komentario irri-emangarriak, negazionismoaren aldeko aldarriak, ez hain zeharkako mehatxuak– lintxamendutik libratuko zarela; horregatik, iduri luke Haritz Mujikak ez duela lagunik, eta hori bakarrik nahikoa da nik bertzenaz deusetako balioko ez duten lerro hauek idatz ditzadan. Edo, botere harremanez mintzatzea boladan dagoen honetan, beldur pixka bat ematea ere aski garrantzitsua da. Zeren, konparaziorako, Iñaki Segurola zenak ez behin eta ez bitan, bakar aldiz baizik erranak zituen nahi izanez gero mingarritako edo ia iraingarritako har litezkeen sententziak: euskalkia da nire hizkuntza, eta euskara batua, orain saio honetan darabildan hizkuntza pijo akademiko hau, ez; euskara batua gaitzerdi da, eta gaitzerdi diot euskara bizirik ez dagoen tokietan niretzat gaitz osoa erdara delako. Bertzenaz erranda, euskararen afonia izan zen Segurolaren gai kuttunetarik, batez ere Gasteiz edo Iruñea –eta zer erranik ez Nafarroako Erriberan– euskara, euskara batua alegia, ikasteko eginahaletan ari ziren edo direnen euskara batuaren afonia. Erdipurdikoa da erdalgune horietako euskara: niri franko handia da iduritzen zait solas horiei darien mespretxua, baina Segurola egurtzea zailxeagoa zen, erantzuten ere bazekien eta. Mujikarekin, berriz, ez problemarik herri plazan sua prestatzen hasteko. [NOTA BENE: ez naiz Segurola zenaren obra osoa gaitzesten ari, euskararen inguruan zeukan ikuspuntua kritikatzen ari naiz. Bidenabarkoan erranda, ez naiz deus erraten ari, bizirik zelarik publikoki errana ez nuenik].
Lagunak, beraz. Eta, lagunekin batera, unean uneko joerak. Zeren, orain, modan paratzen ari da arnasguneetarik –hori zernahi dela ere– kanpo bizi diren euskaldunak erraz mintzea zenbait komentarioren aitzinean. Fitekara, “euskaraz ongi egiten duzu Iruñekoa edo Gasteizkoa izateko” aringarri gisa onartuko dute epaiketetan –bai, epaile andrea, hogeita hamar aizkorakada eman nizkion, baina ez zidan, ba, erran, Tuterakoa izateko nahiko ongi egiten nuela euskaraz; zuk zer eginen zenukeen?–. Fenomenoa, nire ustez, euskaldun berri etiketarekin denboraldi batez izan dugun traumaren luzapen naturala da. Bolada batean, ez zen euskaldun berri bati euskaldun berri deitzea baino gauza itsusiagorik. Orain, zenbait lekutan euskaraz bizitzea hain erraza ez dela baina halere, toki horietarik batean bizi arren, euskaraz nahiko egiten dugula ohartaraztea gustu txarraren gailurra bihurtu da. Nabalak zorrozten hasteko aitzakia. Eta norbait lintxatzeko estakurua.
Baiki, paternalismoak sobera daude, eta euskararen aldetik Gasteiz edo Iruñea basamortu direla uste dutenak arrunt oker dabiltza –ez dakit hain zuzen ere nik hau erran beharrik dudan, baina, konparazio baterako, nire idazle gogokoenen zerrenda egin beharko banu, naski gasteiztar eta iruindar batzuek hartuko lituzkete lehen postuak–, segur aski franko oker dabiltzan bezala Gipuzkoa euskararen paradisu gisa irudikatzen dutenak. Ados, beraz, ez dezatela gipuzkoar horiek hainbertze flipatu, baina hala eta guziz ere, iduripena dut oraindik ere euskaraz bizitzea errazagoa dela Gipuzkoa aldeko herri zenbaitetan, edo Nafarroako herri zenbaitetan, gure hiriburuetan baino. Haien batzuetan ageriko batzuetan ustezko paternalismoaren kontrako suan, hein batean gure gutiagotasun konplexuaren egurra ere ikusten dut nik.
Gauza horietaz guziez mintzatzen ahal gara, bistan dena, inor lintxatu gabe. Zeren, berriz diot, Haritz Mujikaren bertsoa ez nuke nik sinatuko, baina franko gauza asaldagarriagoak ikusten ditut euskal txio esferan, txalo artean jasotzen direnak. Ehizarako lehen baldintza, harrapakina babesgabe egotea da, antza, eta hori aski koldarra da. Nik ere nire gezitxoa botea dut Twitterren honen harira. Balio dezala testu honek barkamen eskaera gisa.
Haritz Mujikaren alde Haritz Mujikaren alde
Haritz eta Segurolaren alde!
Libertatearen alde, aleguia!
Bazen garaia norbaitek salatzeko euskal kulturan geroz eta nabarmenagoa den koldarkeria: ezezagunei egurra edozer aitzakiarekin eta ondo kokatuta daudenei edo fama lortu dutenei beti txaloak eta hanka sartzen dutenean zuriketa. Batzuen filtro ideologiko bakarra hori da: zeinek esan duen zer eta zer esatea komeni den ongi geratzeko. Euskal kultura kuadrilla pare batek bahituta daukate. Euskaraz kultura egiten dutenak askoz gehiago dira edo izango lirateke mota honetako polemika tontoak bukatuko balira, astun halakoak.
Mujikak ez zuen ezer orijinalik egin. Urtero ia huts egin gabe topiko nekagarri eta mingarri hori errepikatzen da Donostian, Aste Nagusiko bertso saioetan. Bertan bertsolari donostiar karisma gutxiko batek, ohiko moduan han beharturik balego bezala, mutur oker botatzen ditu topiko guztiak, non bizi den ez dakiela agerian utzita. Hari ez dio inork kritika egiten. Bertso saio horiek 70 urte inguruko “gazteok” betetzen ditugu. Nekatuta, aurten altxa, eta alde egin nuen. Ez da adierazpen askatasun kontua: profesionalak bere lana egin behar du. Ez, urtero zentzugabekeria bera errepikatu.
Bakar-bakarrik argitu nahi dut txapelketa bateko hasierako agurrak ez direla inprobisatuak izaten, lehenago pentsatuak baizik.
Guztiz ados Bisitarik dioenarekin: bertsolaritza bihurtu da topikoak etengabe errepikatzeko bakarrik balio duen zerbait. Euskaltzale bezela urtetan joan naiz inguruan izan ditudan saioetara ahal izan dudan guztietan, baina aspertu naiz. Alperkeria da nagusi bertsolari gehienen artean.
Donostiar euskaldunak.
Lehengo bertsolaritza zer den jakin Behar da. Topikoak zuek zarete kritika zentzugabe horiek egiten. Bertso saioetara ez baduzue Joan nahi ez Joan eta punto. Ez justifikatu zuen buruak. Zuelako jendea sobran dago.
Oier, nik bertsolaritza zer den zuk baino hobeto jakin baietz. Urteak pasa ditut bertsoak entzuten oso zalea naizelako edo nintzelako, oraingoa ezin delako agoantatu. Azken urteetako itxi usaina eta topiko festa ez dut ezagutu inoiz. Eta hori esateagatik sobran omen nago, ez ni bakarrik gainera ni bezalako jende guztia ere bai. Komentario horrekin konfirmatu duzu nik nioena. Zure lau topikoetatik kanpo daudenak fuera, errazagoa da hori zure kabuz pixka bat pentsatzea baino. Segi horrela. Zu bezalako motzak bakarrik geratzen zaretenean etorriko zarete mañak egiten bertsolaritza salbatu behar dela esanez.
Bertsolaritza ideologia batek monopolizaturik dauka, eta euren dogmetatik irteen den oro baztertzen dute. Pena da gure Euskal Herri “anitz” honetan ideologi batek bertsolaritza bahitua izatea, ideien monopolio kiratsa dario bertsolaritza honi. Ea aldaketak datozen behingoz eta giro sanoa berreskuratzen dugun.
Guztiz ados, “Bisitari 2022-10-22 08:27” delakoarekin. Ez naiz bertsozalea baina, duela 25 bat urte, Bilboko Unamuno plazan nenbilela, saioaren zati bat entzun nuen: haiseran gaia Unamuno zen baina laster lerratu zen Bilbotar guztietara, eta irainak baino ez ziren entzuten Bilbo eta Bilboko bizilagun “erdaldunen” inguruan. Honelako bertsolariei norbaitek gogoratu beharko lieke Bilbo dela munduan (bai, munduan) euskaldun gehien biltzen dituen udalerria (eta ez dela gizabidea bertakoak iraintzea non-eta euren etxera zoazenean). Dena den, ez dezagun orain inor gurutziltzatu honengatik; dramatizatu barik. Besarkada bana.
“Ofendiditoen” garaian bizi gara, kristalezko belaundaldi honetan; jadanik ezin da ia ezer esan ustezko irainduen erantzun negarti eta aldi berean erasokor eta zentsuratzailerik jaso gabe. Giro horretan, umorerako edota adierazpen askatasunerako azken zirrikituak ere ixten dira. Zuzentasun politikoaren diktadurapean bizi gara, gero eta gehiago, baina nik beti aldarrikatuko dut adierazpen-askatasuna (mehatxuak eta antzeko delituak alde batera utzita); ez, ofenditua izateko eskubiderik ez da.
“(…) ofenditua ez izateko eskubiderik ez da” esan nahi nuen
Alpargatero hau ez da zuzentasun politikoa. Aipatzen duzun adierazpen-askatasuna alde bikoa izango da (edo ez da izango). Hurrengo irainak, zeure herrian; ea zer gertatzen den. Eta segi alpargatak egiten.