Handiak dira herri txikiak

XIX. mendeko preindustrializazioaren aurretik, jendea herri txiki eta baserri handietan bizi zen garaietan, funtsezko garrantzia betetzen omen zuten herriko andre-gizonen txutxu-mutxuek. Egun baino bekatariagoak omen orduan; ezkontzatik kanpoko sexu harreman oro zigortzen zen arren asko ziren xirrien plazerrari muzin egiten ez ziotenak. Ezkontzatik kanpoko haurdunaldiak ezkutatu, orain esango genukeen bezala “penaltiz ezkondu” edo neska gaztea bere oinak ikusteko zailtasunak ematen dizkion triparekin laga eta alde egiten zuten goleatzaileek.

Handiak dira herri txikiakBaina ez zen, itxuraz, hain erreza. ADN frogen faltan leiho atzetik begiratzen zuten begiek garai hartako “jangoikoak” beste ikusten zuten. Soro bakartia, eliza atzeko pareta, aitaren txobola… berdin zion zein zen xirriak egiteko ezkutalekua; norbait haurdun lagaz gero ez zegoen atzera bueltarik, herrian bazekiten nor, noiz eta nola izan zen.

Pasa dira urteak garai horietatik, baina esango nuke maiz herri txikietako txutxu-mutxuek ADN frogak baino pisu gehiago dutela. Ez pentsa herri txiki-ertarinen kontrako intifada bat hasteko asmotan natorrenik, nolatan ba. Herri txikien oso fan kontsideratze naiz, ni neu ere halako batekoa baitnaiz, eta harro gainera.

Herri txikiek badituzte alde onak eta ez hain onak. Arrazoi eta merezimendu handiegirik gabe igotzen zaituzte gorenera edo jaitsi behera eta behera lurra jo arte. Arrazoi eta merezimendu handiegirik gabe ematen dizute fama bat edo bestea; izan zaitezke parrandazalea, neskazalea, mutilzalea, atzerritarra, borroka, rockeroa, pija, porreroa, langilea… Eta behin ezaugarri bat jartzen badizute berdin du berrogei urte erre gabe joatea, edo hirurogei urtez Euskal Herrian bizitzea, edo hogeitahamar urte pasa badira zure gazte garaiko mototsa moztu eta narruzko txupa aparkatu zenuenetik. Beti, –eta beti diodanean hiltzen zaren egunera arteko denbora tarteaz ari naiz– beti, izango zara porreroa, atzerritarra edo rockeroa.

Dena den, hiriek ez bezala komunitate izaera handia dute herri txiki-ertainek. Auzokoarekin herriko plazan izandako berriketak, herrikidearekin hirira joateko konpartitutako auto bidaiek, tabernari zein dendariei eskatu diezaizkiokezun faboreek, adin tarte ezberdineko jendearekin konpartitutako espazioek eta halako beste zenbait kontuk goxatzen dituzte egunak.

Maiz herri txiki bat familia edo kuadrilla bat bezalakoa izan daitekeelako; asko hitz egiten dute atzetik, baina baita aurpegira ere. Kontatu duzun horren berrehun bertsio ezberdin egiten dituzte elkarri informazioa pasa bitartean, eta beti askoz interesgarriagoa izaten da fantasiaz betetako azken ipuin hori –bai, halakoetan benetako historiak ipuin bihurtzen dira, beti– eta inoiz ez zaude bakarrik; hiri jendetsuetan ez bezala jendeak kaletik zoazela aurpegira begiratu eta buruarekin baietzko antzeko bat egiten dizu, “ezagutzen zaitut, bazara nor niretzat” esango balizu bezala.

Beraz, bizkar gainetik kentzen zailak diren ezizen, izaera eta ezaugarriak; etxeko leiho atzetik begiratzen dizuten begiak; eta ipuin bilakatzen diren historiak kenduta handiak dira herri txikiak.

Handiak dira herri txikiak