Hamazazpigarren jardunaldiko apunteak
1) Hau futbola da. Eta baloiarekin jolasten dela gogoratu beharko genioke Caparrosen taldeari. Aurrera ostikada eman eta Llorentek buruz edota Toquerok gogoarekin sortu dezaketenaren mende bizi dira. Lehen uneetan Susaetak ere arriskua sortu zuen, baina gutxi gehiago. Estatitistikei begiratuta, lehen mailan baloiarekin gutxien jokatzen duen taldea da zuri-gorria. Jakina den bezala, baloia gehien duen taldea Bartzelona da. Talde handien aurka ondo egon daiteke kontraerasora edo pase luzeekin jokatzea, baina Malagaren aurka nagusitasun handiagoa erakutsi beharko luke.
Azkenean, penalti batekin, puntu bat ekarri dute Caparrosenek. Malaga- Athletic: 1-1
2) Hau futbola da II. Eta gogoarekin ez da nahikoa. Adierazgarriak izan ziren Camachoren hitzak partidaren amaierako prentsaurrekoan: “Agian ez dakit nola trasmititu irabazteko beharra jokalariei“. Osasunari gauza asko falta zaizkio. Bat kalitatea, bestea joko ideia, baina ziurrenik horiek baino lehen anbizio edota helburu batzuk ere behar ditu. Camachok bere taldeei ematen ziena, kasta, garra, oso gutxitan ikusi dugu talde gorritxoan aurten. Deportivok gutxirekin irabazi zion Osasunari. Iruñeako taldeari gol bat sartzea partida irabaztea da. Ez du indarrik izaten buelta emateko.
Juan Rodriguezen gol batekin galdu zuen Osasunak. Deportivo – Osasuna: 1-0
3) Hau futbola da III. Eta gora-behera handiak ditu. Galdetu Sevillari bestela. Duela zenbait hilabete, Bartzelona eta Real Madrilen nagusigoari itzal egingo zion taldea zen. Gaur egun Jimenez kritikatua da eta etxean ez du partida zuzenik jokatzen. Liga amaieran beste itxura bat emango du. Afrikako Kopan jokatzen ari direnak itzultzean batez ere.
4) Hau futbola da IV. Baina ez dirudi joko berera jolasten direnik Real Madril eta Mallorca eta Bartzelona eta Tenerife. Zuriek eta blaugranek ez zuten beste munduko ezer egin eta erraz irabazi zuten. Alde handiak daude liga honetan eta handienek kalitate handia dute. Edozein unetan partida aurrera ateratzeko moduko jendea dute. Atzo Bartzelonak atera zuen hamaikakoa harrigarria izan zen.
5) Hau futbola da V. Eta urtean pare bat partida jokatu beharko lituzkete, gutxienez, eguraldi txarrarekin. Elur eta irristadak ere kirol honen zati dira, eta noizean behin baldintza txarretan partida bat jokatzen ikustea ikusgarria da. Etxetik jarraitzeko behintzat. Dena ez da tiki-taka eta elurretan ere irabazi behar da, txapelduna izan nahi bada.