Hamaikagarren jardunaldiko apunteak

1) Itxura ona. Aurreko apunteetan, talde zurigorriak itxura eskasa zuela genioen. Larunbat gauean bere mugak ezagutzen dituen talde ordenatu baten itxura eman zuen. Zelaierdian hiru jokalari jarri zituen Caparrosek Bartzelonaren joko iturria gelditzeko, eta lehen zatiko lehen hamabost minututan, abiadan atera arren, gustura aritu ziren blaugranak.

Bigarren zatian ostera, partidari neurria hartu zion Athleticek eta Toquerok (zenbagarrena du aurten?) berdinketa eman zion Athletici. Talde sendotasuna irabazi duela dirudi, eta bide honetatik helduko dira emaitzak.

2) Sendotasuna: Etxean eta atzealdean sendotasunik erakutsi ezean talde arrunta da Osasuna. Atzo 20. minuturako bi gol jasoak zituen, eta horrela zail du partiduari buelta ematen. Bere ligako partidetan egin behar du gogor. Hurrengo aurkariak Zaragoza, Malaga eta Mallorca ditu. Hauen kontra Valentziaren aurka baino sendoago aritu beharko du.

3) Lesioak eta partida garrantzitsuak. Azaroaren amaieran jokatuko ditu Bartzelonak lehen finalak. Bihar Milango Inter eta igandean Real Madril hartuko ditu, biak ala biak partida garrantzitsuak, Txapeldunen Ligan aurrera egin eta Espainiako Ligan Madrilgoen bidea galdu nahi ez badu.

Kezkatuta behar du ordea Guardiolak. Lesioek taldea asko ahuldu dute eta daudenek ez dute aspaldiko jokorik egiten.

4) Neguko merkatua. Bartzelonak talde laburra du, eta harrobitik jokalariak igo dituen arren, neguko merkatuari begira dagoela diote zurrumurruek. Izenak ere atera dira atera direnez. Bartzelonako hedabideetan Mascherano eta Robinhoren izenak aipatu dira bereziki.

Beharraren eta egokitasunaren artean zalantzan izango dira han: taldeak jokalariak behar ditu lesionatuta daudenak ordezkatzeko, baina neguko merkatuko fitxaketek gutxitan eman duten esperotako neurria.

5) Pellegrini. Futbola futbola dela esaten da. Eta beste mila esaldi txoro ere baditu futbolaren logika zoroak. Entrenatzaileak emaitza txarrengatik kanporatzen dituzte ia beti, eta halakotan, futbolean emaitzek agintzen dutela esaten da. Pellegrinik ordea, azken 17 urtetako hasera onena egin du Real Madrilekin eta hala eta guztiz ere etengabe kolokan jartzen dute.

Bartzelonan galduz gero kaleratuko dutela esaten duenik ere bada. Futbola emaitzak besterik ez diren seinale izan daiteke.

Athletic-Bartzelona

Irudia | Athletic-Bartzelona | Ezezaguna | LGPL