Haize berriak, betiko lurralderantz?
Espainiar estatuan ba omen dabiltza haize berriak, politikan lurrikara eragiten ari direnak, eta badira hainbat horrekin liluratuta eta ilusioz beteta dabiltzanak, 78ko trantsizioan ongi baino hobeto loturik utzitako erregimena behingoz kolokan jarriko delakoan.
Eta, jakina, haize berri horiek Hego Euskal Herrira ere iritsi dira: ez du ematen gutxi izango direnik oihalak ufada horri heltzeko zabalduko dituzten euskal herritarrak. Are gehiago, badirudi badela haize berrien lurrinak liluratutakorik Euskal Herri burujabe bat defendatzen dutenen artean ere.
Noski, hein batean ez da harritzekoa: hainbeste denboran zehar noraezean ibili ondoren, zurrunbiloak harrapatuta, ez da zaila itsasontzia usain atsegina darion aire goxo batek eramaten uztea. Baina, ez dakit, zalantzatan nago ez ote garen errazegi liluratzen, lurrin haren berritasunak nora daraman erreparatu gabe.
Izan ere, espainiar zein euskal abertzaletasun txokozaleen kiratsaren aurrean, hiritarren parte hartzearen eta erabakitzeko eskubidearen usain eztia omen dakarte ufada horiek, ez omen darie kirats nazionalistarik; baina, orduan, zergatik ezartzen dute norabide jakin bat, halabeharrez, espainiar identitate nazionala lehenesten eta babesten duen lurralderantz? Akaso hori ez ote da, ustezko neutraltasun identitarioarekin kontraesanean, alde jakin batera lerratzea? Ez ote lituzke haize korronte horrek maila berean balekotzat hartu behar, bai independentziaren lurraldea, bai espainiar estatuarena, bakar bateranzko norabidea zehaztu gabe?
Norbaitek esan lezake lur horiek ez direla gehiago lehengoak izango, ufada berriek ekaitz indartsu bat eramango dutela betiko lurralde zaharrera –Errege Katolikoen oinordeko den lurrera- eta zeharo eraberrituko dutela, joera zaharrak higatuz eta ustel kiratsa uxatuz; baina akaso uxatuko ote du herri bat besteen gainetik jartzeko joera? Akaso euskara bilakatuko ote da Gaztelan gaztelania Euskal Herrian bezain ezinbesteko edo hutsal? Bi tokietan bestearena maila berean egongo ote da? Lurralde hartan herri guztiek izango ote dute burujabe izateko gaitasuna? Edo herri batek bereganatuko du lurralde osorako besteei aitortuko ez zaien unibertsaltasuna?
Ukaezina da haize berrien indarra, eta beraiekin dakarten enbatak lurraldea eraldatzeko duen ahalmen eta nahia, baina ez zait iruditzen euskaldunon herria menpeko izateari uzteko adinakoa izango denik, menpekotasun berri bat eraikitzekoa gehienez ere. Gainera, gure herriaren auziari dagokionez, eta asmo onak dudan jarri gabe, batzuetan irudipena dut ustezko haize berri horiek beste garai bateko lurrinen usain antzekoa dakartela, engainu eta frustrazioarena, hain zuzen ere.
Horregatik, beldur naiz euskaldun asmo oneko batzuek, lilurak jota, independentziarantz zuzenduta dagoen lema askatzeko tentazioa izango ote duten, eta, korronteak eramana bezala, haize bolada berriei utziko ote dieten gure itsasontzia betiko lurralde zahar berriturantz eramaten, burujabetzaren bidetik desbideratuz.
PD: metafora ulertu ez duenak barka beza, errua ez da berea.
Azkenaldian inplizituki edo esplizituki Podemosi buruzko artikulu gehiegi ez al dira idazten?.
Metaforekin jarraituz, hiru txerritxoen ipuinean otsoak ufadez (haizea hor ere) bota zituen txerritxoen bi etxe. Eta zerez egina dugu guk etxea?, Lastozkoa ala?.
Esango nuke eraitsia dugula etxea. Berreraiki nahian gabiltza, baina bada beti norbait, geurea ez egitearren, berean goxo egongo garela konbentzitzen saiatzen dena.
Artikulu gehiegi? Beharbada bai, baina inork egiten al dio burrunba mediatikoari muzin? Gure ezpainetan dago, nahi ala ez.
Niri iritzia da abertzaletasunaren mezuarekin aspertuta dagoen jende ugari dela euskal gizartean. Betiko leloaren betiko leloa. Beraz haizea berria dakarren edozer/edonorren mezuak ongietorriak direla. Hobeak direla ez dakit, okerragoak direla eztakit, baina ezberdinak direla bai.
35 urtez bai eskuineko alderdi abertzaleen mezuak eta ezker abertzaleen mezuak ia ez dira aldatu, Bilduren kasuan ezik. Bilduk orain 35 urte ETA babesten zuen beraien mezuetan, orain “politikoki ez zuzena” denez gaitzetsi egiten dute.—Marketing politiko elektoralista.
Podemos bezalako alderdiek egunerokotasuneko arazoen aurrean daukaten mezuek jendeari heldu egin zaio, nahiz eta askorentzat utopia hutsa izan. Utopia bai baina pertsonen arazoentzat soluzio izango diren utopiak. hau da nire ustez Podemos bezalako alderdi berrien arrakastaren oinarria.
Azkeneko paragrafoaz aparte, gainontzekoarekin bat natorrela esan beharra daukat. 35 urte lelo berarekin: urtero ezk.abertzaleak egiten dituen adierazpen, iniziatiba, planteamendu, bide-orri eta halakoak aurreko urtekoekiko erabat berdinak dira, nahiz eta berrikuntza bezala saltzen duten. Anaitasunan, BEC edo Anoetan sekulako jendetza bildu orain 20 urte esaten zutenaren berbera esateko, aurrez ikusia dagoenean horrek ez duela inolako etekinik. Gazte militanteen aktibismoa mantentzeko orain beste “borroka” politikoki zuzenagoak zabaldu dituzte, hala nola: feminismoa. Eta EAJaren aldetik, tira, betiko praxis politiko eta paktismo berbera. Horiek beste interes batzuk dituzte. Izan ere, liberalismo demo-kristaua eta abertzaletasuna dezente kontrajarriak dira
Abertzaletasuna ideal goren bat da, euskaldunon herri nortasunaren erabateko berrespena adierazten duena. Kontua da Abertzaletasuna humezurtz dagoela, bere ordezkari politikoak alprojak, berekoiak eta tontolapiko xamarrak direlako. Ez dagoelako ordezkari politikorik nahikoa doain dituena proiektu handi hori aurrera ateratzeko Euskalerri osoan. Teknikoak eta kudeatzaileak badira, baina hori ez da nahikoa. Ideologia handiek pentsalari eta buruzagi handiak izan dituzte atzean. Gurea, ordea, basamortu bat da.
Abertzaletasunaz aspertuta daudenak, ez abertzaleak dira, ta hoiek beti aspertuta, beste aldera begiratzen, zapaltzaileak sostengatzen… egongo dira.
PODEMOSeko jendearen mezuak beste batzuk hamarkadak daramazkite mezu antzekoekin ta ez zaie hainbeste bonborik eman.4Ta eguneroko arazoentzako gauz bat diote gaur ta beste bat bihar, ta hori gero ta jende gehio ikusten ari du.
35 urteetan mezuak ez direla aldatu erratea….. Aldatu ez dana INDEPENDENTZIA lortzeko gura da, baina mezuak bai.
Gaitsezteko besteak PPSOE ta enparauek egiten duten guztia, bai hemen ta bai beste estatuetan, ta ez bakarrik gaitsetzi, ze gaitseztea ta gero berdinak bozkatzea, berdin ariko diranean….