Gutun irekia Carme Chacón Espainiako Defentsa Ministroari, Loiolako kuartelei buruz
Baina esan dezagun argi; operazio hau posible izan da zuk zuzentzen duzun Ministerioaren interesei bakarrik erantzuten dielako. Izan ere, Santanderrera eramango duzu zalditegi militarra (aurreikusita bezala) eta gainera 6,2 milioi euro jasoko dituzu operazioan. Negozio biribila: aurreikusita zenuena egin duzu eta gainera diru-sarrerak lortu dituzu lurra salduta. Jakin ezazu, ez duzula ez nire eta ez hiri honen zerbitzurako borondaterik ustezko kontzesio hori egiteko, azken finean, Defentsa Ministerioaren interes propiorako baino ez baita.
Donostiak urte asko daramatza Loiolako instalazio militarrak uzteko eskatzen
Are larriagoa da gainera kontua, hiriarentzat benetan interesekoa den gaiari buruz, Loiolako kuartelak kentzeari buruz alegia, orain arte entzun dugun bakarra borondate oneko hitzak baino ez direnean. Suposatzen dut kanpaina elektorala gainean dugun garai honetan, promesek eta intentzio onek emaitza faltak estali nahi dituztenean (ohiko kontua gure hirian), intentzio onez betetako adierazpenak entzungo ditugula berriro ere. Gogorarazi nahi dizut, hiri honek urte asko daramatzala beharrik gabe ejertzito espainiarrak okupatuta dauzkan instalazioak uzteko eskatzen. Udalbatzak askotan eskatu du hori gehiengo zabalez onartutako mozioen bitartez edo adierazpen instituzionalen bitartez.
Loiolako kuartela hipoteka bat da Donostiaren etorkizuneko proiektu garrantzitsuenarentzat
Jakin behar duzu Loiolako kuartelek gure hiriaren etorkizunerako proiektu garrantzitsuena erabat baldintzatzen duela: Urumeako ibarraren berreskurapena eta hiriaren etorkizuneko hedapena. Donostiar guztiok argi asko dakigu kuartel horiek erdi-hutsik eta alferrik dauzkazuela. Ez nuke pentsatu nahi egoera absurdo hau mantentzeak arrazoi sinbolikoekin zerikusirik duenik, baina askotan ez da erraza beste azalpenen bat aurkitzea.
Donostiar eta euskaldun bezala zera esan nahi dizut: kuartel horiek eragin duten bakarra mina, sufrimendua eta sakrifizioa izan direla. 1936 arte atzera egin eta bertan zeuden tropek egindakoak gogora ekar nitzake, baina ez da beharrezko. Nahikoa da duela soilik 10 urte abolitu zen derrigorrezko zerbitzu militarra gogoratzea. Zenbat denbora galdu zuten hainbat eta hainbat gaztek Loiolako kuartelean edo Espainia guztian dauden antzeko beste batzuetan! Ez dezagun ahaztu, euskal gaztediak soldadutzari emandako ezezko biribil eta irmoa izan zela Estatua beste bide bat hartzera behartu zuen faktore garrantzitsuetako bat.
Donostiarren interesak Defentsa Ministerioren planen gainetik egon behar du
Iritsi da Espainiako ejertzitoak Loiolako kuartelak utz ditzan exijitzeko garaia. Donostiak ez dauka instalazio horiek mantentzen jarraitzeko inolako beharrik; askoz ideia hobeak ditu leku horretarako, eta batez ere, askoz premia garrantzitsuagoak. Bada garaia donostiarren interesa Espainiako Defentsa Ministerioaren planen gainetik ezartzeko. Ezin dezakegu gehiago itxaron, harik eta egunen batean Ministerioak planak aldatu eta kuartelak utziko dituela iragarri arte. Donostiako gazteek merezi dute etorkizuneko proiektua beren hirian eraikitzeko aukera edukitzea, merezi duten lanpostu eta etxebizitzekin. Eta horretarako, gure hiriko hainbat eta hainbat gazteren ametsak betetzeko, ezinbestekoa da kuartelek Loiolan okupatuta dituzten 16 hektarea horiek hiriaren etorkizunerako berreskuratzea.
Jakin ezazu nire jarrera erabat irmoa izango dela. Atsedenik gabe lan egingo dut hiri honen aldarri ozena senti dezazuen. Zibismotik eta gizarte-kontzientziaziotik abiatuta eta Ministerioaren aurren makurtu ordez mugimendua lideratuko duen Udalarekin, ez dugu etsiko hiri honek berea dena berreskuratu arte.
Adeitasunez,
Eneko Goia, Donostiako alkategaia