Gu(re) turista maiteak

Turistak gasteizen

Harat eta honat ibili geldoan, mapa eskuan, kamera paparretik zintzilik. Gure turistak dira, turista guztiak bezalakoak, baina gureak. Kontxatik ibilian, Hendaiako hondartzatik surf taula eskuan, Iruñako iturritik jauzi eroan, Bilboko txakur loreduna musukatzen.

Gu geu ere turista izan ohi gara. Gure herrietan inoiz arreta deitzen ez digutenek liluratu egiten gaituzte atzerrian: balkoiko loreak, dendako kartelak edo elizako kanpaiak. Txora-txora ibiltzen dira turistak, ez da harritzekoa jarrera hau. Pentsa, ehunka euro xahutzen ditugu atzerrira oporretara joaten garenean, ez litzateke ederra izango gure buruan harridura izpirik ez agertzea, ezta? Zertarako bidaiatu bestela?

Mundu globalizatuaren kontuak: inoiz baino gehiago ikusten/bidaiatzen dugu, baina, agian, inoiz baino gutxiago ezagutu. Milioika aldiz ikusi dugun Pisa dorrea ikustera uholdeka joaten gara, jendearekin kontaktua, bestalde, urria da. Garai batean turista baino abenturazale izango ginen. Nora jo jakitearen beharrak esfortzua eskatzen zigun, galdetu beharra. Orain, ostera, hain da eroso turistaren bizitza!

Noski, turismo mota zehatz batez ari naiz, turista “modernoaz”. Turismo testimonialaz, ” X hirian egon naiz”. Eredu horren barruan noski bakoitzak bere erara gozatzen du, hondartzara joanez, elizak ikusiz, museoak bisitatuz, otordu ederrak eginez…

Gurean diren turistek, zer pentsarazten dizuete? Irribarrez edo kopetilun jasotzen dituzue? Turista saiatuak zarete?

Umore pixka batekin amaitzeko, ikusi “Kale Borroka” kalearen bila dabilen turista faltsuak Donostian jasotzen dituen erantzunak.

turistak
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude