Gure nazioaren aitortzaz
Gure nazioaren aitortzaz –
Azkenaldian, sarri askotan irakurtzen dut gure nazioa aitortu beharra dutela. Manifestazioa ere egin berri da. Ez da esaten nork aitortu behar duen, esan gabe ere garbi dagoelakoan. Hego Euskal Herrian, ulertzen dugu Espainiako estatuak onartu behar duela Euskal Herria nazioa dela eta horrekin batera horren ondorioak. Horrekin lotua dago, neurri batean behintzat, erabakitze eskubidearen aitortza ere. Ematen du itxura batera dena egina daukagula, nazioa badugula egina, eta aitortza baino ez dugula falta, eta horrela ulerturik, ez diot tankera onegirik hartzen, eta azalduko dut zergatik.
Frantziako Iraultza baino lehen, eta geroxeago ere, lehen karlistaldia baino lehen hortxe nonbait, Espainiaren batasunaren alde zeudenek ere onartzen zuten euskal nazioa bazela, euskaldunok badugula hizkuntza berezi bat, horrekin batera izaera berezi bat, eta historia bat eta foruak, politika beregain samar bat, nahiz eta foruak espainiarrentzat pribilegioak ziren, eta euskaldunentzat antolaketa politiko propioa, eta nahiz eta foru sistemak menpekotasun politikoa ere bazekarkigun argi eta garbi (gaztelania ikasi beharra, besteak beste), errege aginduak ez betetzeko pase forala delakoa ere biltzen zuen arren. Hori duela berrehun urte, foruak abolitu baino lehen, baina gaur egun?
Honaino helduta, deabruaren abokatu lana neureganaturik, edota egungo PSOE-PSE-PSNren liderren buruan jarririk, honako galdera hauek datozkit burura: nazioaren aitortza diozuenean, edota zorioneko erabakitze eskubidea delakoaz ari zaretenean, zertaz ari zarete?, EAEren independentziarako bidea izango litzatekeen autodeterminazio eskubideaz ari zarete bakarrik, edota Nafarroako Foru Erkidegoaz ere bai? 1990ean Eusko Legebiltzarrak egin zuen deklarazioaren antzeko gauza batetaz ari bazarete, ados, baina bestela ezta pentsatu ere, ilegala izango bailitzateke egungo marko juridiko espainolean.
1990eko otsailaren 15ean, Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, osoko bilkuran, EAEren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzen zuen ebazpena onartu zen, aldeko 38 botorekin (EAJ-PNV, EA eta EE), kontrako 23rekin (PSE, CDS eta PP) eta boto zuri batekin. Herri Batasunak ez zuen bozketan parte hartu. Zergatik ez zuen parte hartu HBk? Txillardegi orduan HBko mahai nazionalekoa zen; Enbata kazetan frantsesez idatzia euskaraturik –ordurako bezala egungo egunerako ere balio baitu–: “Lege marko honetan, Euskal Herriak ezingo du inoiz bere etorkizun propioa erabaki. Autodeterminazioak egungo legalitatea errefusatzea galdegiten du […] Estatutuaren bidea garajerako bidea da, irteerarik gabeko bidea, eta PNV-EE-EAk kontrakoa adierazirik, erabateko engainua da. Horrenbestez, HBk kontrako botoa baino ezin dio eman testu honi” (“Inacceptable quand même” (1990-02-15)).
Datorren urtean, baliteke aitortza nazionalari buruzko eztabaidak berriz ere aktualitate politikoa bereganatzea, aurretiagokorik ez badago, baina gauzak dauden bezala jarraitzekotan, itxuraz eraberritzea izan behar lukeena baliteke zaharberritze hutsa gertatzea, non eta ez duen autodeterminazio eskubidea argi eta garbi aitortzen, independentziarako bidea barne duela.
Nazio linguistiko-kultural zaharra izan bagara, hots, hizkuntza eder eta balioaniztunaren jabe bagara, baina zapaldua eta gutxietsia eta seme-alabek baztertua (Xalbador) eta gutxi landua izan delako asko lantzeko daukaguna eta Euskal Herrian unibertsalizatzetik oso ere urrun duguna; badugu halaber, galtzaile historia luze bat (1200etik hona. Nafarroa Garaiko karlistek irabazi zuten frankistekin bat eginda 1936an, baina Francok berehala diluitu zuen eta karlismoa egun desagertua da); eta, hizkuntzarekin batera, hein batean, garraiatu dugun pentsaera eta jokaera berezi bat, baina Frantziako Iraultzatik aurrera, nazio bat izatea estatu bat izatea da funtsean, Europako Mendebalde honetan, eta hortik, momentuan, onenean, nahia baino ez dugu, oraindik Gandiagaren txakolinaren metafora egoki datorkigu, izan nahia baina izan ezina, eta Katalunian alderdi independentistek bezala, EAJk eta EHBilduk bat egiten ez badute independentziarako bidean, hau da, gure nazio aitortza 1990ekoa bezalakoa gertatzen bada, demokrazia espainola sendotzeko baino ez du balioko, 1990ekoak balio izan duen bezala.
Egungo marko politikoak, gehienbat, demokrazia espainolean sinesten duten autonomistak sortzen ditu –ez dakit honi buruzko inkestak zenbateraino diren fidagarri, baina hala diote, ezta?–, besteak beste, ez delako egitasmo independentista sinesgarririk ikusten, eta agenda politikoa erabat PSOEk ezartzen duelako EAEn eta NFEn, autonomismo sozialdemokrataren ildoan.
Borroka armatua hamarkada bat eta erdi desagertu zelarik, 1990eko ebazpenaren ahizpa izango litzatekeen ebazpenik ez dugu behar; behar duguna independentziarako bide orri sinesgarri garbi bat da, gure artean ilusioa piztuko duena, eta kalera ateratzeko pizgarri izango dena, zeren aipaturiko bi alderdi nagusi horiek behar-beharrezkoak izanagatik, gizarte zibilaren bultzadarik gabe, alfer-alferrikakoak izango baitira bulegoetako eztabaidak.
Ikaragarri zaila ikusten dut egungo mundu globalizatu, algoritmiko eta teknologiko homogenezatzaile honetan, baina ondo ulertzen ez ditugun abstrakzio alferrikakoekin ez dezagun behintzat geure burua engaina, eta ez gaitzatela engaina politikari profesionalek ere. Kasu pixka bat egin diezaiegun gure aurreko abertzale independentistei, eguneratu beharra aitorturik ere. Aurretik izandako esperientziak ez al du, bada, erakusten etorkizunean nola jokatu?