Itsasoaren defentsan. Hegalaburraren arrantzari buruzko prentsa oharra
Gipuzkoako Kofradien Federazioak zimarroia arrantzatzeko bere kuotaren %70 Murtziako multinazional bati saldu diola salatu nahi du Eguzki talde ekologistak.
Arrain hau arrantzatzen duen baxurako flota 41 txalupaz osatua dago, eta urtero 450.000 kiloko kuota dauka, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Institutuak (AAKI) emandakoa.
Kuota hau salduta, Mediterraneoko txalupek arrantzatu ahalko dute kopuru hori, eta horrek lehendik ere oso kaltetua dagoen Mediterraneoko arrantza gehiago okertuko du. Zimarroia amuarekin banan bana arrantzatzetik, modu industrialean atrapatzera pasatuko gara, espezie hau galzorian ipini duen sistemara, hain zuzen ere.
Gipuzkoako Kofradien Elkarteak epe motzeko interes ekonomikoak eduki ditu kontutan bakar-bakarrik. Ez du baloratu erabaki horrek zein ondorio edukiko dituen euskal merkatuan ezta Mediterraneoko arrantzan ere.
Adibidez, zer gertatuko da AAKIk trapitxeo hau kontuan eduki eta hurrengo arrantza denboraldietan kuota hori murrizten badu?
Eguzkik uste du arazoaren erroetara joan behar dugula: gasoilaren prezio handiei irtenbidea bilatu, lonjetan ordaintzen diren prezio txikiei irtenbidea topatu, kontrolik gabeko arrantza mugatu, artisau erako arrantza arduratsu eta jasangarria bultzatu…
Eta administrazioak esku hartu behar du lan horretan, partxeak ipintzen ibili barik. Ez du laga behar guztiona den ondasuna pribatizatu eta sal dadin. Horrek kalte handia egiten baitio gure elikadura subiranotasunari.