Gure haurrak ere badira. Eskakizun zehatzak Gasteizko Legebiltzarrean
Gure haurrak ere badira –
Familien eta gurasoen elkarte zein ikastoletako komunitateak garen aldetik, Palestinako haurrak eta nerabeak pairatzen ari diren sarraskiak gure barrenak inarrosi ditu. Telebistan zuzenean ikusten ari garen Israel Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa suminduta gaitu.
20.000 haur baino gehiago hil dituzte, eta herritar guztiek etengabe eta berehala hiltzeko arriskuan jarraitzen dute. Joan den urritik 50.000 pertsona baino gehiago hil dituzte lurralde palestinar okupatuetan, eta 1,9 milioi pertsonek euren etxeak utzi behar izan dituzte.
Dagoeneko ez da eskola-bizitza Gazan eta ondorioz, haurrek ezin dute oinarrizko hezkuntza jasotzen. Egoera hau egunerokotasuna bilakatua da Gazan. Gerra haurren aurkakoa izateak berak argi erakusten du asmo genozida planifikatua praktikan jartzen ari direla.
Haurren hilketa sistematikoaren aurrean, ezin dugu beste alde batera begiratu. Gaur hemen, hezkuntza Komunitatea osatzen dugun Euskal Herri osotik 200 guraso elkarteen izenean, milaka guraso eta hezkuntza komunitateko kideak ordezkatzen duten EHIGE eta Ikastolen Elkartearen babesarekin, eta ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuak lagunduta, ekainaren 16ean Bilboko Elkarbizitza plazan egin genuen adierazpen irmoan berreztu nahi gara:
Euskal Herriari, munduari eta oso bereziki Palestinako herriari zera esaten diogu; egunero Gazan edota Zisjordanian, Palestinan, erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabak ere badirela. Palestinako jendea; zuen alaba-semeak gureak ere badira. Zuek, Palestinako gurasoak, gure neba-arrebak zaretela sentitzen dugu eta zuen mina gure bihotz barrenetan sentitzen dugu.
Adierazpen honek konpromisoz eta arduraz betetzen gaitu, eta horregatik gaude gaur hemen. Gasteizko parlamentu honetara etorri gara EAK biztanleriaren ordezkariak direnei bere eskutan dagoen guztia egin dezatela genozidio honen kontra egiteko. Bide horretan, eskakizun zehatzak aurkeztu dizkiegu:
1. Genozidioa amaitzea eta berehalako su-etena bermatzea: Eskatzen dugu Legebiltzar honek jarrera argia eta premiazkoa izan dezala herri palestinarraren aurkako indarraren erabilera indiskriminatua eta jasaten dituzten giza eskubideen urraketa sistematikoak geldiarazteko.
2. Okupazioaren amaiera eta NBEren 242 ebazpena betetzea: Nazio Batuen 242 ebazpena aplikatzea eskatzen dugu, Israelgo indarrak lurralde okupatuetatik erabat erretiratzea eskatzen duena. Okupazioak oinarrizko eskubideen urraketa eta milioika palestinarren sufrimendua betikotzen ditu.
3. Errefuxiatu palestinarrek beren etxeetara itzultzeko duten eskubidea onartzea: Parlamentu honen laguntza eskatzen dugu errefuxiatu palestinarrek beren lurretara itzultzeko duten eskubidea bermatzeko, NBEren 194. ebazpenak ezartzen duen bezala.
4. Hezkuntza harremanak etetea: Eskatzen dugu Euskal erakundeek hezkuntza harremanak eten ditzatela Israelgo erakundeekin, okupazioak eta giza eskubideen urraketa sistematikoak jarraitzen duen bitartean.
5. Adingabeen eskubideak babestea: Nazioarteko zuzenbidea urratuz tratu ankerrei aurre egiten dieten haur palestinarrak atxilotzeari berehala uzteko eska dezala Legebiltzarrak, eta preso daudenak aske ditzatela exijitzea.
6. Hezkuntza azpiegiturak berreraikitzeko diru-partida: aurrekontuetako larrialdiko diru kopuru bat eta beharrezkoak diren baliabideak zehatz ditzala Gazako zein Zisjordaniako akademia- eta eskola-azpiegiturak berreraikitzeko, baita haurren egoera emozional eta fisikoan laguntzeko.
7. Korridore humanitario iraunkorrak irekitzea: Gazako eta Zisjordaniako familien biziraupenerako elikagaiak, edateko ura, botikak eta oinarrizko ekipoak sartzea ahalbidetuko duten kanal seguru eta konstanteak ezartzeko eskaera egin dezazuen eskatzen dugu.
8. Palestinar herriak bere autodeterminaziorako duen eskubidea aitortzea: Parlamentuari laguntza esplizitua eskatzen diogu Palestina estatu subirano gisa onartzeko, etorkizuneko belaunaldiak askatasunean, bakean eta justizian hazi ahal izango direla ziurtatuz.
Bihar,
gure seme-alabek galdetuko digute
zer egin genuen Palestinako herriaren aurkako genozidioa gertatu zenean.
Bada,
jakin dezatela
Palestinako herriaren alboan egon ginela
eta sionismoari aurre egin geniola.
Barkatu baina ez dira nire haurrak. Gazan gertatzen dena oso tristea da, baina ez dira nire haurrak. Era berean, Sudanen gertatzen ari dena oso tristea da ere bai, baino hangoak ez ditugu “gure haurtzat” hartzen.
Eta barkatu atrebentzia baina, Hamasek oraindik bahituta dituen umeak zuen haurrak al dira?
“Gure haurrak”. Euskal gizartea gero eta zuriagoa.