Gure Gasteiz desagertzen ari da
Gure Gasteiz desagertzen ari da –
Hala Bedik argitaratu duen artikulu interesgarri bat heldu da nire WhatsAppera. Ahoztar Zelaietak egin duen ikerketari buruz hitz egiten ari naiz. Ez baduzue irakurri, mesedez, joan zaitezte webgunera eta irakurri, galdu ezinezkoa da eta.
Artikulu honetan, Gasteizen egun hauetan hain famatu den erdiguneko lokalen erosketari buruz hitz egiten dute. Beno, egia esanda, ez horri buruz, operazio erraldoi horren atzean dagoen pertsonari buruz, baizik: Juan Mari Uriarte enpresarioa. Gasteizko ofizialtasunarentzat, enpresario modeliko bat, gasteiztar petoa, eredu bat gure agintarientzat.
Baina artikulu honek Juan Mari Uriarteren beste aurpegi bat erakusten du. Gasteiztar eta arabar harroa, zergatik ez izan? Baina enpresari modelikoa? Ahoztar Zelaietak artikulu honetan esaten duena beste istorio bat da: espekulazioa, gatazka judizialak, arazo administratibo eta laboralak, arau-hausteak, lizentzia gabeko obrak, zorrak…
Enpresario modeliko honek erosi omen ditu Gasteizko Erdiguneko lokal asko eta asko. Momentu honetan Dato eta Forus kaleak desertizatzeko prozesuan daudela dirudi, Zaramaga, El Pilar eta beste auzo batzuk bezala.
Zergatik hau? Gure betiko dendak eta tabernak desagertzen ari dira. Gure historia, txikitatik ikusi ditugun dendak eta ezagunak ziren dendariak… hori dena, pikutara. Kaleak tristeagoak dira, auzoek bizitzarik ez daukate, ez ditugu dendariak, tabernariak edo auzokoak ezagutzen. Denda handira joaten gara astean behin erosketa erraldoia egiteko, eta egunon ere ez dugu esaten agian: “deshumanizatzen” ditugu gure hiriak, gure bizitza.
Teorian ondo zegoena, Erdigunea, hil egiten dugu: betiko dendak itxi dituzte ez dakigu zer demontre egiteko. Amerikar ereduko zentro komertzial bat? Gure ohiturak eta gure nortasuna amerikanizatuko dugu? Lagunekin irten beharrean, zentro komertzialera joango gara? Gure solasaldiak han izango dira? Zara batean? Benetan hau da nahi dugun hiria? Hauek dira gure seme-alabentzat nahi ditugun solasaldiak? Kontsumoa bakarrik?
Gasteiztik kanpo hamar bat urte daramat eta bueltatzen naizen bakoitzean erdiguneko gainberakada hori geroz eta nabarigoa egiten zait. Cuerda alkatearen ondoren etorri diren alkateak, Alonsotik hasita, dira honen erantzule. Merkatal zentru erraldoiak, mega-auzo berriak, Vital Kutxa eta Udaleko bulegoak erdigunetik kanpo ateratzeak,… Guzti honek Gasteiz kakaztu du. Guztiz.